« Maitasuna, azken finean | Armei buelta »
Poesia kaiera / Dylan Thomas (Iker Alvarez) / Susa, 2017
Antologikoa Alex Gurrutxaga / Berria, 2017-06-25
Susa etxearen Munduko Poesia Kaieren bildumak eman diezaguke zer pentsatua. Zergatik da Urlia kanonikoa? Zergatik hain zaila kanona aldatzea? Zergatik ez dago Berendia kanonean?… Halako galderek, kanonaz eta antologiez ez ezik, literaturaren sistemaz eta historiaz ere pentsaraz diezagukete.
Eta, hala ere, eztabaidak eztabaida, badira poeta kanonikoak, obra antologikoak, hor behar dutenak: horietako bat da Dylan Thomas (1914-1953). Galesen sortu zen Thomas, eta 40etako ingelesezko poeta interesgarriena da. Beñat Sarasolak kaieraren hitzaurrean esaten duen bezala, jada nekez bereiz daitezke poetaren obra eta bere mitoa, bizitza bohemioa eduki baitzuen, eta beti hurre, alkohola eta eskandalua. Bere lehen liburua, Hemezortzi poema, 1934koa da. Gero, gerra garaian, BBC irratian aritu zen, eta haren emanaldiak aski ezagunak bihurtu ziren. Lan poetiko nagusia 1946an kaleratu zuen: Heriotzak eta sarrerak.
Thomasi zuzenean eragin zioten iturri nagusi bi aipatu izan dituzte adituek. Batetik, Galesko literaturaren tradizioa dago —baladak, ipuinak, eta abar—. Gainera, bertako paisaietatik altxatzen da poesia hau. Bestetik, berriz, hala Dylan Thomasen obra nola figura poeta madarikatuei lotuta daude.
Irudia eta musika dira bere poesiaren oinarria. Sinbolismoak lehen modernisten ildoan jartzen du, XIX. mendeko poeta frantsesen zordun. Baina Thomasek mugara eramaten du tropoen lanketa, eta horretan bereziki gertu legoke W. Blaken eta A. Rimbauden irudi-mozkorraldietatik; Bihotzaren eguraldiko prozesu batek aipa daiteke, adibidez, edo kutsu biblikoa daukan Nire genesia amestu nuen. Surrealismoaz ere hitz egin izan da; Thomasek berak adierazi zuen ez zegoela inola ere ados surrealisten ideiekin, eta ez zela posible poema batean irudiak edozein moduz paratzea. Baina, esanak esan, bere poesian, irudimenaren hegaldi izugarrien bidez, giro onirikoa sortzen da maiz. Estilo horrek asko urruntzen du adierraztasunetik, eta irakurlearentzat interpretazioaren lehen eskailera-maila oso goian geratzen da.
Thomasen beste marka poetikoa musika da, hori ere sakonki modernista. Adibidez, Neguko ipuin batena poema luzean, zangalatrabaka, esaldia esaldiari kateatuz, irudia irudiaren gainean jarriz egiten du poemak aurrera. Hori euskarara nola ekarri, hahor koxka. Itzulpena Iker Alvarezek egina da eta, halako erronka balioestea ausarkeria izango litzatekeenez —are gehiago konparaketa sakonik egin gabe—, har dezadan inpresio pertsonala emateko lizentzia: ematen du lortu duela, askotan behintzat, erritmo baliokidea-edo birsortzea. Azpimarratzekoa da zentzua pittin bat behartu arren erritmoari —hain garrantzitsua kasu honetan— eusteko ahalegina. Adibide fina da zatitxo hau: “As the grains blow, as your death grows, through our heart“; “Alea da haiza, heriotza hazi, gure bihotzetik”.
Poema bilduma ederra da Dylan Thomasena. Oso ona, poesiazalearentzat, uda beteko beroan pixkana-pixkana gozatzeko. Aparta, niretzat, esker onez beteta eta pena ttantta batekin, azken iruzkin kritikoa egiteko. Eskerrik asko, bihotzez, Berriari eta irakurleoi.
Dylan Thomas: “Ez nezake amestu inoiz hainbeste gertakari zirenik/ Liburu-azal barruko munduetan/ Hitzen halako harea-ekaitz eta izozkada…”
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi