kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Azala erre / Danele Sarriugarte / Elkar, 2018

Hausturen azalean Joannes Jauregi / Berria, 2018-03-25

Dikotomia interesgarria ekarri digu Danele Sarriugartek bere bigarren eleberrian: Erraiak izena zuen lehenak, eta orain, berriz, Azala erre dugu. Joko interesgarria, inondik ere, eta nobelan bertan islatua, hala edukian nola kontaeran: edukian, nobela hau ere gorputzean iltzatua baitago, larruazalean, erraietan gabe; kontaeran, aurrekoaren paragrafo luze eta zurrunbilotsuek bide eman baitiote estilo zatikatu eta ez hain zurrunbilotsu bati: kontaera azalekoagoa dela esan daiteke, nahiz eta oraindik ere badagoen gogoetak-eta modu nahiko kirurgiko eta ia obsesiboan lantzeko joeraren aztarnarik.

Baina, Erraiak-ekin konparatzeari utzirik, esan beharra dago, beste ezer baino lehen, Azala erre nobela postmodernoa dela, bertan kontatzen eta deskribatzen zaizkigun gai eta giroei dagokienez, alde batetik: arte lehiaketak, sare sozialak, itxurakeria eta estimazio beharra, gaur egungo gazteak (#kontzeptugisa)… Zurrunbilo horren erdian dago protagonista, artista gazte bat, zeinak nobelaren lehen lerroan aurkituko duen argumentuaren abiapuntua: “Estudiotik ateratzera zihoala egin zuen estropezu diruarekin”.

Bestalde, eleberriaren edukiaz gain, kontaera bera ere postmodernoa da oso: eleberri zatikatua da, eta denbora-lerroan atzera eta aurrera egiten du etengabe. Hiru zati nagusitan dago banatua, eta horietako bakoitza, berriz, azpiatal laburretan, zeinak nolabaiteko serietan baitaude sailkatuta, data eta leku eta guzti. Horri esker, narrazioak parentesiak irekiz bezala egiten du aurrera, digresioari digresioa gehituz, eta irakurlea gai da digresio horiei aise jarraitzeko. Izan ere, argumentu nagusia xumea da oso; narrazio labur bat litzateke ia, betelana egiten duten digresio horiek gabe. Eta zentzurik positiboenean diot hori; izan ere, ipuin on baten biribiltasuna izateaz gain, aipatutako betelana oso era naturalean dago txertatua, eta ederki funtzionatzen du.

Inon hutsik bada (eta zalantza osoz diot hori), egituraketa orokorrean legoke; izan ere, badirudi arestiko kontaera postmoderno samar horrek —zeina hain ongi atxikitzen zaion istorioari— hiru ekitaldiko egitura nahiko klasiko batean kabitu nahi duela, non, besteak beste, argumentuaren ebazpena aski era tradizionalean bermatzen den hirugarren atalean (eta epilogo eta guzti!). Horrek berez ez luke arazorik —kontaera apurtzaile baten eta egitura klasikoaren arteko talkaz salbu—, baldin eta zati guztiak orekatuta baleude. Alabaina, atalen arteko desorekak nabariak dira, tonuan adina edukian, hasi liburu erdia hartzen duen lehen zati digresioz betean eta buka halako tonu katartiko batekin; tartean, berriz, hamar orriko zubi-lan bat: bigarren atal osoa. Litekeena da desoreka horiek propio sortuak izatea, atentzioa ematen baitute inondik ere; baina, berriro, zalantzazkoa iruditzen zait.

Nolanahi ere, ez dut uste desoreka horiek, nabariak izanagatik ere, kalterik egiten diotenik eleberriaren irakurketari, liburu gozagarria baita, gogoeta-pizgarria eta bizi-bizia. Azken ohar gisa, plazer bat da ikustea nola, postmodernotasun guztiaren azpian, haustura formal eta desoreka guztien bestaldean, oraindik ere badirauten artearen eta artistaren zentzuari buruzko itaun eta gogoetek; aski era klasikoan iraun ere.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak