kritiken hemeroteka

8.825 kritika

« | »

6012 / Karlos Linazasoro / Erein, 2018

“Thriller” politiko bat egitera ausartu da Linazasoro Aitor Francos / Bilbao, 2018-05

Eleberri laburrera bueltan dator Karlos Linazasoro (Tolosa, 1962) T izeneko herrialde batean (agian edonork ezagutu dezakeen herrialdea, baina ziur berea, Tolosa) kokatutako thriller politikoarekin. Berak nouvelle bezala aurkeztutako 6012 narrazio arin honetan larrialdi baten historioa kontatzen da. 1978ko martxoaren 28an T-tik doan trenbidetik merkantzia tren bat errailetatik irten eta bertan behera geratzen da, garraiatzen duen azido zianhidrikoak (55 tona) edozein unetan eztanda egin dezakeela, hondamenezko lehergailua daukate gainean. Zisterna horrek (ezbeharraren ondorioz kaltetuta zegoena) zekarrena azido zianhidrikoa zen, kolore gabeko likidoa, oso toxikoa, dosi txikienean ere pozoitsua eta sugarria. Intriga une horren gestiora bideratzen du Linazasorok, albistetik narraziora doa, eta datek garrantzi handia hartuko dute, ezbairik gabe, garaia eta egoera politikoa ere leherkorra baitzen. Tankea ongi dagoela dirudi, baina ezin liteke bertatik mugitu. Ezta milimetro bat ere. Ontzi aldaketa bat egin behar da, azidoa beste tanke batera pasa. Herrialde baten eta bere buru politikoen noraeza eta kaosa deskribatzeko argumentu ezinhobea. Tolosaldean nolabaiteko psikosia eman zen ezustearekin batera, beldurra azalean zutela bertako biztanleek, baita arreta eta jakinmina. Zera idazten du Linazasorok: “Badakizu nola lasaituko litzatekeen herria? Deitu kazetari, irrati, telebistari, jar zaitez zisternaren ondoan, eta esaiozu herriari lasai egoteko, dena kontrolpean dagoela, ez dagoela arriskurik. Balia zaitez zure erretorika zoragarriaz, ipini aurpegi sinisgarri bat, behar bada zisterna ere ukitu… Horrela bai lasaituko litzateke jendea, zalantzarik ez. Zu han aurrean ikusita”. Ehun orrialdeetara iristen ez den eleberri honetan egitan eman zen gertakizun historiko batetik abiatuta garaiko metafora batera iristen da Linazasoro. Liburu bitxia da benetan 6012 hau egile honen bibliografian, idazle honek distopia eta fabulaziorako joera baitauka gehienetan bere idazkietan, gutxitan errealismoarena. Gehiago izan baitira bere literaturan berak sortutako egoera eta mundu imaginarioak. Baina istripua bizi izan zuen lehen pertsonan, 15 urte zeuzkanean, bere aita udaletxeko gestoraren presidentea zelarik, frankismoaren ondorengo urteetan. Eta zor batean balego bezala, bere ikuspegi subjetibotik gertatutakoa kontatzeari ekin dio, seguraski nerabezaroan bizi izandakoak aztarna eraginkorra utzi ziolako. Liburu azkarra, oso bizia daukagu, batik bat elkarrizketa luze baten bitartez kontatzen den istorioa. Gidoi moduko liburua dakarkigu Linazasorok, gehiegi hari nagusitik urrundu barik intriga bukaeraraino mantentzen duena. Xehetasun teknikoak benetakoak dira (trenaren zenbakia esaterako) eta beste batzuk berak nahita jarritakoak. Ez zen bere nahia kazetari lana egitea, baizik eta istripu hura oinarri hartuta fikzioa egitea. Beraz, intriga guztia arazo politiko bezala azaltzen zaigu, arazoari aurrera nola egiten dion T-ko presidenteak bere alboan dauden guztiekin batera. Erabaki asko hartu behar izaneko egun larriak izan ziren haiek, egilearen aitak bizi izandakoak. Norbaitek kontatu behar zuelakoan, era zinematografikoenean idatzi du Linazasorok 6012 nouvelle erakargarri eta atsegin hau.

Azken kritikak

Nola esaten zaio agur ama bati
Uxue Razkin

Peru Iparragirre

Mari-alderrai
Colette

Aritz Galarraga

Hegal egiten
Eneko Bidegain

Mikel Asurmendi

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak