kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Gorrotoa lege / Jon Etxaide / Itxaropena, 1964

Gorrotoa lege Luis Mitxelena / Egan, 1965

Leku berezia du aspaldian Jon Etxaidekok euskal idazleen artean, edozeinek ikus dezakeen bezala. Euskaraz egungo egunean inork gutxik bezala dakielako eta jakite hori, jakite hutsa ez ezik, mintzatzen jakitea delako. Gazteegia dugu, zorionez, irakasle eta gidari izendatzeko: merezi, ordea, ongi merezia du horrelakoaren izena eta omena. Zalantzaldi honetan, zorioneko zalantzaldia, halare, bide hobeen bila gabiltzalako, hainbeste eta hainbeste haztamuka ari garen bitartean, bera lasai doa bere bidetik, bere-berea duen aspaldiko hizkera hura gero eta sendoago eta trinkoago eta, halaz ere, bigunago eta malguago agertzen delarik.

Norbaitek esango du, beharbada, trinkoegi eta bidenabar gogorregi aurkitzen duela han hemenka. Gogoan eduki behar luke, ordea, harako hark ezinezkoa dela hizkuntza idazle-hizlariek lantzea, era berean lantzen ez badituzte irakurleek beren buruak. Badakit, noski, nekez ikasiko dituela irakurleak, irakurletasunak, eskatzen dizkion zerak, letraduna baldin bada, euskaraz letradunentzat egiten direnak irakurtzeko behar dituenak, erdarazkoak irakurtzen dituen eran, inork irakasten ez badizkio. Halaz guztiz ere, irakurle-gai bakoitza errugabe agertzen baldin bada ere, banan-banan hartuz gero, ez da horrenbestez esan euskal irakurleok erabat errudun, eta errudun larri, gainera, ez garenik. Nolanahi ere, irakurgairen bat zailtzat jotzen dugunean, esan behar genuke ere norentzat den zail, gure ustean. Gerta baitaiteke, eta maiz gertatzen baita, zailtasun horren hogena idazlearena ez izatea. Eta ez da idazlearena izango euskara argi eta garbian mintzatzen baldin bada, hemen Etxaide bezala, nahiz euskara argi eta garbi hori, hemen bezala berriz ere, aberatsa eta ohi baino ugariagoa izan.

Hizkuntzaz kanpora ere, Etxaideren lanak berebizikoak eta bere gainekoak izaten dira, oraingo honen antzera. Euskaltzaindiak Agirre sariaz 1962an saritu zuen idazlan hau, esaterako, ia 400 orrialdeko eleberri historiko mardula da. Bera historiolaria ez delarik, Campion hartu du eredu eta, honen antzera, aztertu ditu Erdi Aroaren azken aldeko ixtilu eta katazka larrietan aztertu behar zirenak. Goragarria da, batez ere, garai hartako euskal giroa, erdal paperen bitartez guregana den giroa, berpizteko egin dituen ahaleginak. Hor daude, diodanaren lekuko, horrenbeste kanta zahar, horrenbeste toki eta pertsona-izen, bestetan ez bezala euskal jantzian agertzen direnak.

Campionek, ordea, Nafarroaz mintzatzen zelarik, bazuen eskuartean Etxaidek aurkitu ez duen tresnarik. Dokumentu eta nolanahiko lekukotasun ugari dugu Nafarroan aldi hartarako beste Euskalerrien aldean. Eta argirik ez izate horrek, irudimena askatzen baldin badu ere, ez du gehiegi laguntzen orduko irudiei pisua eta bizia ematen.

Orain goi mailako literatur mota bezala behintzat zertxobait baztertua dagoen eleberri historikoak edo histori nobelak ez du hasierako bere hartan iraun. Axalaren lilura zen batipat lehenbiziko erromantikoentzat, Manzoni eta besteren bat kenduz gero agian; pintura betea gero, arkeologiaren bidez erdietsia, Flaubert-entzat eta; azkenik, berriz, historiaren oinarriak eta indar eragileak hobeki ezagutu nahiak sarbide berriak sortu ahala, hondoraino eta hondarreraino murgildu nahi lukeen egitekoa: ez da, noski, halabeharrez gertatu Howard Fast-ek Spartacus-en eta A. Koestler-ek The Gladiators-en gai berbera hautatzea bi izenekin.

Etxaide, Oinaz-Ganboarren burrukak hautetsi dituenean, ez zebilen agian horrelako hondo sakonen bila. Eta, ibili balitz ere, gaiak ez zion gehiegi laguntzen. Izan ere, Caro Baroja eta I. Arozenaren lan agertu berriak irakurri ondoren, kezka eta zalantzatan sartzen da nere antzeko ezjakina. Bai baitirudi ezin batera genitzakeen bi irudi ditugula eskuetan. Axalekoa, batetik, aberatsa eta xehea, ehunka gertaera banan-banan erakusten dizkiguna, noiz, non, nola eta noren artean gertatu ziren zehatz-zehatz aditzera ematen diguna. Baina gainaldeko txingurritegi urduri horren azpian zer dagoen, ze indar izkutuk eragiten dien txingurriei horren itxuragabeko elkar hilkintzan abiatzeko, ez da erraz esaten. Badirudi aditzen ez dugun hizkuntza batean ari zaizkigula edo, hobeto esan, guk ongi dakigun hizkuntzan, baina batere ezagutzen ez ditugun gaiez mintzatzen direla.

Gure Erdi Aroko historiaren hutsune nabarmen hori ez du inork oraindik bete eta ez dakigu gainera noiz izango den inor zertxobait betetzeko gauza. Etxaideri, jakina, ezin diezaiokegu horrelakorik eska, historiolaria ez denez gero. Besteren lanez baliatu behar zuen horretarako eta aski eta gehiegi baliatu da balia zitekeen guztiaz.

Hitzaurre eder bat du liburuak Nondik eta nola eta are ederrago den eskeintza. Esan behar ez nukeenik esatera ausartuko banintz, honelako zerbait esango nioke egileari: Kanpora begira ageri zara beti zure idazlanetan, barren aldera baino areago. Bestez ari zara gehienbat, ez zeure buruaz eta zuretar hurkoez. Herabez ote den ala, ni higuingarria, higuin duzulako, ez dakit. Lokarri hori, dena den, hausten duzunean, ordea, mintzo ozena eta sarkorra duzu, ala nola eskeintza honetan eta zeure aita zenaren oroitzapenetan hemen argitara zenuen artikulu ederrean. Ez ote litzaizuke komeni hainbeste sailetan lan gaitzak egin ondoren, arlo berri horri ekitea, zeure burua gehiago nabarmendu behar baduzu ere? Jostaketa atsegina izango litzateke agian zuretzat, eta bide batez irakurleentzat, barrena eta zeure inguru hurbilera begira mintzatuko bazintzaizkigu, behin bederen.

Hizkuntzalariari itzuri zaion ohar bat, azkenik. Azkontegia hitza (saetera) ikusi dut 44garren orrialdean. Ez dut hemen euskal hiztegirik, baina badirudi hitz berria dela. Horrela balitz, eta bestela baldin bada barka, beharrik gabe asmatua dirudi, gure artean saietera euskal hitz ezaguna baita oraindik, antzinako leiho mehar horietakoa adierazteko. Eta 313-314gn. orrialdeetan aipatzen den biola-ren erdal kide jatorra ez zen viola, vihuela baizik.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak