kritiken hemeroteka

8.790 kritika

« | »

Denbora bere lekura / Gerardo Markuleta / Erein, 2015

Denbora bere lekura, hitza eginkizun Mikel Asurmendi / argia.eus, 2015-08-08

Kontxa hondartzako baranda begietaratu dut liburua eskuratutakoan (Nuria Bernardo Axpe). Poeta joan badoa denboraren tunelean, txakurra lagun. Tunelean barrena abiatu naiz, eta aspaldi joan zen Joseba Olalde lankide argazkilariak zabaldutako leihoan agertu zait Gerardo Markuletaren bisaia. Serge Gainsbourg heldu zait ere gogora, ke artean. Nola bestela?

Argazki albuma poema hartu diot poetari, liburuaren prefazio gisa hemen paratzeko, baita Joseba lagun adeitsuari eskaintzeko: “Bizi unea, unea oroitzeko. Oroit uneak. Hala egin genuen, horixe dugu gaur”.

I. Denbora bere lekura dugu I. atalaren izena. Sorlekura itzuli da poeta, ume izan zeneko lurraren izenek hartaratua. Pinudietako erretxin usaina aditu dugu berarekin, mutikoak neskengandik bereizten zituzten mojek voyeur jaidura areagotu ziotela aditu ere. Herriko kuarteleko ziegak gogoratu zaizkio poetari. Kuartel ederrak kuartelik gabeko gerra zabaldu zuen Santutegira bidean. Aitari hartu zion kearen harra, amaren izateko izanari karra. Ume nahiz nerabe garaiko munstroak uxatu ditu poemotan, orduko gau magikoen irrati uhinak oroit.

II. Ezkutuko tiradera. Poetak berbak erauzi ditu mesanotxeko tiraderatik. Balak baleki, ez genituzke alferrikako eleak usatuko. “Eta” menderagailu barik, juntagailu litzateke. [Ez] Esan ezetz. Antonio Machadoren erara eraikiko genuke bakea, elkarrentzako bidea. Lainopean ez ezik, hiztegian ere moroak baikara. Arab(i)an bagare.

III. Altzari japoniarra. Mesanotxeko poesia izan ezik, japoniar poesiaren maitale izaki, basozain ari zaigu Bonsai-zainaren apaltasunez. Iragan mendilerroetako bide luzeak lerro laburrean trazatu ditu. Bide emankorretako poemak. Gald(u)erak berritu ditu, eta poeta eta kantari kuttunen berbak gutunak bilakarazi. Etsaiak adiskidetu nahi lituzke. Ostiral izan (nahi luke) Robinsonik gabe. Alabaina, Santutegia suntsitu ostean, iheslarientzako kanpamendua eraikitzeko oihalak eskuratu gura du poetak. Denbora nola, berez doa. Libre.

IV. Biok egur, biok su. Maitasun kantu bat (Nuiriari eskainia). Gainsbourgek Jane Birkini nola, aditu gura nuke kantua: “Hitz bat nahikoa duzu —ez zin eta ez promesa— bihur gaitezen, printzesa. Biok egur, biok su“. Denbora bere lekura helarazi du poetak. Arg(azk)iak itzalita, literaturaren usainez eta kiratsez, batzuetan. Gau minean, aski baitira Hiru letratxo. (Hilartitz saioa).

Denbora eta espazioa aldagaiek mugarritzen dute errealitatea, gizabanakoa horien artean —ibilki— garela. Poetak berriz, jendartean banako partikularra izan gura du, izan behar. Berba lanabes. Gerardo Markuleta berba lagun duzu oraingoan. Gasteiztar bilakatutako txantxikuak, hiritartutako herritarrak, bere denbora bere lekura eraman gura izan du azkeneko prestazio honekin. Ez du lantegi samurra hartu poetak, ez baita saio erraza iragan denbora lekutzea. Denbora bere lekuan ipintzea oroitzea da, eta errealitatea oroitzea ezinezko eginkizuna. Markuletak baina, duintasunez kitatu du —orainokoan— bizitakoaren zorra. Hitzak gordin, maitasun kanta baten legera. Denbora bere lekura, hitza eginkizun.

Azken kritikak

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak