kritiken hemeroteka

8.711 kritika

« | »

Bizkartzainaren lehentasunak / Iñaki Irasizabal / Elkar, 2013

Pastel beltza Iker Zaldua / Gara, 2013-09-01

Esku artean Iñaki Irasizabalen Bizkartzainaren lehentasunak hartu eta besaulkian esertzean, orri artean gordetzen dena ezagutzearen ziurtasuna azaleratzen da. Izenburua bera aski iradokigarria da, lehen orrietan ere disimulurik ez: erakundea, bahiketa, kartzela edota ertzainak. Agertokia Bilbo. Osagai horiekin egin daitekeen pastelak zein zapore izango duen irudika daiteke, azukre gehiegi duen ala labean zenbat denbora utzi duen loditzen, horratx zapore hori baldintzatuko duten kontzeptu bakanak.

Halaxe da, gure gizartean ondo ezagutzen ditugun osagaiak dira, kontakizun historiko gisa koka daiteke lehen kolpean begiratuta, izenak aldatu eta gertakari erreal baten kronika izan daiteke begirada azkar batean. Hori baino gehiago da, ordea; nobela beltza da Irasizabalek proposatzen duena. Aurrez aipatu bezala Bilbo da kontakizunaren agertoki bakarra, atzeko muralak aldatuz doaz, baina Bilbo agertzen da hondoan beti.

2011. urteko udan gaude, ETAk armak behin betiko utziko dituela ofizialki iragartzeko egun gutxi baino ez. Erakundean ibilitako zinpeko zaindariak, bere lanaz asperturik, ertzain-etxetik bizkartzain modura aritzeko eskaintza onartzen du gehiegi pentsatu gabe, bizitzari saltsa min apur bat botatze aldera.

Poliziak erakundean infiltratu duen satorra babestea hiru hilabetez, hori eginkizuna, urtebeteko soldata ordainetan. Alaba Bilboko Udalean zinegotzia du zinpeko zaindari horrek, Bilduko zinegotzia. Kontakizuna lineala da, gertakariak bata bestearen atzetik kontatzen dira, ordena logiko batean gertatu eta kontatzen dira. Erritmoa azkarra da, ez da gehiegi nahasten deskribapenetan, ez da gehiegi nahasten gogoeta edo hausnarrean.

Hirugarren pertsonan dago kontatua, irakurleak aurikularrak jarri eta eszenak ikusten ditu narratzailearen ahotsa entzunez, hurrengoan zer gertatuko den susmatuz, baina jakin gabe. Ezusteko gutxi azkenera iritsi bitartean, irakurleak eszena bakoitzean badaki zerbait gertatuko dela, badirudi filma ikusten ari dela eta zerbait gertatzera doala abisatzen duen musika entzuten dela. Eta gertatu egiten da, eta irakurleak hori gerta zitekeela pentsatzen du, logikoa zela, zain balego bezala. Azken aldera, ordea, bidean egin dituen eta egin dizkioten korapiloak askatzen hasiko da protagonista eta orduan konturatuko da konplotaren zurrunbiloan kokatu dutela, eskaintza amua zela egiaz, urtebeteko soldata jaso arren, bizitza osoan ordainduko zuela lanari baietza eman izana. Irakurleok ere orduan ikusiko dugu kontakizuna belzten hasten dela, historikoaren adjektiboa lausotuz doan heinean. Ez dira ugariak nobela beltzak gurean, euskaraz irakurri izan ditugu, Igelak badu horretan erru pixka bat, baina gehienetan itzulpenak aurkituko ditugu, berezko produktu gutxi. Eskertu egiten da ahalegina, baina horren osagai aurreikusgarriak alde batera utziko nituzke nik neuk.

Politikaren moldea hautatu du Irasizabalek kontakizun beltzaren pastela egiteko, beste molde bat hartuko nuke nik neuk, drogaren moldetik ere pastel ederrak sor daitezke, eta errealitate hori aski ezkutatua izan arren, ondo sustraitua dago gure gizartean.

Hori iritzi pertsonala baino ez da hala ere, eta ez naiz gehiegi luzatuko gutizietan. Finean, kontakizun irakurterraza, laburra eta azken kolpe bihurriaz. Besaulkian izerdi pixka bat utzi eta errenkada bakarrean irakurtzeko modukoa.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak