« Olerki-liburu barria | “Peru Leartza’ko” Txillardegi’ren liburua »
Peru Leartza-ko / Txillardegi / Itxaropena, 1960
Peru Leartza-ko Luis Mitxelena / Egan, 1960
Kopeta eder eta ausartarekin agertu da liburu dendetan Txillardegiren bigarren liburua: gorria eta beltza, nere adinekoek ongi ezagutzen dituzten bi banderaren koloreak, ari dira deadarka bere azalean, xuritasun tanto batzuen bidez alaituak, egia esan. Badirudi ez dela Yosuk egin duen azala mamiaren estalkia, liburuaren barrenak salatzen dituen mintz argala baizik.
Txillardegiren idazlanei arreta pixkaren bat opa dienak badaki, eta euskal irakurle gutxi dira nik uste horrenbestetaraino heldu ez direnak, ez dela hitz ozen eta esaera apainen adiskidea, bihotz-erraietatik dariola mintzabeharra. Bere idazlanak beti izan dira gihar, zorrotz eta trinkoak, eta oraingo liburua ez da gutxiago. Are trinkoagoa eta izkutuagoa deritzat nik behintzat. Daraman hitzaurreak berak ez du agian behar adina argitzen horren esannahi sakona.
Zenbait aldetatik bakarrik begiratuko diot hemen, neri eta aldizkari honi, nere iritzi apalez, dagokigun aldeetatik. Eta halaz guztiz ere gaingiroki begiratu beharko. Ez lirateke berehalakoan agortuko ez ahituko hori irakurtzeak sortzen dituen gogoetak eta barren mugidak.
Hauxe esango dut aurrenik, neretzat argi eta garbi dagoenez gero: biziro alaitzen nau, besteri besterik iruditzen bazaio ere, liburu hori euskaraz idatzia ikusteak, bizi-bizirik dugulako seinalea baita. Bizirik badago, gaurkoa bada, egungo eguneko arazoak, gogoetak, kezkak eta nahigabeak behar ditu adierazi; gaurko edertasunez jantzi nahi badu, gaurko lokatzetan beharko du zikindu. Amets zoroa litzateke pakezko Arkadia miragarri bateko hizkuntza errugabea bezala gure mendean iraun dezakeenik sinestea.
Eskerrak zor dizkiogu Txillardegiri bigarrengoz axaleko itxurakeriei dien lotsa eskasarengatik. Oinetako lur hau ikara dabilkigu eta ez dira oraindik ixildu dardara berrien aitzin-gidari datozen trumoi hots ilunak. Etorkizunaren berri jakin nahi genuke eta, etorkizunari antzemango badiogu, gu baino gazteagoek gogoan zer darabilten igerri egin behar.
Igerri esan dut eta ez naiz oker mintzatu. Horixe baita nabari gure artean, ezer nabari bada: hamabost urteren gorabeherak ireki duen osina. Neri behintzat, egia aitortu behar badut, gaitzago zait sarritan oraingo idazki franko barrentzea hamaboskarren mendeko kanta zaharrak baino. Ongi etorria merezi du, beraz, Txillardegik, gehiegizko estalkirik gabe mintzatu ohi denez gero. Bere buruz ari da, baina berekin dakar noski, halaz ere, bere gizaldiaren zantzua.
Nobela antzekoa izan zen, guztiok dakigunez, Txillardegiren lehen liburua: Leturia’ren egunkari ezkutua. Neronek ipini nion hitzaurrea, giro berrien seinalagarri iruditu zitzaidalako. Eta nobela antzekoa da Peru Leartza’ko hau ere. Aita baten seme izanik, badute elkarren eitea, baina ez dira berdinak, ezta alderatzeko ere. Ikus dezagun zertan.
Liburu batean eta bestean ez dago, ongi begiratuz gero, bi lagun besterik: Leturia eta Peru. Laino ezerezak dira horien ingurukoak. Bata eta bestea, gainera, ezinegonak, edo hobeto esan larriminak, darabiltza. Uste dute biek ez duten zerbait izateak egarri hori berdinduko liekeela, eta ez die berdintzen. Amets zuten itxuraz ase ondoren hasten baitzaie zinetako egarria.
Goazen orain bata bestearengandik bereiztera. Zanpatuta zeukan Leturia, irakurtzen dugu azken liburuaren hitzaurrean, aukeratubeararen larritasunak. Bide bat autatu arte, etsita dabil Leturia: eta autatu ta gero ere, etsiago. Gidari dituen absolutuak ezpaitzaizkio sasi-absolutuak baizik. Orregatik, naiz ta ezaguerarik argitsuenean aukeratuta ere, lokatzean finkatzen dugu oinarria, eta bere gainean eraikitzen dugun guzia bereala erortzen zaigu auts biurtuta. Eta azkenean, heriotzako orduan, salbatua ikusten dugu Leturia badarik ere suz bezala, behinola Leizarragak itzuli zuenez: Alperrik dugu dana, dio Leturiak: ezin liteke ezer absoluturik aurki; gure inguruan topatu dugunak zearo kutsatzen gaitu. Guk ez ditugu ez arazoak ez elburuak aukeratzen, baiñan bai berak gu… Beraz, aukeratzeko gauza ez geran ezkero, obe dugu geren burua eskeiñi, zakurrak bere nagusiari legez, eta geure inguruan toka zaizkigunak maitatu. Auxe da, gaiñera, bidezkoena.
Leturiak, bada, tentazio eder bat ezagutu zuen: maitasuna. Maitasun lurtarra, ez aingeruzkoa, arimaz eta gorputzez oratua, baina egilearen eta irakurlearen bihotza batera esku leunez ukitu duen maitasuna, hala ere. Eta heriotzak harrapatzen duenean, aurkitu berriak ditu helburu baliozkoagoak urrikian, hurkoaren eta sorterriaren maitasunean, bere buruari uko egitean. Egia da ez garela oso fio, ezta egilea bera ere, ez ote litzaizkiokeen helburu eder horiek berak hauts eta huts bihurtuko, lehengoen antzera, baina obra onez hutsik bezain asmo onez beterik hiltzen zaigunez gero, ez dago zalantzan gehiago egoterik.
Peruk, inolaz ere, beste ariko ezpala dirudi edo gutxienez behintzat ukamen-bidean aurrerago joana. Bion kezka ere ez da berdina: lehenekoan aukeratu-bearra ba zan larrimiñaren iturria, dio hitzaurreak, oraingo ontan igarokortasunaren oiñazeak erdibitzen du Leartza’ren biotza.
Haren barrengo berri egileak daki, inork jakitekotan, eta ezin esan kanpo aldea besterik ez dakusan irakurleak beste horrenbeste ikusten ote duen. Hasteko Parcus deorum cultor et infrequens ageri zaigu burutik burura eta ez dira zeharo parcus eta infrequens hor ipini behar genituzkeen hitzak. Leturiak ongi ezagutu zuen neskatxa batenganako maitasun berorik ere ez zaio ernatzen. Haragizko jolasetara iraultzen da gehienaz inoiz edo behin, gogo gaiztoz bezala, eta ez dirudi azken aldian honetarako ere kemenik aurkitzen duenik gizarajoak.
Gainerako gorabeherak, gainaldekoak behintzat, laburkiro konta daitezke. Ez dago gustora lantegian, bereak eta bost maiz aski, eta bada zergatik, esaten dizkiotelako. Aurrean bidaltzen dute, baina ez du goseak egoteko astirik, loteriak, espainol guztien ametsak, dirupilo polita uzten diolako. Burni-negozio batean hasten da lagun batekin eta ez dago zer esanik, estabilizazio aurrean garenez gero, laster duela bere burua zeharo aberasteko bidean. Aurki nazkatzen da, ordea, lanaz eta diruaz. Baina lokarririk gabe eta poliki horniturik gelditzen denean, ez da horregatik lehen baino lasaiago bizi. Egunean zortzi orduko lanak aspertzen zuen behin eta egunean hogeitalau orduko askatasunak gogaiteragiten dio gero. Gehitzen dihoazkio kezkak eta kezkekin batera buruko minak, irudipenak eta ametsak. Ero etxera daramate bukaeran, burutik egin duelakoan. Ez zeukan beste biderik ez berak ez egileak. Hori edo bere burua hiltzea.
Galda daiteke orain ea Peruren alde ote gauden ala kontra. Alde nahiz kontra egote hori adiera berezi batean hartu beharrekoa da, jakina. Inork ez bailuke galdatuko Micawber edo Rastignac’en alde ala kontra gauden. Besterik jakin nahi dugu horien eta beste mila giza-sorkariren aurrean: ongi itxuratuak eta moldatuak dauden, alegia, bizidunen bizia baino biziagoa gertatu ohi den egiantzik baduten.
Hemen, ordea, ez gabiltza hezur-haragizko gizakien artean, sinbolo artean baizik eta, Peru dugunez gero sinbolo nagusia, Peruren auzia da aurrenik erabaki beharrekoa.
Lainezaz betea dagoela esango luke gogoko ez duen irakurleren batek baino gehiagok, baina ez legoke hori nere ustez ongi esana. Ez baita gehiegi saiatu egilea sinbolo horren alderdi onak, gizon den aldetik, jasotzen, aitzitik badirudi eginahalean jardun duela bere seme hori bezten, itxuratxartzen eta oinperatzen. Eta halaz guztiz, bere erorian eta narrasean, ez ote digu eredu gisan aurkezten?
Hona zergatik. Estilistika berriak maiz aipatzen ditu mots-clés direlakoak, euskaraz giltz-hitzak, giltz-harriak bezalatsu, esan genitzakeenak. Bada ez dago urrutira joan beharrik Txillardegi eta Peruren giltz hitz nagusia aurkitzeko: sasi aurrizkia da, hain zuzen. Bagenituen lehen euskaraz sasi-jakintsuak, sasi-letraduak eta, zergatik ez esan?, sasi-kumeak; orain berriz, lehengoen gain, sasiabsolutuak, sasi-helburuak, sasi-kezkak, sasi-pakeak eta nik al dakit beste zenbait sasi-gauza. Eta, sasikoa ez dena jatorra eta behar bezalakoa denez gero, horra non aurkitzen dugun Peru arlotea egiaren eta zuzentasunaren martiri bihurtua, munduarentzat nardagarri baina norbaitentzat, -ez den Jainkoarentzat edo- kuttun eta maitagarri.
Peruren jatortasuna honetan omen datza: gaur nabaitzen den joera zabala nortzean. Sorkaldeko erlijioak, dio hitzaurreak, “oso lilura sakona piztutzen dute Europako gizonarengan. Budarenak batez ere… erraietan unkitzen gaitu, giroari dagokion jokabide bat eskeintzen digulako. Budismoaren zirikaldia etsipen osoa izanik ere, guztiz da gaurkoa eta egiazkoa. ”
Zenbait ohar ipini nahi nituzke hainbat lasterren. Hona lehenbizikoa. Urteetan aurreratuxea nagoenez gero, ez da harritzeko gaur Europan barrena dabiltzan haizeen berri ez gehiegi jakitea. Beste horrenbeste gertatuko zaie, ordea, eta urte gutxi barru, zorioneko “denboratasuna” dela bide, oraingo gazteagoei.
Badaiteke, beraz, nere adinera heltzean, lehorrez, itsasoz eta airez darabiltzaten bonbatxoak ordurako lehertzeri hasi ez badira, Konfuzioganako joera gehiago izatea, gazteagokoen ixuriai ohartzaka daudela haiek, Buddhaganako baino. Eta, diodan bidenabar, ez zukeen Peruk entzun dudana egia baldin bada, maisu txarra aurkituko Konfuziogan, sortaldetarra hori ere eta txinoa gainera. Argia, edo ilunbea, sortaldetik etortzekotan, ez ote zaigu Txinatik agertuko?
Gure gazte denboran, hona bigarrena, liluraz inguratuak iruditzen zitzaizkigun zirikaldiak. Peru Leartzako horrenak ameskaitza areago dirudi zirikaldia baino. Buddha paketsuaren itzalpean ikusi ditu behintzat Dracula kondearen Karpatoetako gaztelu izugarrian inork ikusi ez zituenak.
“Budismoaren zirikaldia etsipen osoa” izan daiteke, bai eta ez. Jakina da etsi eta etsipen-ekin oso xelebrekeria xelebrea gertatzen dela euskaraz: gaztelaniazko elkarren etsai amorratu diren resignación eta desesperación-ek adina adierazten duela berak bakarrik. Budismoaren etsipena resignacion izango da gehienez ere eta gure Peruk, euskalduna izanik, oker aditu du hitzaren zentzua.
Zer arraioren bila dabil gure Peru? Adimen kamutsa dudalako edo, nik ez diot igertzen. Harako Unamunoren hilezkortasunbehar hura, bere nortasuna (edo “nitasuna”) deuseztatuko ez zuen hilezkortasun baten bila ibiltze hura, konprenitzen dut. Peru, ordea, ez dabil hilezkortasun bila. Besterik nahi luke: mundu honetan gaudeino denboraren joana gelditzea edo. Bere nortasuna desegitea nahi ote du? Saia bedi ahaleginean makina bat budista zintzoren antzera. Ez duela nahi, horretan pentsatze hutsak beldurrez airean daukala? Sasi-budista da orduan, ez budista: ez du Buddhak tentatzen, izutzen baizik.
Nolanahi ere, federik gabe ezin etsi badu, ez luke gaizki egingo, Indiara jo gabe, antzinako eta geroagoko estoikoen harako amor fati haren berri ikastearekin. Egin izan dute irakaspen horren probantza Peru baino estuasun larriagoetan aurkitu direnek, baita ikusi ere bere gizontasunari eustea duela gizonak lehen eginbidea. Hori, ordea, Europa zaharreko jokabide horietako bat izango da, beharbada.
Hau dena 8gn. orrialdean agertzen den Peruren esaera bitxi bat txantxetan esana delakoan ipini dut: “Ba, atsegin-molde bat galdu duzu. Tristatzeko eta barnea goibeltzeko atsegin bizia.” Benetan ari bada, on deiola atsegin horrek. Eritasun ezagun horren izena guziok dakigu.
Gizon begiragarria da egiazki, beste edozein adina, Gandhi indiarra, baina ezin ditzaket ontzat har liburu honek aurrealdean dakartzan haren hitzak. Ez da egia, aurrenik, europarrok makinak egin ditugunik, makina besterik egin ez dugula adierazi nahi bada. Askozaz goragokoa den jakintza baten umeak baizik ez dira makinak eta jakintza hori ez du aginte goseak ekarri, jakin goseak baizik. Indiarrek sor zezaketen gaurko fisika, bide horretatik abiatu izan balira. Bai, eta bizikleta izan zitekeen nere amona, bi kurpil izan balitu. Gerta zitekeenaz eta ez zitekeenaz mintzatzea ez da gehienetan berriketa alferra besterik izaten. Hemen azaltzen diren zenbait kezka biziro egoki adierazi zituen aspaldixko Pascal zeritzan kristau sutsu batek eta haren izena aurkitzen dugu halaz ere fisika eta matematiken kondairan, eta ez Krisnamurtirena.
Kontu hoetan hauxe da neretzat parregarriena: inoiz ez direla izan gaur bezain Europaren mendeko (eta Rusia, de Gaullek gogorazi berria duenez, Europa da eta Amerika Europaren alaba) gainerako lurraldeak. Sator lanean dabiltza gehienez ere Europan barrena Budharen usteak; Indiako eremu zabal guztiak beteak daude, berriz, Europako makinaz, etxez, lantegiz, elizaz, ideaz, asmoz eta hizkuntzaz. Afrika-Asietako herri askatu berri edo askatasun bidean direnen marmar hotsa ez da gehienbat Europan ikasi dituzten hitzen, gogoeten eta hizkuntzen oihartzuna baizik. Erlijioan bertan askozaz gehiago zor zion, berak aitortua, Gandhik kristautasunari, edozein europar nabarmenek budismoari baino.
Honenbestez esana dago, noski, ez naizela aurrezaleegia, baizik-eta atzerazale (ez ote da izan de Gaulle aipatzea nahikoa?), geldizale edo astiro ibilzale horietakoa. Leku onean ote daude, ordea, gure aurrerazaleak ere Europaren bihotzean zer gertatzen den jakiteko? Ez dakit bada, handik urruti xamar baikaude. Ez dut uste, esate baterako, egia denik, Europaz ari bagara, ” Sorkaldearen anditasuna eta goratasuna orain asi geranik ezagutzen”. Fr. Schlegel’en Sprache und Weisheit der Inder 1808koa da. Ez ote zuen geroxeago esan Schopenhauerek Indiako literatura aurkitu berriak eragin behar ziola joan den mendeari antzinakoen izkribuek Pizkunde aldiari adina? Jakite berri horren hotsa ez ote zuen ekarri nolazpait ere Chahok Euskalerriraino? Eta ez ote ditugu geurok, europarrok, argitara eman, aztertu eta azaldu Indiako erlijio-, arte eta jakite-liburuak ehunetan laurogeita hemeretzi bider?
Gerta daitekeena dela deritzat gurea bezalako bazter herri bateko jendeak Europa arbuiatzen hastea Europaren berri ongi jakin baino lehenago. Europan bertan badaukagu, nere ustez, zer ikasia ugari luzarorako, bestetara jo gabe. Peñafloridak eta beste zalduntxoek XVIIIgarren mendean hasi zuten lanbidea zai daukagu oraindik, ez baititu bestek geroztik gehiegi aurrerazi.
Honaino heldu naiz, eta pozkarri da, liburu honen idaz tankera ahotan hartu gabe. Bizpahiru hitz aski izan bitez. Txillardegiren euskara ez da, nere ustez, hutsik gabea, baina liburu honetan ere ederki bete du egitekorik gaitzena: bizkor, zailu eta erraz mintzatzea.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres