kritiken hemeroteka

8.553 kritika

« | »

Gaur zortzi / Carmen Gisasola / Alberdania, 2012

Etarren amen samina Alex Gurrutxaga / Berria, 2013-03-03

Jakin-mina piztu zuen Carmen Gisasolaren liburuak pasa den udazkenean, eta bazuen horretarako arrazoirik, ETAkide izandakoak euskal gatazka jorratu baitu Gaur zortzi-n. Gogoeta eragiteko asmoz, gai zehatz bati heldu dio.

“Etarren amek / asko sufritzen dute. / Andre hauen bihotzean / kabitzen da / munduko min guztia”, idatzi zuen Arestik 1974an. 2012an honela idatzi du Gisasolak: “Gutxienez zuk ulertuko bazenit bizi dudan mina, ni bezalako ama batek izan dezakeen samina…” (19). Eta gaia jorratzeko, gogoeta eta kritikak plazaratzeko bereziki eraginkorra den generoa hautatu du idazleak: nobela epistolarra, oinarrian gutuna duena.

Planteamendua interesgarria da, originala (eta benetakoa ere izan zitekeen): alaba erakunde militar batean sartu da eta amak preso bati idazten dio bere kezka eta mina kontatuz. Baina planteamendua onartu arren, sinesgarritasun arazoak daudela esango nuke, handiena amaieran: ordura arte ezkutuan egon den giza-erlazio baten berri ematen zaigu bat-batean eta, sorpresa bat izan badaiteke ere, erabat behartua da eta trama hondoratzen du.

Oinarrizko egituran bi diskurtso elkartzen ditu testuak. Batetik, aipaturiko gutuna dago, amak presoari idazten diona. Bestetik, narratzaile batek presoaren berri ematen digu: honek zer oroitzen duen, zer sentitzen duen amaren gutuna irakurtzean, eta abar. Esango nuke testua askoz efektiboagoa dela presoari buruzko pasarteetan amari buruzkoetan baino. Izan ere, amaren tragedia gutunaren bidez ematen da aditzera, baina esan liteke diskurtsoa ez dagoela oso lortua. Gogoetak lantzeko pentsamendu-figurak oso zorrotz erabili behar dira, eta lanketa horrexen falta sumatzen da nobelan zehar. Gainera, nobela epistolarretan ohikoa den beste osagaia, kritika (dialektika, nahi bada), apenas dagoen; ezer aipatzekotan, jopuntuan daude erakunde armatuaren burokratizazioa (75. orrialdea), “gu guztiok baino gehiago ematen” aritzearen ustea (48. orrialdea) edo Estatuaren terrorismoa (48. orrialdea).

Aldiz, hunkigarriagoa da narratzaileak presoaz kontatzen duena edo amak presoaz pentsatzen duena; esaterako: “Egunak gauen jarraipena besterik ez dira izango hemendik aurrera niretzat, alabari ihes egiten utzi niolako aurreko ostegunean. Nire sufrimendua txikia irudituko zaizu zuri ostera, espetxeko zure min handiaren ondoan. Espetxeko marmar baldintzatuan, ez dakit erotu gabe nola hainbeste denboran bizi zaitezkeen hondoa jo barik” (60. orrialdea).

Estiloa dela-eta, esan daiteke testuaren sintaxiak irakurketa zailtzen duela. Bestalde, hasieran oso ugariak dira -ik amaiera duten hitzak eta tarteka estridentzia moduko bat eragiten dute: “Ahizparen etxea utzi eta berriz ere nirera iritsi naizenetik, hau da, duela lau egunetik hona, alabaren gelara joan-etorrika nabil geratu barik haren atzetik, haren itzalaren atzetik, ezertarako astirik gabe. Hark ihes egin duenetik, bizipozak ihes egin dit niri, ez dut jateko ez lo egiteko gogorik” (14. orrialdea). Horrez gain, irakurle gehienok ez gara akats gramatikalekin obsesionatzen baina kasu honetan esan egin behar da: agian ardura ez da idazlearena, edo ez berea bakarrik, baina guri emaitza axola zaigu, eta testua irakurketa desoroso egiten duten akats gramatikalez josita dago.

Nobela ahula da literarioki. Alabaina, liburu baten balioa ez da estetikoa bakarrik (nahiz eta bai nagusia) eta alde horretatik interesgarria da borroka armatuan sartu direnen senideen sufrimendua eta bizipenak kontatzeko apustua. Hau da, irakurle, Gisasolak bidea egin dezagun jarri nahi izan duen harritxoa.

Azken kritikak

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Irati Majuelo

Denbora galduaren bila / Swann-enetik
Marcel Proust

Aritz Galarraga

Iraileko zazpi egun
Eneko Azedo

Aiora Sampedro

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lurrez estali
Ximun Fuchs

Jon Jimenez

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Mikel Asurmendi

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Artxiboa

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

Hedabideak