kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Arrotza / Albert Camus (Josu Zabaleta) / Erein, 2017

Amaren heriotza Joannes Jauregi / Berria, 2018-05-06

“Gaur ama hil da. Edo atzo beharbada, ez dakit”. Hala euskaratu du Josu Zabaletak Camusen Arrotza-ren hasiera ezaguna. Egileak hasiera horretan bertan ematen dizkigu, ia oharkabean bada ere, nobela osoari zutik eusten dioten habeak: protagonista narratzailearen indiferentzia, soraiotasuna, eta are, zinismoa, oro absurdorantz taxutua.

Izan ere, amaren heriotza kontatzeko duen apatia horrek berak bustitzen du Mersault protagonistak nobela osoan duen begirada. Haren jarrera ez da sekula aldatzen, nahiz eta “gaur ama hil da” horrek gertaera kate bat abiarazten duen, zeinak izugarrikeria zurrunbilo batean murgiltzen duen protagonista ezari-ezarian. Tramaz beraz apenas esan daitekeen ezer gehiago, pertsonaia nagusiak izugarrizko urruntasunez —arroztasunez— kontatzen baitigu gertatzen zaiona, kasik beste inori gertatzen ariko balitzaio bezala. Ezerk ez dio eragiten, indiferente eta soraio beti. Alde horretatik, Mersault dugu nobelako arrotza. Halere, batzuetan hainbestekoa da aldea kontatzen zaigunaren eta kontatzeko modu hotz horren artean, non kosta egiten baitzaigu ohartzea zer ari garen irakurtzen. Alde horretatik, nobelak irakurlea bera arrozten du; irakurlea ere bada nobelako arrotza, protagonista bezainbeste, bederen. Bada, aldebiko labana horren ahotik irakurri behar dugu eleberria.

Aditu batek baino gehiagok esana da protagonista arrotz horrek ekarpen handia egin ziola literaturaren historiari, XX. mendeko abangoardia artistikoan sortu zen nitasun modernoa finkatzen lagundu zuen heinean. Mersault nitasun ziniko baten eredu da, bere ingurunetik zeharo alienatua dagoen norbanakoaren eredu. Ez da harritzekoa, eleberria agertu zen testuinguruari erreparatuz gero; izan ere, 1942. urtean kaleratu zuten, Bigarren Mundu Gerraren erdian, hain zuzen. Hala, eleberriak primeran islatzen du —zeharka bada ere— gerrak ekarritako krisi giroa, zeinak, besteak beste, existentzialismoa eta hari dagozkion gogoetak eta zalantzak (norbanakoaren askatasuna, ezereza, existitzea bera…) hauspotu zituen. Giro horri dagokio Arrotza. Camusek berak azaldu zuen nobelaren premisa: “Gure gizartean, amaren hiletan negarrik egiten ez duen orok du hiltzera kondenatua izateko arriskua”. Hortaz, lehen begiratuan existentzialismo horrek plano indibidual bati eragiten dion arren, badu gizarte osoa astintzen duen dimentsio bat, batik bat nobelaren bukaera aldera gorpuzten dena.

Nobelaren irakurketari berari dagokionez, onartu beharra dago monotonoa izan daitekeela, aurrera egin ahala ia inpresioa ematen baitu ezen guztia ahots aspertu batek narratua dagoela. Beharbada monotonia horregatik guztiagatik da are ederragoa nobelaren bukaera, non ustekabeko lirismo bat ernaltzen baita kontaera apatiko eta estilo hotz horretan, hain zuzen arrotzaren borroka klimaxera iritsi ahala. Zaila da erabakitzea ea bukaeran errotiko estilo aldaketa bat dagoen, ala, aldiz, nobelak estilo beraren baitan aurkitzen duen lirismo hori. Nolanahi ere, amaiera benetan ederra da, eta, nire ustez, erabat konpentsatzen du hasieran eman dezakeen asperdura sentsazio oro.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak