« Gain beherakada | Mugak »
Poesia kaiera / Gabriel Ferrater (Aritz Galarraga) / Susa, 2015
Momentu goren horiek Igor Estankona / Deia, 2015-05-09
Gabriel Ferrater (Reus, 1922 – Sant Cugat del Valles, 1972) poeta katalanak momentu batzuk dauzka gorenak, hain zuzen momentuari kantatzen diolako. Edo Beñat Sarasolak hitzaurrean dioen legez, “Ferraterren poesiaren oinarrian begirada moral eta psikologikoa dago, baina hari buruz modu abstraktuan jardun beharrean, egoera edo irudi konkretuak lagun ekartzen du orri artera”.
Ferrater lehorra da, nahita: “Gerrak eztanda egin zuenean, nik/ hamalau urte eta bi hilabete nituen. Hasieran/ ez ninduen bereziki hunkitu”. Zerebroarekin idazten du bihotzak diktatzen diona. Gerrak eztanda egin zuenean “berak” —ez munduak— hamalau urte eta bi hilabete zituen —zientifikoaren zehaztasuna denbora kontatzeko—, eta “hasieran” ez zuen “bereziki” hunkitu. Gero bai, gero gerraren gordinak aurretik eroan zuen belaunaldi eta haragi eta banderen olatuaren parte izan zen poeta ere.
Ferraterrek matematikako ikasketak egin zituen Bartzelonako unibertsitatean. Da nuces pueris (Eman intxaurrak haurrei, 1960), Menja’t una cama (Jan ezazu hanka bat, 1962) eta Teoria dels cossos (Gorputzen teoria, 1966) poemarioen autoreak intelektualen imajinazioa kitzikatu zuen poema barruko, sentitu eta erotikoekin, finezia arean siku batekoak denak. Baina denborarekin, eta suizidioaren ostean, fama hartu zuen.
Hemingway eta Paveseren itzultzaile, nihilista, poeta amerikarren zale, barbiturikoak hartu zituen bere buruari ezarritako berrogeita hamar urteen epemuga baino hiru aste lehenago, eta plastikozko poltsa bat.
Eta gertakariaren fama laburraren ostean, berriro isiltasuna. Horregatik, gaitza da Aritz Galarragak itzuli digun autorearen ekarpena kalibratzea. Sailkatu ezina begitantzen zait, kaotikoa uneka, inkonexoa. Goi-alemana eta txekiarra hitz egiten zituen, alkoholak lausotzen dizkio bizitzako zenbait pasarte, jenioa da zenbait atmosfera deskribatzen: “Putzu bat dago, urdin-ilundua,/ haurra zinenean ikusitako errebolber kanoia bezalakoa./ Iratze garaiak daude, eta eguzkiaren/ danborrak urrun eta ahul jotzen du. Txori bat dago,/ laztua eta berdea eta horia eta basatia”.
Eta liburua, zelan ez, In memoriam burrunbatiarekin ireki du Galarragak, autobiografiaren eta ametsaren arteko pieza luze hori, ehunka lerrokoa, bere obra guztia bezain iluminatua eta zehatza.
Matematikak eta eromena. Ferraterren poesia esperientzia gazi-gozo eder horietakoa da. Oparitzen dizkizu harribitxiak mikaztasunean irmoki ezarriak: “Eta oraindik, gaueko trenek/ txistu egiten dute pasaeran, asmoz krudel. Eta irribarre/ egiten diote gizonari, betirako, jakin nahiko lukeenari,/ betirako zoriontsu, bizitza dena izan dela,/ ez dela izango besterik ezer”.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez