kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Hiru gutun Iruñetik / Patxi Zubizarreta / Pamiela, 2012

Memoria jasanezinari erronka Bixente Serrano Izko / Berria, 2012-07-22

Patxi Zubizarreta idazle bat dugu etengabe miresten gaituena proposamen narratibo formal berriekin. Esperimentu saioak dira, landuak eta ongi ere ongi lortuak, garai zaharragoetan hainbat irakurleri zailak suertatu eta ahalegin handiak eskatzen zizkioten abangoardismo haietan tematu gabe. Baina berauen baliabide batzuetaz, jada irakurlegoak gutxi-asko asimilatu dituen horietaz, baliatzen da aise eta eroso, alde batetik, eta bertzetik, irudi eta ikus-entzunezko garai berrietan, hitzaren ahalmena eta irudien gertutasun-indarra uztartzeko apustuak dira Zubizarretaren narraziogintzarenak. Emaitzak, hemen nauzuen irakurle honentzat, aberats eta kilikagarriak.

Gaurko Hiru gutun Iruñetik, halere, konbentzionalagoa da formalki, hitz hutsezko narrazioari dagozkion kodeen aldetik. Baina, hori bai, aurreko obra guztietan landu dituen erregistro aniztasuna, pertsonaiengana hurbiltzeko hainbat modu eta egituraketa zaindua zerbitzatu dizkigu honetan ere. Izan ere, hiru atal nagusi ditu eleberriak, ezberdinak erregistroetan eta hala pertsonaiak nola gertaerak aurkezteko moduetan.

Lehen atala gutunen gurutzaketa hutsa da, bere horretan. Haurtzarotik Ordizian lagun-min egin diren biren artekoa, 1935-1936 tartean idatziak. Bata, Gabriel Arratibel, soldaduskan dago Afrikan; bertzea, Rafael Zubeldia, odol-zerbitzurako ezgai, etxean gelditu da. Gutunez gutun, garai haietako testuinguru historikoan, bien arteko distantziamendu ideologiko eta pertsonala antzematen doa. Mundu zabalera irekiko zaizkiolakoan begiak, faxista bihurtuko da soldadua. Rafael, aldiz, bere munduari atxikirik gelditu, Gabrielen gomendioak gorabehera: “Atera zulotik, atera txokotik, eta laino artetik. Egin hegan!”.

Bigarren atala deskriptibo eta narratiboa da, guztiz, hirugarren pertsonan kontatua, Rafael Zubeldiarengan zentraturik, Francoren gerra bukatu berria. Rafael preso eta frankismoak antolaturiko Langileen Batailoi batean, Bidankozera bidalia. Hango esperientziak, nekeak, bizi —eta hil— moduak, Edurne Beaumont eta Fernando Mendiolaren Esclavos del franquismo en el Pirineo ikerketa historiko eta testigantza-bilduma oinarri harturik, horiexek lehengaiak. Baina sen narratibo handiarekin eginik, oinarri errealistak ez dio indar espresiborik kentzen kontakizunari. Hara hurbilduko da, teniente gisa, Gabriel, eta horrela joanen da harilkatuz eleberriaren trama zentrala, bi lagun ohien arteko harreman berrien inguruan.

Hirugarren atala, hirugarren pertsonan kontatua hori ere, baina bertze erregistro batean. Narratzaileak zuka eginen dio Rafael protagonistari ??”“Sendagileak hilik zaudela ziurtatu baino hogeita bat egun lehenago”, horrelako hasierak dituzte azpiatal guztiek, egunez egun zenbakia aldaturik—. Protagonistari enpatikoki hurbiltzeko erregistro efikaza, bai eta tramaren amaierari begira tentsioa, drama-giroa eta irakurlearen interesa biziarazteko ere. Halako tonu elegiakoa lortu du atal bizi eta gertutasun handiko horretan, non kanpai hotsek ere beren funtzio adierazkor sinbolikoa betetzen duten.

Alberto de Olmosen aipu bat jarri du egileak, eraikuntza narratiboaren frontispizio gisa: “Aurreiritziak dira, bai, baina ezin ditut gerra zibilari buruzko nobelak jasan […]”. Erronka handia jo diola bere buruari adierazi nahian bezala, eta horrela dela deritzot, baina guztiz garaile atera da Patxi Zubizarreta. Garai latzen memoria historikoa berreskuratzeko, freskatzeko, geure baitan egosi eta geureganatzeko, memoriaren aurpegi jasanezinari eginiko erronka sortzailea eskaini digu.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak