kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Isil-mandataria / Jean Echenoz (Gerardo Markuleta) / Meettok, 2016

Inteligentzia militarra Javier Rojo / El Diario Vasco, 2017-01-21

Jeneral bat erdi baztertuta dago eta, antza denez, ez dauka zeregin handirik destinatuta dagoen lekuan. Hala ere, ekintza sekretu bat antolatzea bururatu zaio eta horretarako emakume bat behar du, zerbitzu sekretuekin batere zerikusirik ez duen emakume bat. Eta Constance izeneko emakumea bahitzen dute. Abiapuntu hau du Jean Echenozen azken eleberriak, euskaraz Gerardo Markuletaren bertsioan “Isil-mandataria” izenburua duenak. Eta abiapuntu honen ondoren, ekintza sekretua gauzatzeko jenerala eta honen laguntzaileak nola moldatzen diren ikusiko dugu, Constanceren senarrak emakumearen desagerpena dela-eta kezka berezirik erakusten ez duen bitartean. Jean Echenozen nobela parodia eta sarkasmoaren bidez garatzen da poliki-poliki, pertsonaia patetikoak aurkeztuz, errealitatetik kanpo bizi den beste baten (jeneralaren) asmo handinahiak burutzen saiatzen diren bitartean. Baina, jakina, lortzen duten bakarra irakurlearen barrea da. Izan ere, jeneralari bururatu zaion ekintza sekretua Ipar Korean egin behar da, eta hor infiltratu behar dute Constance. Senarrak, bitartean, emaztearen desagertzea baliatzen du maitaleekin egoteko… Pertsonaia guztien artean eraikitzen diren harremanen sarea gero eta nahasiagoa delarik, Jean Echenozek nobela honetan kontatzen duen argumentuak sinestezina dirudi, baina tira, ziur errealitatean eta zerbitzu sekretuak tartean daudelarik gauza sinestezinagoak benetan gerta daitezkeela. Kontakizuna aurrera eramateko, narratzailearen presentzia nabarmena da testu osoan komentarioak-eta eginez, batzuetan nahiko sarkastikoak, kontatzen duen gaiaren gainean. Baina iruzkin hauek kontakizunaren izaeraz ere aritzen dira istorioaren ilusioa nolabait apurtuz. Nobela dibertigarria da, umoretsua, nahiz eta umore honek pixka bat krudela izateko joera duen. Batzuetan esan izan da inteligentzia militarra oximorona dela. Idazlan honetan kontatzen dena horren froga litzateke. Euskal argitarapena dela-eta, bilatu arren liburu honen gaztelerazko bertsioa ez dut aurkitu. Ohikoaren kontra, beraz, euskarazko itzulpenak aurrea hartu dio gaztelerazko bertsioari.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak