« Eta emakumeari sugeak esan zion | Detektibe-nobela »
Kafka Bilbon / Pedro Alberdi / Alberdania, 2002
Gabriel Aresti Eibarren Igor Estankona / Gara, 2002-12-28
Berdin titula zitekeen modu batera edo bestera, biak baitira bilduma honetako ipuin gogoangarri bi. Beste lau ere badaude estilo antzekoan idatzita. Garai desberdinetan eta asmo desberdinekin idatzitako ipuinak direla esan genezake okertzeko beldur handiegi barik, baina ezagun da esku bakar batek moldatu dituela.
Liburuaren amaierako atalean izan ezik, beste orrialde guzti-guztietan pauso lasaiz dabil idazlea. Ez. dago aldaparik edo zokogunerik, eta norberak bere aldetik ahalegin handiegirik egin gabe ere aurrera doan liburua da. Barealdi hori, ordea, apurtu egiten da ipuinen amaieretan. Idazleak irudimenaren torlojuari ematen dizkion buelta txikien eraginez, badirudi guztiek zentzua galtzen duela. Ur-jauziaren aurreko ur lasaiak dira, eta irakurleak pentsa dezake dena amildu egingo dela erremediorik gabe, bera barne. Baina amaierok ez dira ehun eta laurogei gradu hartzen dituzten bira zoroak, ezpada absurdo zati txikiak. Neurrian eragindako nahasmen horrek gainerako guztiaren egiazkotasunaz duda egitera garamatza.
Julio Cortazarren ustez, ipuin onenak K.O.z bukatzen direnak dira. Amaierara heldu eta segundo bakarrean planteamendu osoa aldarazten digun ukabilkadaz ariko zen, seguruenik, argentinarra. Hemen ere ustekabea erabiltzen da, baina ipuin guztiak ez daude metodo bera erabiliz idatziak. Hala ere, sorpresarekin edo sorpresa barik, ia narrazio guztiek utzi didate antzeko arrastoa. Beharbada, absurduan baino gehiago, idazlearen estiloan bertan bilatu behar genuke arrazoia. Badirudi ahitu egingo direla, baina hari txiki bati esker eutsita jarraitzen dute.
Gustuko elkarrizketa bat edo bigarren kateko dokumental bat gustatzen zaigun arrazoi berberagatik atsegin ditugu narrazio pausatuak, atsegin ditugunok behintzat: gustura egoten garelako. Ipuinok irakurtzen ari ganen bitartean, pentsatu egin dezakegu, edo giroaz gozatu, edo pertsonaiak ezagutu. Asko idatzi da, adibidez, Gabriel Arestiri buruz. Baina, “Gabriel Aresti Bilbon” irakurriz, idazlea barik pertsona ezagutzen ari nintzela uste izan dut momento batez. Haren arazoez arduratu naiz. Fikzioaren mirakuluak dira. Eibar, Durango, langileak, fabriketako sirenak… horiengandik espero dena idazten du Pedro Alberdik: edertasuna, iluntasuna, apaltasuna… malenkonia ere bai; izan ere, klase ertainak hartutako gure literaturetan badirudi hurrengo egunean lanera joan beharra ez dela literarioa.
Korapiloak ondo lotzea, gertaerei proiekzio unibertsala ematea, errealitatearekin jolas egitea… literaturaren eta ipuingintzaren nahi eta ezina dira. Horregatik dira estimatuenak konplikazioa erraz bihurtzen duten lanak, diamanteen antzera, mendi oso bat birrindu behar delako bat aurkitzerako. Pedro Alberdi ez da ipuingintza absolutu horren adibidea, eta Kafka Bilbon honetako ipuinak ez daude asmo horrekin idatzita.
Gabriel Aresti Eibarren edo Kafka Bilbon. Lehena askoz errazagoa da imajinatzen, baina, hala ere, nahikoa lan. Biak ala biak jadanik mamo lausoak dira, pertsonak baino areago. Baina pertsona bihurtzen dira liburu honetan.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez