kritiken hemeroteka

8.549 kritika

« | »

Idi orgaren karranka / Victor Hugo (Koldo Izagirre) / Elkar, 2002

Paristarra “basatien artean” Amagoia Iban / Euskaldunon Egunkaria, 2002-10-19

Kondenatu baten azken eguna, Notre-Dame Pariskoa eta Miserableak lanen egilea jaio zela berrehun urte bete dira aurten, eta urtebetetze horren kariaz argitaratu du Elkarrek Idi orgaren karranka (Euskal Herrian gaindi, 1843) hau. Izan ere, hemen ere izan dira Victor Hugo (Besançon, 1802 – Paris, 1885) gogora ekartzeko ekitaldiak, Pasaian batez ere.

Victor Hugo idazle erromantiko bat dugu, “gure izaerari buruz euskaldun askok dituen uste ustelak eraikitzen lagundu zuen ameslari haietako bat”, esango luke inguruotako intelektual batek baino gehiagok. Izan ere, Baiona, Donostia, Pasaia, Lezo, Hernani, Tolosa eta Iruñea bisitatuz 1843an eginiko bidaian, euskaldunak gaztelarra ez beste zibilizazio bateko kide moduan agertzen ditu Hugok, beren berezko jantzi, dantza, kanta eta hizkuntzarekin. Eta garai hartan ere baziren nortasun hori gaizki ikusten zutenak: “Baserritar hauek beren jantzi pintoreskoekin egiten dute dantzan, alkandora zuri, gerriko gorri, bonet urdin, jakak lepoan, eder, noble, grazios, kasik antzinako. Iratxo batzuek, masail zabal apaleko tripandiek, lebitaz eta kopako kapeluz, mespretxuzko aire batean behatzen diete. Burgesak dira”. Nafarrak, gainera, euskaldun bezala agertzen ditu Hugok: “Tolosatik Iruñerainoko bidean, mando-mutil nafar baten lasterketa ikusi ez duenak ez daki ongi zer den harako euskaldun batek bezala lasterka egitea!”. Dena irudimen mugagabe batek asmatua, esan liteke. Hugoren testuon hitzaurre gisa irakur dezakegun Joxe Azurmendiren testu interesgarriak, baina, ustezko asmakizun horiek, erromantikoen aurretik hona bisitan etorri ziren idazleen kronikekin bat egiten dutela gogoratzen digu.

Jakin-min erromantikoa

Berezko nortasuna izateko eskubidea aldarrikatzeak besteren nortasuna ukatzearen sinonimo ez duela zertan izan argi asko zuen Victor Hugok. Jakin-min osoz heldu zion, gainera, aurkitutako nortasun ezezagunak hitzez eta marrazkiz azaltzeko lanari. Uniformetasunaren sukarrak Europan gaur egungo indarra hartzeko, urte batzuk falta ziren, eta pentsamendu-mundu egitura batzuei forma ematea ere falta zen oraindik: “Beste edozein tokitan hautsa zikina da. Hemen, hautsa ez da zahardadea besterik. Atzoko hautsa gorrotagarria da: duela hiru mendeko errautsa, ohoragarria da. Zer gehiago besterik? Arrantzale eta ehiztari herri honetan, ehiza egiten duen eta sareak zabaltzen dituen armiarmak herritartasun eskubidea dauka, bere etxean dago. Hitz gutxitan, den bezalaxe onartzen dut etxea”. Oso ongi, bai, baina, hala ere, erratza pasarazi du bere gelan Hugok, “eta bidali egin ditut ni baino lehen ostatuz zeuden armiarmak”. Testu honen izenburuak erabat zehazten du idazleak Pasaiari eman dion rola: Basatien artean. Euskal Herrian aurkitutako Pasaia modernitateak oraindik aldarazi gabeko herri “natural” baten sinbolo bilakatu zuen Victor Hugok, bere gogoeten kitzikagarri: “Emeki, nik hala-nola ikusten nuen auzo-paisaia hori sortu zuen; begia nihauren baitara neukan itzulia eta zabalik, eta ez nuen haboro natura ikusten, ene espiritua ikusten nuen”.

Gogoeta horien artean, lehendabiziko karlistaldiaren ondorioen berri ematen digu, txiki-txiki egindako etxeak nonnahi daudela esanez, karlistak askatasun zale eta liberalak naturaltasunik gabe agertuz, gerrari buruzko aipamenak aldiro eginez. Eskaleen presentzia toki guztietan sumatzen da, eta zulatuak dituzte atorrak neska euskaldun poxpolin eta kantariek: “Herrian [Lezon] sartzen nintzela, atso eskale serios batek, ehun urtekoa bai, pareta baten bazterretik zutitu eta erremusina eskatu zidan babes-keinu ikusgarri batekin. Bost zentimo eman nizkion mende honi”. Victor Hugo idazlea mintzo da, zalantzarik gabe, kronika hauetan guztietan, literaturtasunez blaituz testuak (kontraesanetan eroriz bada ere zenbaitetan). Idi beldurtuak lasaitzen dituzten bost urteko neskatoak, paisaiaren eta jendearen deskribapen zirraragarriak, bere pareten artean erreka bat gordetzen duten bordak, diligentzia bidaia harrigarriak… pasarte ederrak ditu liburu honek, zinez, interes sozio-politiko-historikoen gainetik irakurketa erakargarria egiten dutenak.

Azken kritikak

Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lurrez estali
Ximun Fuchs

Jon Jimenez

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Mikel Asurmendi

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

Hedabideak