kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Bakartasunaz bi hitz / Filipe Bidart / Txalaparta, 2004

Tortura xuria Aritz Galarraga / Argia, 2018-06-17

Kartzela, ez dakit inoiz utzi dion egoteari, baina hain modako dagoena, kasik urte oso eta askotarako tendentzia baten gisa. Euskarazko literaturari kasu eginez gero, hasieretatik dago, Etxepare bera Biarnoko hartara sartu zutenetik. Sarrionandiaren kasu, ez noski azken, bai segur aski paradigmatikoraino. Eta hor badago tesi edo dena delako bat, euskal literatura eta kartzela lotzen dituena. Kartzelaren makurrena, ordea, bakartasuna.

Pasa direnek diote, bakartasuna, isolamendua, nahi gabe ere, izerdi hotza balitz bezala, azalean itsatsi zaigun terminologia. Bakartasun ez bilatua, ez desiratua, fabrikatik bakarzale garenok hainbeste maite duguna. Baizik eta derrigorra, autoritatearen baitakoa. Filipe Bidartek ezagutu zuen, IK talde armatuko kideak, Frantziako kartzeletan.

Eta liburutxo batean eman zuen berri, laburtu zituen bakartasunean pasa behar izan zituen bi urtetik gorakoak (“non legez ez den hiru hilabete baino gehiagorentzat atxikitzen ahal”). Bi urte bakartasunean, irakurrita, ez du asko ematen, akaso, hogeita lau orenetatik hogeita hiru zeldan, goiz eta arratsaldez promenada bana —ordu erdiko—, giza tratu bakar funtzionarioen salutazio ez bereziki espansiboak. Tortura xuria, alegia, bestelakoen aldean oharkabea baita. Hitzek ez dute transmititzen, ezin, barruan bakarrik dagoenak zer sentitzen duen. Baina, sinistu, liburua irakurri ahala zuk ere senti dezakezu, atea ixtean, klanka, barruan bakarrik geratzen zarela, ezin aterako zarenaren itolarria, lehen ordu-egunen noraeza. Gero pixkanaka egingo zara, harrabotsetara, denboraren izari berrira, antsiak erabat sekula abandonatuko ez zaituen arren. Ez dakizu zer lasaitua hartzen den, denboragarrenera, irrati ttipi bat erosten ahal duelarik!

Bakartasunaren testigantza gordina, beraz, inoiz zuloan sartuko ez gaituzten esperantza dugunok (gauzak nola dauden ikusita, auskalo) bakartasuna, ez bilatua, ez desiratua, baizik eta derrigorra, zertan den ezagutzeko balioko diguna, inoiz zuloan sartzen bagaituzte (epaileak guarda!), gidaliburu modura ere erabil genezakeena, superbibentzia kit bat bailitzan, baina, besteren gainetik, denik eta egoerarik kontrakoenean ere, erresistentziarako, duintasunerako, umorerako tartea badagoela erakusten diguna.

“Gizakia ez da bakarrik bizitzeko sortua”. Fabrikatik bakarzale garenok ere fedea aldatuta bukatuko dugu irakurketa.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak