« Gauzurtz baten izenak asmatzen | Ispiluak »
Lehen bilduma 82-84 / Mikel Antza / Susa, 1985
Urte berriak ekarritako bi sorpresa goxo (II) Silvia L. / Egin, 1985-03-10
Mikel Antzak argitara eman zuen bere Lehen bilduma 82-84 Susa liburu sailean 9. zenbakiarekin. Ezaguna da idazle donostiarra “Susa” taldeko partaidea izateagatik eta ezagunak ere bai “Argia” astekarian aurrera ateratzen dituen lanak.
Orain dela gutxi, beste Mikelek, Hernandez Abaituak, Ispiluak, bere bigarren ipuin liburua kaleratu du “Hordago”ren eskutik. Panpinaren erreinuak utziriko sapore onaz ekin diogu bigarren honi irakurtzeari, eta zinez gustatu zaigu. Mikel Hernandezek “euskal hizkuntza eta literatura” katedra lortu zuen eta eskolak Bergarako UNEDen ematen ditu. Besterik gabe, beraz, has gaiten liburuen komentarioan.
Susa liburu saileko libururik zainduenaren aurrean gaudela esan genezake, Mikel Antzaren Lehen bilduma 82-84 hau ikusirik. Argazki ederrez apainduta egoteaz gain, diska baten antolamendua dauka, hau da, erdia amaitzen denean, jarraitu ahal izateko buelta eman bearko zaio liburuari. A eta B aldeak beraz, bereizten direnak; honi gaineratzen badiogu idazlearen beraren argazkia “roker” itxuraz, “Xabi “Metal” Agirreren istorio labur eta tristea” izeneko ipuina liburuaren ardatza bezala hartua izan daitekeela abentura genezake. Bertan, Oreretako rock jole gazte baten heriotza nola suertatu zen agerarazten digu idazleak, era fin batez, herriko gazteen ahotan dagozkien hizkera bereziak ezarriz, eta batez ere amaiera zorrotz batekin; zahar, geroago ikusiko dugunez, ohizkoa egingo dena. Bi jenerazioen arteko burruka azken fin batean izango da ipuin honen hildoa lerro artean irakurriz gero. Honetaz aparte, A aldea osatzen duten ipuinetarik bat ezaguna zaigu saritua izan zelako 1982ko Irun Hirian eta harrez gero bizpairu aldiz argitaratua izan delako: “Suzko gezi bat bezala”. Idazlearen frustrazioa kontatzen da Waka-Ho indioa dela medio, gure Euskal Herriko egoeran zenbait paralelo izan dezakeena. Tribuan bizi zela, irudimena finki garatu zitzaion poeta bihurtu arte. Handik aurrerako gertaerek, publikatu nahiean, frustrazioa besterik ez diote ekarriko.
“Berunezko soldadotxoak kolekzionatzen zituen ministroa” diktadorearen satira dugu, majikotasun zenbait efekturekin, eta salbatzaileak hiru emakume dituelarik. Berriro ere idazlearen marjinaltasuna nabari daiteke, hiru emakumeak idazle bait dira. “Donostia Hiriko VI Ipuin lehiaketa”n akzesita jaso arren, ipuin honen borobiltasunari bortxatua erizten diogu. Alde honetako azken ipuina “Irrati lokutore baten heriotza”, mendeko gisa-edo idatziriko lana dugu, eskaintzari eusten badiogu: “Maiz irratia piztean, gorrotatu izan ditudan lokutoreei, maitasunez”. Laburra eta amaiera iragarririkoa izan arren, gustora irakurtzen denekoa.
B aldera pasatuz “amodiozko istorio bat” dugu lehenbiziko ipuina, aurretik, Susa liburu saileko Urte guztiak dira diferente, Narratiba 1.984 liburuan argitara emana. Lehenengo pertsonaz kontaturik, katu batekin pertsona batekin dasta litezkeen sapore goxo eta mikaitz berberak senti daitezkeela dirudi. Kontua norberaren egoera besterik ez da. Bigarren ipuinari dagokionean bada gehiago esaterik: “Oroimena galdu zuen elefantesaren ipuina” haur kontakizuna da. 1984ko “Lizardi” sarira aurkeztu ondoren saririk gabe (“desierto” eman bai zuten) geratu zenez gero, ez zitzaion idazleari erantzunik gabe geldi zitekeenik iruditu. Eta horra liburukoa eta “Susa l3″ekoa. Ideia orijinalekoa eta ondo tratatua bada ere, hizkuntz-zailtasuna litzateke aurki geniezaiokeen akats bakarra, izatekotan. Txukuna benetan iruditu bait zaigu elefantesaren istorioa.
“Jeloskor nintzeneko hainbat pasarte” da hirugarren eta azkenaurreko ipuina. Bederatzi ataletan bereizturik, bakoitzean eta sekuentzi laburren bidez narratzaileari suertaturiko zenbait “flash” bere neska dela eta kontatzen digu: “Sketch” hauetan nabari agertzen da lehen aipatzen genuen azken momentuko kolpe ironiatsu eta, kasu honetan, etsigarriak alde horretatik Saki-ren teknika gogorarazten digute. Maitasun kontuetan gizona ez da behingoz —literaturan, noski— seduktorea, lagunaren jokuaren jasalea baizik.
Azkenik, “Itzulerarik gabeko gunean” izeneko ipuinean zahartzaroarekiko tristura (zahartzaroa haragiztatzen dutenekikoa, zehatzagoa izateko) litzateke hildoa. Oporrak ematen ari den gizonak ez dio kalean bizpahiru aldiz ikusi duen zaharrari amorerik heman, harik eta fijazioa bihurtzen den arte. Orduan konturatzen da bideak ez duela bueltarik.
Amaitutzat jo genezake horrela Mikel Antza idazle gazteari emaniko lekua. Lanean aritzeak eta taktu berezi batek ipuin idazle trebe eta on bat lortu dute.
[Ondoren Mikel Hernandez Abaituaren “Ispiluak” liburuaz ari da]
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi
Odola kantari
Unai Elorriaga
Asier Urkiza
Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins
Nagore Fernandez
Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Mikel Asurmendi