kritiken hemeroteka

8.684 kritika

« | »

Perlak, kolpeak, musuak, traizioak / Joxemari Iturralde / Pamiela, 2015

Boxeoa eta emakumeak Iraitz Urkulo / Berria, 2015-09-06

Liburuaren kontrazala irakurriz gero, eleberriak 25 emakumeren istorioak kontatzen omen ditu. Bada, ez. Perlak, kolpeak, musuak, traizioak obran emakumeak bigarren mailako pertsonaiak dira, gehienetan apaingarri hutsak, gizonek sexu-objektu gisa beren borondatera erabil ditzaketenak. Egiatan, emakumeak kapitulu bakoitzari izen emateko aitzakia ahula —eta, ez gutxitan, bortxatua— baino ez dira. Izan ere, testu osoak garai batean gizontasunaren adierazgarritzat jotzen ziren ekintza, jokamolde eta zaletasunen katalogoa dirudi: boxeoaren mundua, dirua, alkohola, sexua, gaueko parranda giroa eta emakumeak.

Argumentuak 1920ko eta 1930eko hamarkadetara garamatza, boxeoaren urrezko aroan kokatuz, kirol horrek zale ugari zituen eta egiazko gizarte-fenomeno bilakatua zeneko garaian, alegia. Joxemari Iturraldek, liburuaren amaieran kontsulta daitekeen bibliografiaren laguntzaz, “Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga punta-puntako bi boxeolari euskaldunen istorioa” jaso nahi izan du. Boxeoa, parranda, edaria eta emakumeen zurrunbilo ero batean murgilduta, Europan eta Amerikan bizitakoak kontatzen dira ehun eta hirurogei orrialde eskasetan zehar.

Narrazioak nahiko era monotono eta errepikakorrean egingo du aurrera eleberriaren bi herenak igaro arte, orduan hasiko baitira azaleratzen bi protagonisten arteko jelosia profesional eta pertsonala, elkarrekiko gorrotoa eta mendeku-nahia. Bat-batean, 36ko gerrak eztanda egingo du eta, historiaren gurpilean harrapatuta, gertaera hura inflexio-puntu bihurtuko da haien bizitzetan. Idazleak egitura zatikatua eta foku aldakorra darabiltza hasieran, bi boxeolari ospetsuen istorioa hurbileko hainbat pertsonaiaren ikuspegitik txandaka kontatuz.

Eleberriaren testuinguru jakinean nagusitzen diren balio eta jokamoldeen erakarmen-gaitasuna irakurle bakoitzaren araberakoa izanik ere, susmoa daukat egiarekiko fideltasuna —ala hobe litzateke zuzenean “mendekotasuna” adieraztea?— fikziorako zama handiegia ez ote den. Esate baterako, agerikoa da diskurtsoan erreferentzia historikoak pilatzeko joera, ez bakarrik Hemingway, Lupe Velez edo Gary Cooperren aipamenak, baizik eta beste datu eta gertakari zehatz ugari ere.

Horiek guztiak boxeolarien pausoak ahalik eta leialtasunik handienarekin islatzeko helburuz txertatuak diren arren, emaitza objektibotasunak hartutako narrazio bat da, fikzioaren eremua neurri handi batean murriztu eta subjektibotasunerako lekurik apenas uzten duena. Lekututako informazio historikoa eskaini behar horrek azal dezake agian zenbait pasarte, delako ekintza garatu beharrean, hura laburtu edo, are gehiago, arin-arin aipatu edo zerrendatzera mugatzen direlako sentsazioa, behar beste sakontasun eta literariotasunik lortu gabe.

Horregatik guztiagatik, eleberri baten ordez, ziurrenik askoz egokiagoa litzateke Perlak, kolpeak, musuak, traizioak Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga boxeolari euskaldunen biografia fikzionatu gisa jotzea eta, jakina, halakotzat irakurtzea.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak