kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Zentzu antzaldatuen poemategia / Xabier Lete / Euskaltzaindia-BBK, 1992

Erromes nekatuaren salmoak Gerardo Markuleta / El Diario Vasco, 1992-09-09

Kalean da azkenean da Xabier Leteren azken poema liburua. Liburua bazela aspaldi iragarria, Euskaltzaindiaren iazko sariaren irabazle, oso garai txarrean kaleratu da, abuztuan banatzaileak ere opor orokorrean baitaude. Bestalde, literatur sari gehienekin gertatu ohi denez, banaketa kaxkarreko eta balizko berrargitalpen zaileko liburua dugu Leteren hau. Konturatuko ahal dira inoiz erakunde-diruetxeetako arduragutxidunak!

Liburua objetu gisa itxura ederrekoa izanik ere, letra-tipo ezegokia, txikiegia erabili da; argitaletxe komertzial batean kaleratuz gero ziur asko gertatuko ez zena. Baina… Testuan bertan, bestalde, segur asko oharkabean pasatako “zera”, “gera”, “nun”, “itxu”, “itxaso” bezalako grafia zenbaitek halako anakronismo kutsua damaiote, tamalez.

Isilaldi luzearen ondoren

Isilaldi luzearen ondorengo poema-bilduma dugu Leteren laugarrena egiten duen hau. Tartean, denbora luzea eta era askotako bizipenak. Aldatuko al zuten Leteren ironi-ahots latz hura?, liburua zabaldu aurretiko galdera. Goazen soseguz erantzutera.

Berrogeita bat poema biltzen ditu liburuak, ataletan banatu gabe, elkarren segidan guztiak. Hala ere, tarte luzean idatziak ote diren somatzen du irakurleak, edukian zein tonuan alde handiak baitaude batzuetatik besteetara. Itxura trinkoko poemak dira, ez du Letek estrofismoaren bidetik jo. Oso tonu diskurtsiboa dute, salmoen doinukoak (eta ikusiko dugunez, ez alde formalean bakarrik), baina gora-behera handiekin, sententzia bilutsietatik elipsirik ia jasan ez duten hitzlau itxurako poemetara joanez. Erritmoan ere, zenbaitetan, Lete kantariaren belarria somatu dugu faltan: badira poemak eskema erritmiko tinko bati atxekirik hasitakoak, erdialdera entzumenaren gozamen hori apurtzen dutenak (ikus XVI.a, adibidez).

Profetaren antzera mintzo nahi izan du Letek, herri ttiki bateko profeta adintsu eta zuhurraren antzera. Asko dira “bizitza-laburpen” erara osaturiko poemak, eta horietan ugari dira beste poeta batzuen oihartzunak: K. Cavafis, F. Brines, T. S. Eliot (VII, XII, XIII, XXX, XXXIV), eta bereziki beste herri ttiki batzuetako poeta-profetena: S. Espriu (“Oh, que cansat estic de la meva / covarda, vella, tan salvatge terra”; XVIII, Aberriari I) eta Carles Riba (Feliç qui ha viscut dessota un cel estrany / i la seva pau no es mudava”, VIII). Horrelako zenbaitetan, bestalde, halako tajukera “erromanikoa” nabari zaio Leteren ihardunari. Intimitatea eta erretorika zaharkitua aurkitzen ditugu itsasoari zuzendutako hiru poemetan (“Eta itsaso beti hasiberriak”, XXXI).

Letek oso gertutik bizi izan ditu beti Euskal Herriaren historiaren miseriak; oraingoan ere aberria du poema askotan mintzagai eta malko-iturri. Oraingo ikusmoldeak zerikusi gutxi du aspaldiko erreibindikazio doinuarekin: “Odolezko gertakizunak daude gaueko gure burukietan”; “Aberria, berriro, lotsa makurraren izendapena zait”. Eta profetak, fedeak baino itxaropenak bultzaturik, etorkizunerako gomendioak damaizkigu: “asma ditzagun anaidi berriaren soro amestuak / otoitzak, eresiak, antzaldapen bitxiak, solas adeitsuak”.

Jaungoiko kristauaren presentzia zabala

Harrigarriena, nere ustetan, Jaungoiko kristauaren presentzia zabala da; horrexegatik genioen goian salmo era alde formaletik haruntzago zihoala: ugari dira “Zuretzako, Jauna, psalmoak ditut nik”, “Nekarazten bazaitut, izpiritu, Jainko hurbil”, “Zenbat gogaitzen zaitudan, Jauna” eta antzerako aipamenak. Baita otoitz tradizionalen antzaldapenak: “Emaidazu, Jauna, mundu txiro hontako / azken saria. Baina egin bedi zure nahia”. Hala ere, kontraesan franko somatu ditut gizaki/Jainko harreman horretan. Poema batzuetan bizi-ikusmolde kristau dogmatikoa izanik: “Egin zinduen hark deitzen dizunean / solas adeitsuan ezagutu zaitzan”, beste zenbaitetan bizitza-ikuskera askoz modernoagoa eta problematikoagoa da: “Badoaz, galduz, gizakume itxuak (sic) jarraian /… / desziurra iragana / eta izenik gabea etorkizuna”.

Liburu interesgarri eta mamitsua, beraz, Letek aspaldiko partez eskaini diguna. Bere ihardun poetiko luzearen eboluzioan egoki txertatzen dena, eta euskal poesian ematen ari den klasikotasunaren berpizkundea (hain gaztea, bestalde) sendotzen duena. Baina, hau ere esan beharra baitago, gure ustez, bai alde formalean zein tratamendu eta gaietan, gora-behera zenbait erakusten dituena.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak