« Zigarroaren kea | Nojud naiz, 10 urte eta dibortziatua »
Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua / Edorta Jimenez / Txalaparta, 2018
Zuriaren ostekoa Peru Iparragirre / Berria, 2019-03-10
Otutzen zaidan lehena, zera da: geruza anitzeko liburua dela Edorta Jimenezen Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua poliedrikoa. Sampedro eta Jauregi lankideek iruzkindu dituzten aurreko liburuen gisara, nobela beltza da hau ere. Eta literatura sailkatzeak irakurketa bera mugatzea ekar badezake ere, batzuetan idazketa bera ere muga badezake ere, iruditu zait mugak aise gainditzen dituela liburu honek, ausartzen dela mugak gainditzen, edo, behintzat, ez diola bere buruari mugarik jartzen, nobela-belztasun izate horren aitzakian.
Zeri kontrajartzen zaion nobelaren belztasuna kasu honetan? Erakundeek mezu ofizialetan zabaltzen duten zuritasunari, beharbada, eleberriari buruz prentsari emandako azalpenetan Jimenezek berak hala adierazi du, bederen. Bizkaia zuri horren itxurapean ezkutatzen dena da azalera dakarrena eleberriak. Azaleratze hori helburu izanik, salaketa-nobela gisa har liteke, eta bada, hein batean. Argi dago, dena dela, Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua ez dela panfleto bat, eleberri sendoa baizik. Sendoa eta geruza askotarikoz jantzia. Azaleko zuritasunaren belztasuna agerian uzten dute apurka geruzok, baina, batez ere, belztasunaren baitako zokoetan arakatzea ahalbidetzen dute. Indarkeria estrukturala eta indarkeria instituzionala batzen direnekoaz ari da: ustelkeriaz, torturaz… Baina tartekoaz ere ari da: estruktural eta instituzional den horrek zeharkatzen eta hori haragiztatzen duten pertsonei eta haien arteko harremanei buruz. Nobelako pertsonaiak zuritik beltzerako eskalan kokatzea zaila suerta daiteke, nahiz eta batzuk, bat, bederen, besteak baino zalantzagarriago izan, zalantzarik ez: misoginoago, lesbofoboago, nazkagarriago.
Tartekatzen diren bi narrazio nagusik osatzen dute nobela: lehen pertsonan idatzitako testigantza estiloko kontakizunak eta kontakizun horrekiko paralelo garatzen den hirugarren pertsonan kontatutako istorioak. Bilbearen jarioa ezin eramangarriagoa da, bi kontakizunek kontrapisua egiten baitiote elkarri, lehenaldian lehen pertsonakoak, orainaldian hirugarren pertsonakoak. Istorioari linealki jarraitzen diote biek eta linealtasun bikoitz horretan egiten du aurrera eleberriak. Linealtasun tranpatia da, haatik, aurrera egin ahala irakurlea ohartuko denez. Funtzionatzen duten tranpak dira, ordea, eleberrikoak. Eta horretan datza, agian, literatura ona. Ni neu, behintzat, bete-betean harrapatu nau nobelak. Gozagarria egin zait irakurketa, umoretsua eta latza baita, konbinazio aproposean.
Atentzioa eman didaten beste kontu pare bat ere ekarri nahi ditut. Deigarria da nola pertsonaia nagusietako batzuk “zera ohiak” diren, beste bat “zerakoen kolaboratzaile” izateaz akusatu, torturatu eta kondenatua, eta abar. Ez dira gutxi izen-jokoak, hitz-jokoak beste, kontakizunari dimentsio gehigarri bat ematen diotenak. Izendatzeko erek eta ez-izendatzekoek berebiziko garrantzia dute liburu honetan, aipatzen ez edota gaizki aipatzen direnez ari baita Jimenez. Hizkuntzaren erabilera da bigarren kontua, labur: euskararen barne —eta kanpo— tentsioek presentzia handia dute kontakizunean, eta baita kontakizuna emateko moduan ere: hizkerak, euskalkiak, diglosia ere ez dira falta zuritasunaren ostean ezkutuan dagoenari buruzko eleberri beltz eta poliedriko honetan.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi