kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Baso ilun itoan / Jabi Santa Cruz / Erein, 2013

Hegaldatu bai, iritsi ez Alex Gurrutxaga / Berria, 2013-12-01

Jabi Santa Cruzek haur eta gazte literatura lehendik landua bazuen ere, hauxe da espreski helduei zuzenduriko bere lehen liburua. 2011ko Blas de Otero Bilbo Uria IV. Poesia Lehiaketa irabazi zuen bere lanak, eta ondotik etorri da Baso ilun itoan liburuaren argitalpena (Iñaki Geijoren marrazki ederrekin).

Hiru ataletan banaturik dauden 65 poemak osatzen dute liburua, eta esan daiteke poema bilduma baino gehiago poesia liburua dela; izan ere, batasun handia du lanak, tonua konstantea da eta, oro har, poema guztiak hari beraren bueltan kokatzen dira. Sariketaren epaimahaiak poesia honen serenitatea eta melankolia nabarmendu zituen, eta baita erakusten duen minari buelta emateko ahalmena ere.

Sentsibilitate poetiko agerikoa du Santa Cruzek. Poeta izadiari begira dago, eta bere begirada liluratua da: mugimendu txikiak behatzen ditu, ñabardurak, izaki xumeei dagozkienak (bereziki txoriak, baina baita loreak edota zuhaitzak ere). Ez da begirada ironikoa; alderantziz, funtsean poesia analogikoa da. Alegia, gertakari xume horiek gai eta ideia unibertsalagoak iradokitzen dituzte. Txikitasunetik unibertsalerako bidea da poesia honek bilatzen duena, instant batez arteak (poetaren begiradak) harrapatu nahi balu bezala gainditzen gaituen “zerbait absolutua”: denboraren iragatea, heriotza… Zein da, ordea, poesia mota honen arazo nagusia (eta beharbada guztiena)? Analogiak funtzionatzen ez duenean, irakurleak ikusten ez duenean konkretutik unibertsalerako jauzirik, ez denean egiten detailetik orokorrerako bidea, poesia hegaldatu egiten dela, baina iritsi ez. Hortxe dago liburu honen muga nagusia: aipaturiko bidea burutu gabe geratzen da maiz, eta poemak deskribapen poetiko ederraren mailatik haratago joan ezinik geratzen dira.

Maiz, diot, ez beti. Izan ere, badaude ongi funtzionatzen duten poemak. Esandakoa argi erakusten duen adibide bat ekarriko dut (Urria poema): “Urrutiko pagoak dira / lehenak gorritzen. / Urrutiko mendiak / lehenak zuritzen. / Patuaren horzkada, / gero eta gertuago. / Zeruko seinaleek / gezurrik ez, / tamalez”. Neguak, finean, guztiok harrapatzen gaitu.

Tonu narratiboa da poema hauetan nagusi, eta egileak ez du baliatzen ez prosodia aldetik ez pentsamendu-figuren aldetik aparteko errekurtsorik. Aldiz, irudiaren lanketa agerikoa da: horrek eusten dio Santa Cruzen poesiari. Tartean-tartean, gainera, eraiki ditu tropo ederrak, metaforak nagusiki (adibidez: “Haizeen harietan poema etengabea…”). Dena esateko, badira poesiaren sotiltasuna itsusten duten topiko zenbait ere, bai adjektibazioan (“haize eme”, “soinu bigun”, “goiko bortu”, eta abar) bai sinboloetan (esaterako, gutxienez Pizkundetik etengabe erabili izan den “bortu-ibar” oposizioa Basapiztia eta Behean. Goian poematan, deus berritzailerik gabe). Edonola ere, izadiari loturiko iruditeria nahiko fina da oro har.

Santa Cruzek baliatzen duen beste errekurtso interesgarri bat (tradizioz modernista) da poemei tituluak jartzerakoan desbideratze moduko batekin jolastea. Horrela, maiz titulua poemaren osagarria da, eta ez hainbeste poemaren azalpen edo sintesia. Adibidez,Orbana izena duen poema da hau: “Tiro hotsa laburra ohi da. / Haren oihartzuna, / amaigabea”. Irakurleak erlazionatu beharko du titulua poemarekin.

Esango nuke, amaitzeko, badagoela poesia honetan gailentzen den bizi-kondizio bat (egoera ontologiko bat, nahi bada), ehiztariarena hain justu: hiltzailea bera da, baina era berean “lakioan harrapatuta” dago, “gatibu”; berak osten du bizia, baina “heriotzaren misterioaz sakon-sakonean” hunkitzen daki; Jainko txiki izatera jolasten da, eta beharbada horrexegatik, bizitzaren tragedia ezagutzen du.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak