kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Balizko erroten erresuma / Koldo Izagirre / Susa, 1989

Dinamita bustia Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1989-12-27

Damutu famoso bat edo beste bada letren historia santuan. Burura datorkit “Tractatus” ezagun hura idatzi zuena, Wittgenstein jeniala. Ondoren, liburu hartan idatzitakoa gaitzetsi zuen erabat, eta handik aurrera alderantzizko liburuak idatzi zituelarik. Batzuek “Tractatus”a, gaztaroko-bekatua maiteago dute. Beste batzuek ez.

Koldo Izagirre ez da Wittgenstein, baina badirudi bide beretik dabilela, “Itsaso ahantzia”tik “Guardasola ahantzia”ra gaztaroko bekatuak ere. Mea culparik ez. Inork ez dio ordea Moscuko Prozesu aipagarri hartan egon zirenei eskatu zitzaiena eskatu, izan zirena publikoki uka zezaten eta beren buruari aurrerantzean izan zirena izango ez zirela mehatxa ziezaioten. Beren kabuz dena. Gogoeta sakon baten ondorioz, noski.

Damascorako bidea batzuekin eta besteekin damutuez betetzen ari zaigu. Murrua bota dutenean, murruaz baliaturik sistema autoritarioa ezarri dutenak hanka puntetan. Murrua bota dutelako bihotzean min dutenak hegaldaka. Baina inork ez die azken hauei traidore hitza leporatuko. Kontsekuenteak bait dira. Konturatu dira poesia balizko errota izanik beraiek direla kixote bakarrak.

Koldo Izagirreren liburua aitorpen-liburu gisa ulertu behar da, bere buruarekiko elkarrizketa etengabea, autodialektikoa, zer den eta non dagoen, betiko galdera metafisikoei, zer den eta non dagoen dakienetik erantzuteko saioa. Oso euskalduna bestalde. Gogo-ihardun kutsua dario.

San Inaziok ere marra bat trazatu zuen iragan eta geroaren artean, zaurien zauriez sendatzeko Loiolako etxera erretiratu eta erlijio-liburuak irakurri zituenean. Izan zena, gizonen arteko gerlari. Izango zena, arimen arteko gerlari. Irabazteko jaiorik, irabazteko biziko zen. Lurreko loriaren ordez, zeruko lori eternala.

Katexima-liburu gehiegi, heroe eta santuen istorio gehiegi gure artean. Jesucristoren Imitazionea. Bi saindu heuskaldunen bizitza. Poesiako desertutik hamar urtetan zeharko ibilaldia. Erreflesioa. Inor ez da ez dena. Bere haseran dago bere amaiera, nahitaez. Damaskoratuek ez dute T.S. Eliot maite. Ez dute beren iragana besterik maite. Hainbeste non publikoki deitoratzen duten.

Koldo Izagirrek Lauaxeta maite duen gisa: “Ezin hazaket maita afusilaturik besterik”. “Ezin zaitzaket maita gurutziltzaturik besterik”. Errepikatuagatik min dagi belarrietan. Eta negar egiten nuen gogo-ihardunetan.

Sakrifizioaren eta sofrikarioaren erlijioak sakrifizioaren eta sofrikarioaren poesia dakar: “Sufritzen dakigunok bakarrik bizi gara / Hemen ez dago lekurik / Oinazez zientzia bat egin dutenentzat”.

Oinazez oinaze oinazearen ibaitik.

Gogo-ihardunek ez ninduten sekula santan indiferente utzi. Liburu honek ere ez. Arrazoia du dinamita dela esan duenak. Arrazoia du. Dimamita da. Baina hainbeste ur eta ibaitatik pasata, dinamita bustia. Hitza besterik ez.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak