« Gurutzearen zama uzteko saioa | Ildo berean »
Hodeiak zapatetan / Mikel Etxaburu / Susa, 2014
Oroimenak ziegara itzuli nahi du Hasier Rekondo / Berria, 2014-05-25
“Badakigu ziega euskal literaturaren mintegi emankorra izan dena poesia idatziaren hastapenetik, eta badakigu joera horretan ez dela erabateko etenik gertatu egundaino”, dio Jose Luis Otamendik Joseba Sarrionandiaren Kartzelako poemak (Susa, 1992) liburuari egin hitzaurrean. Hala ere, kartzelako hormek berez ez dute zertan ziurtatu barnean edota kaleratu ondoren ekoiztutako literatur lanaren gorentasuna. Ehunka euskal preso egon dira estatu ezberdinetan sakabanatutako kartzeletan azken hamarkadetan. Denek ez dituzte lerrotan paratu hango esperientzia lazgarriak.
Hodeiak zapatetan (Susa, 2014) Mikel Etxabururen (Ondarroa, Bizkaia, 1969) bigarren poesia liburua dugu. Aurretik Zu zara orain txoria (Elkar, 2011) kaleratu zuen. Bigarren entrega honetan, kartzelako oroitzapenak, maitasun ezinduak, desio ebakiak eta askatasun egarriak uztartzen ditu. Poemarioa hiru azpi-ataletan banatuta dago: Oroitzak (kaleratu berriaren oroimena ziegan lagatzen da beti), Oskola (parterik “pertsonalena” kartzelan bizitako esperientziez eta maitasunaz), eta Gerezi gorriak, azken “koda” gisa kaleratuaren etorkizuneko ametsez eta lokamutsez ari zaiguna, “Badiotsut / kartzelara itzuli nahi izan dudala / behin baino gehiagotan, / hango ziegaren txikitasunera, / harresiaren gerizpera, / zementuaren margotutako /arrakaletan ezkutatzera”. Azken parte hori dugu, edukiaren aldetik bederen, ausartena eta berritzaileena; izan ere, preso ohiaren bakardadeaz oso gutxi hitz egin da gure literaturan; ziegaren “epikotasun pertsonala” edo bidegabekeriaren gaineko alde politikoak izan dira hizpide nagusiak.
Liburuak ustekabe gutxi eskaintzen ditu Oroitzak lehen atal sinbolistagoan, erabilitako metaforak eta irudiak aski jorratuak izan dira poesiaren historian. Horrez gain, Gabriel Arestiren itzala luzea da. “Eta …sustraiak hasi zaizkit zainetan / harrian zelai leunak zabaltzeko. / Sustraiak sortu zaizkit eskuetan / zure enborrari sendo eusteko”. Naturako erreferentziak erabiltzen ditu Etxaburuk preso ohiari gailentzen zaion ezinegon existentziala arintzeko, natura salbazio aingura gisa darabil poetak. “Haizea / libre dabil / eta gu / haizea / pasatzen ikusten / ohitu gara”.
Oskola izeneko bigarren partean, poetak pertsonalizatu egingo ditu ziegako atearen geldotasunaz askatzeko edukiak, eta nago testigantza pertsonal krudelaren gisara ondutako poemak direla lortuenak, Haraindi lekuko: “Hemen basazkoa da denbora / barakuiluen ibiliaren modukoa. / Hemen miopeak gara denok, / errepublika berririk /eraikitzeko asmorik gabe nabil, ez naiz Robinson Crusoe / eta burusoilegia naiz Ostiral izateko”.
Poemarioan amodioak badu lekurik. Erromantizismoan eraikitako maitasunaren eredua esan nahi da. Poeta zerbaitek askatuko badu, maitasuna izango da. Maitasuna, ezindua den heinean, idealizatua izango da, eta horrek baditu bere arriskuak. Gauak dena berdintzen duenean, erromantizismoan sustraitutako maitasunak babesa hartzeko aukera bermatuko du, arnasa hartzen den modura. “…elkar maite dutenek egiten duten eran / nire beso artean / zu berriro biltzeko / gauaren babesean”. Eta aurrerago, “…horregatik astindu ditut / armiarma-sarean itsatsi zaizkidan oroitza meheak…”. Ziegak badu zeresanik zoritxarrez euskal literaturaren ibilbide gorabeheratsuan. Bertan lagatako oroitzak oskol gisa itsatsi zaizkigu oroimen kolektiboan, baina sorkuntzarako tresna berriak aurkitu beharrean gara.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi