kritiken hemeroteka

8.768 kritika

« | »

Elur bustia / Pello Lizarralde / Erein, 2016

Krisian bidelagun Amaia Alvarez Uria / Argia, 2017-01-01

Azkenaldian kalean nabilenean tarteka Ramiro-ak ikusten ditut. Banku batean jarrita daude, bakarrik, txanoa buruan, zigarroari atxiki luzeak emanez, motxila aldean dutela. Horrelakoa da liburu honetako protagonista, hori da bere izena. Hegoaldetik etorri da lan bila, atzean utzitakoei dirua egin eta berehala bueltatuko dela esanez. Eta liburu honetan hurbiletik jarraitzeko proposamena egin digu Pello Lizarraldek, bere bidelagun izango gara tarte batez, bere gora-beheren lekuko.

Lizarralde irakurtzea niretzat egunerokoaren erritmoa moteltzea da. Gelditu eta ingurura begira jartzea. Ñabardurei erreparatzea. Txakurra kale zokoetan bila, laino ilunak eta euri tanta hotzak, trafikoaren zarata, arropa soinari itsatsita eta izerdi usaina. Sautrelan egin zioten elkarrizketan idazlan honen abiapuntua egunkarian ikusitako irudi bat izan zela kontatu zuen, eta egia esan, badira zenbait irudi egunkari eta albistegietan agertzen zaizkigunak maiz liburuan ere letraz marraztuak.

Hori baita jorratzen den gaia: “krisia” eta horrek gizon batengan dituen ondorioak. “Migrazioei” buruz hitz egin genezake, “etorkin ekonomikoei” buruz, “lana”z, edo isiltasunez, harremanez, teknologiez, edo bestela bakardadeaz, mesfidantzaz, biziraupenaz; hori guztia agertzen zaigulako orriotan. Beñat Sarasolak elkarrizketan aipatu zion egileari Odol bustia ere izan zitekeela izenburua. Izan zitekeen.

Baina, Elur bustia-k giro hotza dakarkigu gogora eta azalera, etengabe agertzen den giroa, izan pertsonen arteko tratuan, izan klimatologiari dagokiona. Izerdia xukatzen dabil pertsonaia lortzen dituen lantxoak egin ostean, bere burua txukuntzen ahal duen moduan. Eta narrazioak aurrera egin ahala euria agertzen da hasierako eguzkia estaliz eta giroa apurka hoztuz. Elur bustiak irudikatzen du pobrezia, bizirauteko sena, aurrera egiteko beharra.

Liburua amaitu eta, esan bezala, Ramiro-ak ikusten ditut tarteka kalean zehar nabilenean, eta konturatzen naiz zelan geratzen diren gurekin irakurri ditugun liburuetako pertsonaia, irudi eta istorio batzuk, denbora batez bada ere. Eta galdera bat datorkit burura: nola jokatuko nuke nik egoera hori bizitzea egokitu balitzait? “Baina” asko ere bai: baina ni emakumea naiz; beraz, nolakoa litzateke Ramiraren Elur bustia? Baina nik beste lan batzuk egingo nituzke; zer egiteko aukera izango nuke horrelako egoera batean? Baina ni mundu honetako “iparraldean” bizi naiz; nora jo beharko nuke nik dirua egitera? Ea zer ekartzen dizuen zuei Ramirorekin egingo duzuen bidaiak.

Azken kritikak

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak