« Ez gara geure baitakoak | Aliceren abenturak lurralde miresgarrian »
Fisikaz honatago / Eduardo Gil Bera / Pamiela, 1990
Fisikaz honatago. Ez haratago Patziku Perurena / El Diario Vasco, 1990-01-30
Enpresario bokaziodun idazletto asko topatuko duzu gaurko mundu txintxoan, metafisika fisikaz haratago dagoen ergelkeria hutsa edo alferbiajea dela aho betean esanen dizuna. Halabaina, metafisikaren hau, bakaziotan Moskuko Plaza gorria ikustera joatea baino askoz ere probetxu haundiagoko biajea dela erakusten digu behin eta berriz gure ‘Montaigne Luxiak’ bere atzeneko liburuan. Fisika eta giza zientzia guzien dotrina metafisika dela. Metafisika ez dela fisikaz haruzko zerbait, fisikaren helduleku baizik. Materiaren zientzia baino lehenagokoa dugula gogoaren zientzia. Honekin heltzen baitiogu hari beti. Ez harekin honi.
Metafisikak erreka jo du, dio gaurko sinesle modernoak. Ezagutzaren haurtzaroari zegokion hura. Fisikak garbitu ditu haren misterioak. Erdi Aroan filosofoak metafisikatik abiatzen ziren gauzei buruzko balizkamenduetan; oraingo honetan fisikatik egiten du. Baina, fisika ere, ez pentsa ezetz, bertze giza behar eta beldur batek araberatua da: gizakiak behar du beti bere hartan tinki segitzen duen eta kantitzen ez den mundua; bere burua bezala dirauena eta kontramintzatuko ez dena.
Behar horren motibuz, gizakiak eginikako balizkamendua halako begitartez lotzen zaio bere jainko fisikari, non egia bakarra fisika den; izan ere, fisika ez baita inoren nahikeriara arautua; fisika ez baita inoren eskumakil; fisika baita axiomak finkateko gauza den zientzia bakarra.
Kontsolamendu haundia da. Honek ere gizakiaren baitan baitu bere funtsa, eta hagitz ongi frogatzen baitu hori ez dela horrela. Horra zertaz, “Fisikaz honatago” bataiatu duen Gil Berak bere entsegua, dena gizaitxuratu nahi duen giza gogoari balizkamendu ugariren bidez behako batzuk emanez. Aurreneko behakoa denboraren jariokortasunari egiten dio, harako zazpirehun urtez txori baten kantua aditzen eqondu zen Nafarroako San Birila fraidearen istorio hura aitzakitzat hartuz:
Nerekin zinen asper beldurrez / eta txoriari beha zazpi mendez
Zer da infinitoa? Nahasmendu guzien iturburua, zerbait haundi delako iduria. Eternitatea ez da luze eta ez da denboraz eginikako zerbait ere. Gizakia eternidadearen berria galdu duen animalia baita, eternidadea zer den ez dakien izaki bakarra. Ohartzea denbora nola sumatzen duen zuhaitz batek, animali batek, lagun distraitu batek, eternitatetik askoz ere hurbilago diren gauzak dira, denbora zati baten iduria egitea baino. Ene iduriko eternidadeak luze irauten duela aditzera ematen duten konparantzek haren ideiagandik urrundu egiten gaituzte. Gure denborak badu bere marka berezia, oraina dario:
O ixtant, geldi hemen / horren eder haizen!
Bigarren behakoa giza nortasunaren sustraian oroimenak duen garrantziari egiten dio:
Oroitzean datza nortasunaren koxka osoa. Oroitzea hainbertzeraino da norberaren ezaugarria non hartaz maratzen baita zentzatuen eta erotuen arteko muga eta marra. Oroitzapenaren hutsuneak bete eta antolatzeko eraz eta moldez erakusten du nork bere nortasuna, izakera edo berezkotasun hori. Ez ahantz, zenbat buru hainbat aburu, eta hainbat oroitera.
Denborari hain hertsiki loturik dugu adimena, non hein batez adimena denbora dela erran baikenezake. Adimenak tarteka errepikatzen den eta sumatzen dugun edozein hotsi baietza ematera eta segitzera bulkatzen gaitu, hari koro eta konpartsa egitera. Eta tarteak berdinago, gu bulkatzenago. Hau gure gogora ala gure damuz. Ez da arrazoinamendurik hemen. Diotena diotela, errimatua den ber, onarpen suertea sortzen zaigu. Aspaldiko maina zaharra, entzulegoaren baietza sortzeko. Hau, aunitzetan, entzuten dena ulertu gabe gertatzen da.
Gai aproposa, gaurko giza gogoak bizi duen entropiari buruz beste entsegurik egin nahi duenarentzako. Izan ere, kantu erraldoi erogarri baten errima errepikatuak bezalatsu har baitaitezke orduero ematen diren irrati notiziak, edo egunero ordu berean ematen diren telenobelak, etabar… Ikus dezagun orain, zer idurikatzen digun hirugarren behakoak, iragan usteko ezteus horrek:
Laburki errateko ez naiz neure iraganaren mozkina eta ondorioa. Ez. Justuki alderantziz. Neure iragana hauxe dut: neure mozkina, ondorio eta obra. Iragana, bere erro hartatik kantitzen ez dena, behin betirako finkaturik gelditzen dena, egia idurituko itxura bat bakarra daukana. Jainkoaren liburu guzietan xeheki meheki apaindurik dena, histori liburu egiatietan agertzen dena, ez antolabiderik ez aldatzerik ez duena, hor, iragan hori ez da existitzen, zeren, izateko ere, deusik kontrarioena baita: idurika mugikor, aldarrex, eta aroz gain, bere burua bezala sekulan ez dena, ixtant bakoitzaren seme berezia baita.
Baina, hori leitzean, ez dezala lainezak hartu oraingotasun txoroan galdutako modernillo kanpoederrik, haiei ere behakoa luzatu die-ta ‘Narbarteko Luxiak’:
Aktualitatea, gaixotasun moeta berezia da. Berezia, denboraz larritzen delako. Modernilloak badu bere kontentamentua, destenorez eta desmodaz direnak berari so miretsirik ikustearekin. Halakorik orotan bada ere, bada kazirratelerik ez den zokorik, hirietan bereziki usu dira kutsatuak, betidanik erran da izurriteak zitaltsuago direla halako tokietan. Eta are gehiago unibertsitateetan, han gogorki antsiatuak dira, ez baitezakete liburu berri guzien uholdea berenganatu, izugarri emanik ere, eta laburpenen laburpenak egiten dituzte (nik orain bezala) lukainka egiten den gisan, eta hauekin bertze liburu berri bat, une batez azkena eta puntaren puntan izanen dena. Liburu horrek antsia eta kezka gehiago eraginen die omenez haren berri izan dezaten kutsatuei. Zaila eta neke zinez, a tempo obigaziozko liburuak irakurtzea, kultur aktualitatearen lehen manamendu horren betetzea.
(…) Bi mendeinguru duela, Goethe-k ars non legendi-an aritzeko gomendatzen ohi zuen. Erran nahi baita: ez irakurri azken poema, deiadar politikoa, elaberria, kazeta (euskaldunona barne), saioa eta abar. Zinezko oskurantismoa —zioen hark— ez dator liburu onak argitaratzeari trabak jartzetik, baizik eta obra kaxkar eta txarren ugaltzetik.
Gure herrira begiratu, eta min ematen du egia honek. Luza dezagun beraz hurrengo behakoa min horren muinera:
Bizitzeko gai izatea min egiteko gai izatea da. Zeruko berririk ez du ematen inongo erlijioak. Denak infernua dizute irudikatzen. Ez ote da gauza kuriosa jenderik interesanteena infernuan egotea? Krudelak zein urrikalkorrak min ematea dute xede.
Gaurko apezkodo etikazale eta besteren laidobiltzaileak ez bezala, garai bateko estoiko eta epikuriarrek laidoak ez biltzean eta ez afruntatzean bertze goimailako duintasuna sumatzen zuten. Bertze mina baitzuten gogoan apika: “min pikor eta xixtrin horren aldean, gizarteko ohore faltsu horren aitzinean, ez ezazu amore eman, zeren jakin behar baituzu, hori baino mingarriagorik badela, zuretako duinagorik. Bizitzeko mina ezagutzearekin, etengabea, aski izanen duzu egunsentiko ñabardurarik ttipiena, dohatsu izateko”.
Ikus dezagun hori egia denez, bidebatez egia bera zer den behatuz:
“Gizakia, berez bere, on da, eta bere natural egoera bakea da, orduan denak mintzo ziren zintzo eta egiazki, handik honat, legeek eta gizarteak zabartu eta gaiztotu dute gizaki on hura”. Honen esale, J.J. Rousseau izan zen, egiaren urrezko aroa asmatu zuena. Baina egia hutsa ez bide da biziaren kiderik hoberena. Badirudi, erran beharra dela, denborarik rousseauniar eta inozenteenean ere, okerra eta gezurra osoki beharrezkoak zirela. Biziak, Nietzschek zionez, nekez jasaiten baitu egiarik.
(…) Historialariak ditugu gero, gertakari guzien notarioak. Hauen kontra ere mintzatu behar da gora eta klarki. Aitzineritzirik gabeko historiarik ez da. Historiaren egiak, gainekoek bezalaxe, fede baten azalpenak dira. Aitzinako filosofiaz, egiaren fabrikatzaile haien muntaketei “dialeloak” erraten zitzaien. (…) Estatua liteke gaurko exenplurik ageriena. Estatua, bere osoan, dialelorik munstroena da; estatuak bere burua epaitzen du, eta bere fede onaren eta helburu garbien bermea estatua bera da. Baina, ororen buruan, egia horien bermea gizonak izan duen egiaren beharra da. Gizakiari bizi ahal izateko premiazkoa zaion egiaren gezur urrikaltia.
Baina, egiaren bilatzea ezagutzatik dator, beha dezagun azkenik, gaingiroki bada ere, zer den ezagutza:
Ezagutza ez da ekintza jasailea, inola ere. Ezagutza menperatzea da. Nork bere izaria inposatzea; azken zerean mundua nork bere irudiko egitea. Ezagutzak, gaineko interpretazio eta xede guziak ukatu eta baztertu egiten ditu, eta soil soilik bere helburuaren arauz baieztatzen, bermatzen eta moldatzen du.
Beraz eta bukatzeko: zientzia ere orden suertea irudikatzeko eta inposatzeko entsegua da. Natura, hain erabilia den metafora puska hori, kontzeptu eta iduri bilakatzea da zientzia. Hala bada, gogoetan aritzea, nork bere gezurra prestatzea da. Halatsu esaten zuen behintzat orain dela gutxi ez dakit norainoko zulo beltzak espazioan aurkitu dituen fisikari anormal batek: zientzia ere, azken batean, poesia hutsa dela. Ozonoaren metafora, esate bateko, nik ez nuke esanen Amabirjinaren himenarena baino itsuago sinisteko denik, baina, gaurko zientzilari, ekologista eta beste idiota askok itsu itsuan sinistu du. Zer esanik ez, pakea, iraultza, demokrazia, feminismoa, sikologia, sexologia eta beste modako erlijio ergel guztiak.
Oraindik bai baita jendea, sinistea elizara joatea bakarra dela uste duena. Eta bien bitartean, horrexegatik beragatik elizara joan gabe gelditzen dena izaki, sineslerik okerrena. Ez, nihil novum sub sole, ‘Luxiak’ esanen luken bezala bukatzeko.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres