kritiken hemeroteka

8.733 kritika

« | »

Atertu arte itxaron / Katixa Agirre / Elkar, 2015

Euskal uda euritsuak Amaia Alvarez Uria / Argia, 2015-07-26

“Atertu arte itxarotea proposatu duzu; barre egin dizut, inuzente halakoa”. Horrela agertzen zaigu liburu honen izenburua testuan. Protagonistak liburua idazten ari den Ulia mezzo-soprano gasteiztarra eta Avilako Gustavo unibertsitateko irakaslea dira. Madrilen bizi da bikotea eta oporretan Euskal Herrian zehar kotxez bidaiatzea erabaki du, On the Road edo Beribilez lanak eredu hartuta.

Bidaia ez da bakarrik denboran eta espazioan gertatzen den mugimendu fisikoa, bilaketa, ihesa edo memoria ariketa izan daiteke, kasu honetan hirurak. Euskal gatazkari begiratzeko beste saiakera bat, bakezaletasuna ardatz duena. “Memoriaren barrunbeetan” sartuko da protagonista, maila pertsonal eta kolektiboan bizi (izan) dituen gatazkei buruz hitz eginez. Plano batean bikotearen eta familiaren gorabeherei buruz arituko zaigu eta beste plano batean “aktualitatea”-ren bilakaera agertuko zaigu, bi planoen arteko joan-etorriekin. “Tira, gure istorioan bonbak daude, eta hildakoak. Horrek egiten du agian diferente. Komedia erromantikoetatik diferente, esan nahi dut, ez munduan barrena suertatuko diren hamaika maitasun istorioetatik diferente”.

Pertsonaien gatazken barruko eta kanpoko begiradak emango zaizkigu, diskurtsoa, identitate eta jarrera anitzak eraikiz: ni eta zu ditugu, baina gu ere badugu. Baina nor da gu? Batzuetan bikotea, besteetan aberria. Bestea(k) nor d(ir)en ere aldatzen doa testuan zehar: belaunaldi, sexu edo genero bizipen, lanbide eta zaletasun desberdinak dituztenak agertzen zaizkigu “exotiko”. Adibidez, Sarah kazetaria (“Beldurra ematen didate tabernetan bakarrik edaten duten emakumeek”), Joseba aitaordea (“Ez nago ohituta beren bihotza parez pare zabaltzen duten gizonekin”), edo Benjamin Britten eta Peter Pears musikari bakezale eta gay-ak.

Bidaia baterako gonbitea, beraz. Eta irakurketari hasiera emateko (eta kritikari amaiera) bidaia intertestual txiki bat proposatzen dizuegu: 1) Pasarte batzuei darien ironia —Karmele Jaioren azken lanean antzeko umorea topatu genuen—. 2) “Marmotaren eguna” edo “Wild wild west” esaera ezagun eta erabiliek zinema estatubatuarrera garamatzate, honen eragina agerian utziz. 3) Ione Gorostarzuren Maite ditut zakilak gogorarazi digu protagonistak bere bikotearen zakilari buruz esandakoak. 4) Bip egiten duen makina ere agertzen da, nahiz eta segur aski ez duen Monty Python-ekoek zuten helburu komikoa. 5) JK kokteleriari buruzkoek Danele Sarriugartek Zulo tabernari buruz kontatutakoa berritu digute, idatziz jasota geratuko den Bilboko mikro-historia. 6) Eta amaitzeko BMV autoa eta honen iragarki ezaguna: “Te gusta conducir?”, abentura hau girotzera datorrena azaleko iruditik bertatik.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak