« Iraun duten horiei | Margotuz bezala »
Hondarrak / Ruben Sanchez Bakaikoa / Txalaparta, 2019
Gatazken bide arantzatsuak Iratxe Esparza / Gara, 2019-11-02
Ruben Sanchez Bakaikoak ezin zezakeen izenburu hoberik aukeratu, iraganak eta orainak topo egiten duten eleberrian hondarren materialtasunetik memoriaren hondarretara pasatzen delako. Uxue Nafarroako herria bi garaiko elkargunea da, eta Xabier Sanz Xurio Tupa nobelaren pertsonaia nagusia. Alabaina, beste bi protagonistak ere egituratzen dute eleberria, Xabiren amamari eta amari atal bana dagokielako: “Pilar” eta “Julia”. Guztira, hiru lekukotzek bi istorio uztartzen dituzte, batetik, Pilar eta Juliarenen bitartez, Gerra Zibilaren hasiera eta bukaerako Uxueko Casa Isako familiaren pasadizoak aditzera ematen dira eta, bestetik, Xabirekin, ETAko militantearen espetxealdiko gorabeherak ezagutu ditugu.
Izan ere, espetxean dagoela hasten da Xabi familiaren hondarrak biltzen eta idazten; horrela, badakigu Casa Isakoak, tradizioz, karlismoaren alde zeudela eta Pilar falangista egin zela. Lehenengo ataleko memoria-ariketan, Pilar erdigunean dago, baita haren senide eta ingurukoak ere; gainera, testuan tartekatuta Xabierren kartzelatzearen gertaerak kontatzen dira. Bestalde, aditz formek eta, gehienetan, narratzailearen ahotsaren tonuaren aldaketek denboraren haustura ezartzen dute; horren harira, bereziak dira historiaren jazoeren aipamenak, non narratzailea familiaren istoriotik urruntzen den eta, ondorioz, berreraikiak erreportaje itxura hartzen duen. Beraz, atal berean, fokua, ia irakurlea jabetu gabe, erabat mugitzen doa liburuko iragan eta orainaren arteko arrakalak bikain islatuz.
Azpimarratuko nuke Sanchez Bakaikoak darabiltzan baliabide narratiboei esker protagonistarekiko gertutasuna indartzen dela. Kasurako, kartzelako pasarteetako elkarrizketek aparteko garrantzia dute, Xabik bisitekin, espetxekideekin edota noizbehinka bere barnean entzuten duen ahotsarekin edukitakoek testuari azkartasuna gehitzen baitiote espetxeko geldotasunarekin kontrastatuz, alegia, garrantzitsuak dira protagonistaren ahotsa zuzenean entzuten dugulako.
Halaber, idazleak gutunak edo eskari administratiboak ere baliatzen ditu Xabiren pentsamenduak, eraldatzea —nahiz eta beti Erakundearekiko fideltasuna erakutsi— eta ziegako estutasuna lehenengo pertsonan adierazteko.
Aldiz, “Julia” bigarren atalean, amak txikitako egunerokoa fotokopiatu eta kartzelara daramakio semeari. Bertan, Juliak berak Uxueko 1960ko pasadizoak idatzi ditu. Eleberriko azkenengo zatian, “Xabi”, istorioa borobiltzen da eta protagonistak Casa Isako hondakinak ikusi eta ukitzen dituenean, memoriaren hondarrak berpizteaz gain, paperean mugimenduan jartzen dira.
Xabi gaztea, 90eko hamarkadan, ETA talde armatuan sartu da, atxilotu eta torturatu ondoren espetxeratu egin dute. 27 urte giltzapean igaro ditu Estatuko kartzela batetik bestera ibiltze amaiezinean. Bi espazio, etxea eta kartzela; kanpoko eta barruko dikotomian zentzumenek Xabier idaztera bultzatzen dute eta familiaren istorioaren berreraikian berea ere berraztertzen du.
Ahanzturaren harresiak suntsituz, hondakinak eleberrian zehar barreiatzen dira, narratzaileak etxean, hizkuntzan, belaunaldietan eta borroka armatuan txertatzen dituelako. Argi sumatzen da hondarren literaturaren sortze prozesuak bizirik mantentzen duela protagonista, aukera bakarra baita kanpoko errealitatearekin harremanetan izateko. Sanchez Bakaikoak euskal literaturan hainbatetan jorratutako gaiari ederki josita dagoen beste ekarpen bat eskaini dio. Laburbilduz, gatazkek ekarritako heriotza, zatiketa, sufrimendua eta biktimen ahotsa —nahiz eta oraindik ere alde batekoak ozenagoa entzun— hitzen erritmoan fintasunez zizelkatzen dira.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez