kritiken hemeroteka

8.763 kritika

« | »

Iazko hezurrak / Unai Elorriaga / Susa, 2014

Pertsonon erroreak eta horroreak (espiralean eraikitako arkitektura erraldoia) Mikel Asurmendi / argia.eus, 2015-01-09

Irene Arrias da nobelako protagonista, algortarra, nobelagilea ere hala izaki. Algorta Getxoko auzoa da. Ez da udalerria, baina Euskal Herriko herri gehienak baino populatuagoa da. Algortak 40.000 biztanle ditu. Bilbo aldeko —Bilbo Handia deritzote erdaldunek— auzo-herria da. ETA fenomeno sozio-politiko armatuak utzitako arrastoen lagin balekoa da Getxo-Algorta.

Irene Arrias emakumea da, baina Unai Elorriagaren alter ego dateke. Arrias abizena bitxia da, deigarria. Datu horrek berdin dio edo ez dio berdin. “Berdin dio edo ez dio berdin”, narratzailearen esamoldea da, mundua agertzeko bere moduetako bat, idazlearen literaturaren adierazpidea, estiloa, adibidea… Irakurle hori, nik ez dizut horren baloraziorik eginen, arrasto bat baino ez dizut eman nahi.

Liburuaren azalean agertzen den emakumea Irene Arrias dateke, haren bisaia zartatua ageri ote da. Biolentziaren isla izan daiteke. Iazko hezurrak (Susa) izenburua, berriz, Iazko asto hilak aurten lurruna esaeraren sintesia izan daiteke. Kontrazaleko hitzek liburua nobela dela diote. Hori horrela denik ukatu gabe, ezin dut aipatu barik laga, liburua ere badela saiakera, badela ipuina —badituela ipuinak, badituela nazioarteko ipuinak—, badela kontakizun historikoa, badela kronika , badela… Nik ez dizut haatik, irakurle, horren baloraziorik eginen, hori balizko nobela honen konstantea dela aurreratu nahi dizut, arrasto hori ematen dizut.

Algorta Getxoko auzoa da, baita Neguri ere, baita Araeta ere, besteak beste. Algorta Euskal Herriko biolentziaren fenomenoa ezagutzeko leku aproposa da. Bertan hil zuten espainiar poliziek Txikia, ETAko buruzagia. Bertan hil zituen ETAk Azaola eta Solaun. Etakide izanak. Getxo, Espainiako Estatuaren biolentziaren monopolioaren toki aparta ere bada, 1936ko gerra zibilaren ondorioek ernarazi zuten ETA fenomenoaren ingurumaria. Edonola izanda ere, berdin dio edo ez dio berdin. Nik ez dizut, irakurle, horren baloraziorik eginen, hori liburu honen agerbidea dela aurreratu nahi dizut, arrasto bat baino ez dizut eman nahi.

Iazko hezurrak nobela delakoa lau ataletan eraikita dago. Horien artean, irakurle, zazpi ipuin aurkituko dituzu, tartekatuak. Ipuinok atzerriko egunkarietan aurkitu dituela dio egileak. Irene Arriasek Euskal Herrian nola, egileak orobat, atzerriko biolentzian ere erreparatu du. Interneten, egunkarietan liburuetan, baladetan eta sehaska kantetan arakatu du eta horren horrorea erkatu. Nik ez dizut, irakurle, horren baloraziorik eginen, hori liburu honen agerbidea dela aurreratu nahi dizut, horren arrastoa baino ez dizut eman nahi.

Liburu hau sailkatzea, liburu hau definitzea, ez da erraza, baina, noski, egun, literatura nola, mundua definitzea eta sailkatzea ere ez da erraza. Neronek, nire adimenaren arabera, nola-halako nire adimenaren arabera, liburu hau letren arkitektura lan erraldoia dela esan dezaket. Biolentzia duela hizpide. Biolentziak jendartean eta pertsonongan duen eragin itzela agertzen duena. Biolentzia fenomeno krudela da, liburuan narratua jatorri politikoaren ondoriozko biolentzia da —biolentzia mota guztiak izaera politikoan sustraitzen dira betiere—. Biolentziak zinezko laborria, izua zinez sorrarazten dituenean espiral modura espresatu ohi da. ETA fenomenoa, horrorezko eta errorezko fenomenoa —jendartean izua sorrarazi duena— espiralezko biolentziaren moldean oinarritua eta garatua izan zen, bereziki, bere bigarren aroan. Elorriagak ezaugarri hori baliatu du, besteak beste, Iazko hezurrak egituratzeko. Nik ez dizut, irakurle, horren baloraziorik eginen, liburu honen konstantea dela aurreratu nahi dizut, arrasto bat baino ez dizut eman nahi.

Biolentzia, bistan da, ez da Euskal Herriko ezaugarri esklusiboa, ez da euskaldunon geurezko ezaugarria, biolentzia munduko izaki guztion esentzia da. Biolentziaren fokuak nonahi daude. Liburu honetan Ruandako genozidioa (1994) ageri da nagusiki, baina beste batzuk ere aipatu ditu egileak: Alemania, Israel/Palestina, Italia edota Kolonbiako biolentziak, espiralezko estiloan eta zurrunbiloan tartekatu/narratu ditu egileak. Egileak horiek adieraztean asmatu duen, ez duen asmatu? Nik ez dizut, irakurle, horren baloraziorik emanen, liburu honen ezaugarria dela aitzinatu nahi dizut, arrasto bat baino ez dizut ematen. Berdin dio edo ez dio berdin.

Nolanahi den ere, literatura egileak nola iruzkin egileak ere, nahi gabe edo nahita, bere inpresioa uzten du liburuaren arrastoan. Berbarako, Bodrogiren zuhaitzak ipuina lagin lez harturik, lau orrialdeko ipuinean, protagonistaren izena, Jens Bodrogi, 30 bider idatzi du egileak. Mobru, Tandra familiakoa dela, ez zaizu ere oharkabean pasako irakurle. Biak dira biktima, biak borreroak. Nik ez dizut, irakurle, horren baloraziorik eginen, hori liburu honen agerbidea dela aurreratu nahi dizut, arrasto bat baino ez dizut eman nahi. Berdin dio, ez dio berdin.

Letretan adituek diotenez, dela saiakerak dela kronikak, horiek ez dute balio errealitatea edo egia agertzeko, ez dute objektibotasunik ez sinesgarritasunik eskaintzen. Genero horiek ez dira objektiboak inola ere. Letretan adituek diotenez, historiako espresio bortitzak —historia espresio sozial gehienak bortitzak dira— fikzioaren bidez kontatuak baino ezin dira sinesgarriak izan, ezin bestela objektiboak izan. Balizko nobela honen eraikuntza aparta da, arkitektura lan erraldoia, alta bada, arkitekturaren literaltasunak zirrararik eraginen ote dizun, irakurle!? Hori zuk zerorrek, literatura eta honen tasunak bizitzeko dituzuen irizpideen gustuen baloreen araberakoa —izanen ote— da. Nik ez dizut, irakurle, horren baloraziorik eginen, hori liburu honen agerbidea dela aurreratu nahi dizut, arrasto bat baino ez dizut laga nahi izan.

Azken kritikak

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak