kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Hilen logika ezkutua / Jabier Muguruza / Erein, 2014

Hamasei bizitza pusketa Ibon Egaña / Deia, 2015-01-31

Bizitza pusketak argitaratu eta hemezortzi urtera, helduentzako hirugarren narrazio liburua kaleratu du Jabier Muguruzak, lehenengo bildumaren izenburua ere ongi etorriko litzaiokeena. Hamasei bizitza pusketa bildu ditu Hilen logika ezkutua lanean, pertsonaia arrunten eguneroko gertaera xumeen inguruan eraikiak gehienak. Hala literaturan nola musikan, erraz identifikatzeko estilo bakana ondu du Muguruzak, arrandiarik gabeko ahots apala, hurbilekoa, ironia eta umore printzek gozatua, arretaz behatzen duen inguru hurbilaz mintzo dena.

Banatzear den emakumea, urtebetetze-ospakizun berezia nahi duen adin ertaineko gizona, podologoarenean epifania txikia izan duen pazientea… Halakoak dira ipuinotako pertsonaiak eta beren bizipenak. Inkomunikazioa, bikote barruko gatazkak edo adiskidetasunaren hauskortasuna dira gai usuetakoak. Haiei buruz askorik kontatu ez arren, idazleak pertsonaiak barrutik ezagutzen dituela dirudi, eta ezagutza hori irakurleari ere hitz gutxitan helarazten diola. Nolanahi ere, badira xumetasun horretatik urrundu eta fantasiara hurbiltzen diren ipuinak, eta baita narrazio-amaiera jolasti eta bat-batekoak dituztenak ere, ezohikoagoak Muguruzaren literaturan.

Gainbeheran dagoen mundu eta gizarte baten uneak harrapatzen dituzte ipuin gehienek eta dekadentziaren aurrean duintasuna mantentzeko borroka txikian ari diren pertsonaiak dira protagonistak sarri. Gainbehera hori artearen eta musikaren esparruarekin loturikoa da zenbaitetan. Arteak gizartean betetzen duen lekua eta artistaren funtzio soziala kezka-iturri ditu Muguruzak ipuinotan. Dekadentziaren jatorria, beste batzuetan, ekonomikoa da, krisialdi ekonomikoak klase ertainetan eragindako bizimodu-aldaketek eta pertsonaiei sorrarazitako gatazkek ipuin batean baino gehiagotan dute oihartzunik, modu sinesgarri eta hurbilekoan. Hainbatetan, giza-harremanen baitakoa da gainbehera eta ilunkerako tonua. Dekadentziaren eta duintasunaren arteko gatazkak etekin interesgarriak ematen ditu ipuin hauetan, oro har. Era berean, baikortasun inpostatu eta sarritan inposatuari izkin eta barre egiten die Muguruzak liburuan, ezkortasun goxatu bati lekua utziz, ironia fina lagun.

Txikira jokatzen du Muguruzak eta laburrak dira ipuin gehienak, xumeak kontakizunak eta apala ahotsa. Eskertzekoa da pretentsio handiegiei uko egiten dien mundu ikuskera; emaitza, ordea, ez da beti asetzekoa. Hainbat ipuinetan txikiegia da kontatutakoa eman nahi zaion esangurarako eta narrazioren bat anekdota edo burutaziotik hurbilago dago ipuinaren eskakizunetatik baino. Beste hainbat ipuin eskematikoegiak, bozetoak begitandu zaizkit, arnas eta garapen luzeagoa eskertuko luketenak; bereziki pertsonaien barne-munduak irudikatzea xede duten ipuin ez hain narratiboek bestelako garapena eta are hizkuntza literario konplexuagoa behar luketela etorri zait. Akaso liburuaren bertuteak eurak (txikira egindako apustua bereziki) bihurtzen dira tarteka bere ahulgune.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak