« Moroak gara behelaino artean? | Iragana bizkarrean »
Poesia kaiera / Al Berto (Joxemari Sestorain) / Susa, 2018
Poesiaren babeslekua Javier Rojo / El Correo, 2018-10-13
Aitortu behar da Munduko Poesia Kaierak izeneko bilduman batzuetan benetan liburu interesgarriak agertzen direla, askotan euskal irakurlearen esku gazteleraz ere nekez aurkitzen diren poeta batzuen idazlanak jartzen baitira. Honetan Al Berto izenarekin sinatzen zuen poeta portugaldarraren antologia topa dezakegu. Alberto Raposo Pidwell Tavares (1948-1997), Al Berto idazle-izenez, Coimbran jaiotako poeta portugaldarra dugu. Bere benetako izenean ikus daitekeenez jatorri ingeleseko arbasoren bat izan zuen, eta familia akomodatu batean jaioa zen. Honek aukera eman zion hezkuntza elitista eta kosmopolita izateko. Belgikan arte ikasketak burutu ondoren, poesian aritzea erabaki zuen eta horretaz aritu zen hil arte.
Bere poesia irakurtzerakoan, itxuraz planteamendu poetiko kontraesankorra dirudiena suma daiteke. Alde batetik, errealismo osoko gertakariak kontatzen dira bere poemetan, narratiban errealismo zikina deitu izan zen horretatik hurbil egon daitezkeenak. Marjinazioz eta zikinkeriaz osatutako mundua agertzen zaigu bertan, labirintuaren edo leize-zuloaren parekoa den hiri batean kokatua. Baina errealismo bortitz honen ondoan, irrazionalismoan oinarrituta, surrealistak diruditen irudien elkarketak topatzen ditugu. Edonola, mundua erasokorra da, eta behin eta berriro ihesbide batez hausnartzen da erasoa dakarren mundu horri aurre egin ahal izateko. Eta honen haritik, leize-zuloaren itxura duen hiriaren ondoan itsasoa agertzen zaigu, askatasuna eta ihesbidea irudikatuz. Azken finean, kontrajarpen existentzial baten aurrean topatzen gara Al Bertoren poesian. Izan ere, existentzia bera izuaren iturria da, izatea eta izua sentitzea gauza bera baitira, eta alde honetatik paradigmatikoa da bere poema liburu garrantzitsuenaren izenburua, “O medo”. Baina existentziak sortzen duen beldur honen aurrean, hitzak daude: idaztea bizitzaren oinazea leunduta geratzen den pausaleku moduan agertzen zaigu, idazleak bere erraiak erakusten dituen poesia honetan.
Poetak ihesbideren bat amesten zuen existentziatik babestuta sentitzeko. Ihesbide osoa aurkitzerik izan ez bazuen ere, gutxienez idazketan topatu zuen leungarri bat.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi