« Déjà vu edo zaharrak berri | Bi boxeolari »
Ukabilak eta loreak / Julen Belamuno / Elkar, 2015
Ez da sekula berant! Mikel Asurmendi / argia.eus, 2015-08-20
Ez ohikoa dugu ipuin liburu honen idazlea. Ez ohikoa, izengoitiz sinatua baita. Julen Belamuno (Azpeitia, 1959). Sarean sartuz gero, Azpeitiko idazleak webgunean hemezortzi idazle aurkituko dituzu. Bera ez da euren artean horregatik. Badaude ordea, bere abizen “ofizialak”. Etxe bereko idazle batenak nonbait. Idazle berria eta gizon “zaharra” da, alta, aspaldi gainditu zuen Jesukristoren adina. Esan (ge)nezake, dagoeneko eman dituela hainbat osteratxo lurbira honetan. Osteratxoak eta paseoak. Gauaren altzoan narrazioko protagonistaren modura, berbarako.
Zortzi ipuinek osatzen dute liburua. Idatz tankeran nola izaeran berezko taxua antzematen zaie narraziooi. Oso gauza ohargarria ipuinarekin hasten da zortziko sorta. Irakurtzen hasi eta Azpeitia aldera abiatu naiz protagonistaren —erran nahi baita, ipuingilearen— peskizan. Haren arrastoa antzeman nahiz, haren nortasuna ezagutu aldera. Pertsona burusoil betaurrekodun bat pasa da nire aurrean. “Ezagutzen” dudan —erran nahi baitut, “bereizten” dudan— idazle-saiogile baten antza hartu diot. Haren arrastoan ibili naiz zezen plazaren inguruan. Gauza ohargarria da, oso: Julen Belamunoren baitan sartu den pertsonak —ez dut eguneroko bere nortasuna salatzen dituen izenak emanen, bistan da— nortasun oso osatua du, lehen ipuinak ederki salatzen duenez: “Nolako ibilera, halako izaera”. Edonola ere, Azpeitiko Baratze parke aldera nindoan ustetan, oharkabean, Gasteizko Arriaga parkean agertu naiz.
Idazle hau plazaratu orduko —bazen garaia dio voyeur iruzkingile honek— egina du bere mundualdia. Hots, zaila da ganoraz idaztea, Gauaren altzoan —bigarren ipuinean nabil— funtsaz eta tentuz kulunkatu izan ezean. Aitaren ezinean —hirugarrenean jada— istorioko protagonista Alberto Elejoste zinegileak Julen Belamunoren pertson(ai)en erretratu-lagin bikaina da. Narrazioak Donostiako Zinemaldiko glamourra destilatzen du finki. Kursaaleko ateen gontzen kirrinka amatatzen duten harrabotsa dantzut oraindik ere.
Liburuari izena —eta azalari aurpegia— ematen dion Ukabilak eta loreak maitasun (h)istori(o)a fikziozkoa lain erreala da. Andoni Beltran boxeolaria indartsua bezain ahula da, liburuko pertsonaia galtzaileen prototipoa. Istorioa ez da —boxeolariena legez— gaizki amaitzen. Ipuinak badu narrazioak adina indar. Gizon indartsu eroriaren atzean emakume bat izaten omen da. Esana topikoa da, eiki. Kasuon Marta izena du, alabaina. Bidenabar errateko: ipuinetako protagonistak gizonezkoak dira, emakumezkoak euren albokoak.
Liburuan barrena paseoan nindoala, eta Azpeitian nengoelakoan, Gasteizen kausitu du ene burua, Bizitzaren zentzua ipuinaren baitan. Funtzionario bilakatua naiz. Belamunok protagonistaren erretratu azkarra egin du alajaina. Goizon, administrazioko funtzionario jite gaixoa agertu zait mirailean. Miraz nago.
Evening star delakoan, Euskal Herritik urrun dabiltza pertsonaiak, Gasteiztik urrun bereziki. Belamunoren ohiko osteratxoa bidaia luzea bihurtu da. Irlandara bidaia egin zueneko istorioa errekreatu du idazleak, naski. André eta Dieter ditu bidelagunak turista protagonistak. Idazle ezezagun honen poesiaren eta musikaren doinuak aditu ditzakezu Cork-etik Limerickera. Celtic Pride ontzian nabigatuko zara.
Txarrena opa ipuinean ez duzu loriazko deus ediren, ipuin kontrastagarrion artean hauxe duzu beltzena. Kea dario eta. Gasteiz eta Madril artean: Burgos. Ministerioetako funtzionarioen kexua denboraren arau, jende miserablearen alarau. Atarramendu eskasa zinez, funtzionarioena. Egonerako egunak delakoak ixten du periploa. 53 urte ditu protagonistak, Elena izena du bere emazte ohiak. Ramon berriz, usteko “lagun” ustela da. Ipuin sorta honetan galtzailerik bada, hori dukezu azkenekoaren protagonista. Edonola ere, Indonesiako Flores uharteko gizakiaren gisara (Homo floresiensis) munduon geratzen zaizkion egunak, Egonerako egunak legez bizitzen ikasteak ematen dio sosegua izenik gabeko protagonistari. Ez da sekula berant! Ezta berant ere, Julen Belamuno idazle apokrifoaren ipuinak ezagutzeko.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez