kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Medearen iratzartzea / Itxaro Borda / Maiatz, 2012

Harrinabarrezko ele-ontzia Mikel Asurmendi / Berria, 2013-05-19

Medearen iratzartzea ele-ontzi gotorra duzu, Itxaro Borda poetaren jitea biltzen duen gotorlekua, 30 urtetako (1982-2011) poemen antologia. Poema-puzzlez osatutako gaztelutzat ere jo dezakegu. Areago, edizioa elebiduna den aldetik. Egileak frantsesera (Le Réveil de Médée) itzuli baititu poemok. Are gehiago, erran nezake, ausardiaz, poemak itzuliak baino, ez ote diren poema itzulikatuak.

Medearen iratzartzea Itxaroren iratzartzea duzu, eta andrearen iratzartzea orobat. Grezian abiaturik, mitologian elikaturik, literaturan eta artean funtsaturik, Medea, Antigona, Elektra, Ariane edota Phedra dira poetaren musak eta gogoeten inspirazio iturri. Mitologiako pertsonaia horiek andreen arteko amodioa dute laket, emakume erreboltariak dira, amodioz eta desamodioz gorpuztuak. Halaxe da Itxaroren poesia ere, tragediak gorpuztua.

Andreok abiaburuan dituela, poetak gurera bide egiten du, euskal tradizioaren Lasturko Milia gogoratuz. Harago ere bidaiatzen du, Frankfurteraino adibidez. Lilli Lichtenauerren eta Lasturko Miliaren malkoak errekasto berean batzen ditu, eta euren amodioak bere eginez berea eskaintzen die. Feminismoaren gorazarrean, besteak beste.

Bordak XX. mendeko andre borrokalariak ditu bidaide eta gogaide: Itxaro gaztea, nerabezaroa gainditu ondoren, ausardiaz betetako bizitza egitera abiatu zen, emakumearen zoritxarrezko destinoari aitzi eginez. Andre ukatuaren eskarmentua darama larruan, amatasunaren gogorra bihotzean, euskalduntasunaren ukapena gogoan. Medearen eta Elektraren arteko amodioaren gisakoa dastatu nahi luke, baina bizi den munduan maitasuna ukatua da. Bihotza erdibituta dauka, eta horrek erditze minak sorrarazten dizkio. Andre ukatua sentitzen da, bertzeen mundu urosean bera malerusa izaki. Ukatua izateaz gain, herri nortasuna bipildua zaion alaba sentitzen du bere burua. Hartara, poesian eztitzen ditu nekeak eta penak. Amodio ezinezkoetan etsitzen eta bakartasunean erdiesten zoriontasuna. Bakartasunean ehuntzen dituen hitzen laguntzaz begiratzen dio gogoari, bizitza nola doakion antzemateko.

Andreak dira Itxaro Bordaren poesiaren eragileak, eta andreei zuzentzen zaie, munduon bizitako ukapena transmititzeko desioz. Konparazionera, ama presente dauka (Gogoan eta Amaren irria), eta alabari (Axis mundi, Ainararentzat) zuzentzen zaio. Poetak bere aberriaren berri helarazten digu halaber: herri xumearen soa gorde du izan zeneko haur haren zorion uneei atxikitzeko.

Poetaren bidaldian bidaia behartuak ere badaude, erbestera, hala nola Parisera. Feminismoaren aldarria egiteaz batera, kritika soziala eta politikoa egiten ditu poesiaren bidean. Parisera ez ezik, Madrileraino ere bide egin du. Llorando poema lekuko. Tragediek eragindako malkoek ikusmena itsutzen digute, eta gogoa kamustu, naski. Borda poetari hala agitu zaiolakoan nago. Ausardiaz diot hori ere.

Liburu hau, ausardiaz erranik, totum revolutuma da. Intelektualengandik elikatzen den poeta intelektualaren isuriak bete du ele-ontzi hau. Halaber, herri jakintzatik ere elikatu da elez eta arimaz, oparo elikatu ere. Ontziko eleak existentzialismoan kulunkatzen dira, eta erromantizismoaz edertzen. Alabaina, poema ezkorrak gailentzen dira oro har, malenkoniaz zipriztinduak, Itxarori —eta esperantzari— arrail fin-doiak zabaltzen dizkiotenak.

Are ausardiagoz ere diot: liburu gotor hau harrinabarrezko ele-ontzia da. Alta, agian, langaiak, hizkuntzak, eleek gehiago moldatzea mereziko lukete. Agian, diot.

Edo, poetaren desio ote horrela izatea?

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak