« Ez da dena larrua | Poesia urratuz »
Zenbat lur behar ditu gizon batek? / Leon Tolstoi (Mikel Vilches) / Denonartean, 2011
Lur-gose asegaitza Iraitz Urkulo / Berton, 2014-03
Lev Tolstói errusiar narratiba errealista literatura unibertsalaren gailurrera eraman zuen idazletzat hartu ohi da, Dostoievskirekin batera. Nagusiki Guda eta bakea eta Anna Karenina eleberri potoloen egile gisa ezaguna bada ere, neurri txikiagoko bestelako maisulanak ere utzi zizkigun; horietako bat, Denonartean argitaletxeak kaleratutako Zenbat lur behar ditu gizon batek? ipuin luzea, Mikel Vilchesen itzulpen bikainari esker eta Elena Odriozolaren ilustrazioen laguntzaz orain euskaraz goza dezakeguna.
Liburuak sekula ase ezin duen lur-goseak jota, estepan barrena gero eta lur gehiagoren bila abiatzen den Pahom izeneko nekazari baten istorioa kontatzen du, egiazki gizakion handinahiaz eta honek ekar ditzakeen ondorio arriskutsuez ohartarazten digun parabola bat dena. 1885ean idatzia, lanak krisi espiritual sakon batean murgilduta zegoen eta “kristautasun anarkista”, “altruismoa” edo “naturismo bakezalea” bezalako kontzeptuekin bat egiten zuen garai hartako Tolstóiren ideologiaren isla da.
Aurkakoak diruditen bi bizimodurekin ekiten dio idazleak kontaketari, hiriko merkatarien eta landa-giroko nekazarien bizimodua eta jokaeraren arteko dikotomian oinarrituz, hain zuzen. Hasiera batean bigarrenen apaltasuna, lankidetza, zintzotasuna, balio sendoak, auzokoen arteko konfiantza, eskuzabaltasuna, adostasuna… hitz gutxitan adierazita, nagusitasun morala aldarrikatzen da; aldi berean, nekazariak itotzen dituzten administrazioko zergak eta isunak, mailegu-sistema, inposatzen zaizkien bizi-baldintza prekarioak eta bestelako bidegabekeriak gaitzesten direla. Era honetan, kutsu filosofiko nabarmeneko testu baten aurrean gaudela konturatzen gara, non helburua transzendentziaz beteriko gai baten inguruan, hau da, irakurleoi giza-existentziaz hausnartzeko aukera eskaintzea den.
Istorioak aurrera egin ahala, Pahom protagonistaren bilakaerak arreta osoa bereganatzen du. Izaera apalaz ahaztuta, eta lur-jabetzaren sukarrak eraginda nonbait, herritik alde egin eta estepan barreneko bidaiari ekiten dio lur gehiagoren bila, zerbait are okerragoaren pertsonifikazioa den deabru-morroi baten aholkuak (ala hobe nuke “mendekuak” esatea?) gidatuta, bere baitako handinahia eta ondasun-behar aseezina baino ez dituela lagun. Baxkiriarren eskualdera iristean, ordea, arbasoen arau eta ohiturak errespetatuz eta naturarekin harmonia betean bizi diren herri hartako zaharrenek hurrengo erronka egingo diote: egun oso batean ibili ahal dituen lur guztien jabe bihur dadila.
Horrela, Pahomek jakin gabe, egiatan haren buruarekiko borroka burutzea eskaintzen diote, handinahiak dakartzan frustrazio-sentipena eta zigorra lehen pertsonan pairatu eta hortik, parabola orori dagokion bezala, ikaspena atera dezan. Amaiera aparta agerian uzteko asmorik gabe, nahikoa izango da azken atalean gertatzen den gizarte-arauen, handinahiaren, gizakiaren ahulezia, balio moral eta muga fisikoen, naturaren legeen eta errealitatearen arteko talka zirraragarria iragartzea.
Kontakizuna osagai eta argumentuaren aldetik sinplea izanik, ez da honakoa testu inozoa, are gutxiago manikeoa edo moralismo hutsean eroritakoa, aitzitik, erreferentzietan aberatsa, metaforen erabileran sakona, esanahian konplexua, hizkeran biluzia eta eraginkorra, urruneko paisaien eta hango jendearen deskribapenetan exotikoa bezain zehatza eta estetika aldetik oso lan dotorea dela iruditzen zait. Gainera, ia 130 urte igaro direnean ere, gaurkotasun handiko obra izaten jarraitzen duela ezin uka; azken batean, istorio honen bitartez Tolstói, ondasunak alboraturik, giza-esentzia berreskuratzeko beharraz mintzatzen zaigu. Agian zuk, euskal irakurle, ez duzu estepa sekula zapaldu, edo ez zara nekazaritzan aritua, baina pentsatu al duzu inoiz zer behar ote duzun zoriontsu bizitzeko?
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Jon Jimenez
Simulakro bat
Leire Ugadi
Maddi Galdos Areta
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Ibon Egaña
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Paloma Rodriguez-Miñambres
Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga
Mikel Asurmendi
Turismo hutsala
Fito Rodriguez
Asel Luzarraga
Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Pleibak
Miren Amuriza
Mikel Asurmendi
Izena eta izana
Jon Gerediaga
Asier Urkiza
Amok
Stefan Zweig
Nagore Fernandez
Auzo madarikatua
Felix Urabayen
Jon Jimenez
Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Amaia Alvarez Uria
Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga
Joxe Aldasoro
Bisita
Mikel Pagadi
Mikel Asurmendi