« Ustezko paradisua | Guztientzat egokia, baina… »
Ipar haizearen kontra / Daniel Glattauer (Irati Elorrieta) / Alberdania-Erein, 2012
Iparra galduta Saioa Ruiz Gonzalez / Argia, 2012-05-27
Nork pentsa zezakeen, hizki akats batek haizearen norabidea alda zezakeenik?
Rothner andereak “i” aurreko “e”-aren akats kronikoa du eta ez da horretaz jabetuko, Like aldizkariko harpidetza eteteko momentuan, Leike jauna delako baten erantzuna jasotzen duen arte. “Gabon zoriontsuak eta urte berri on” edota “poztuko naiz berriro ere halabeharrez nire helbidean galtzen bazara” bezalako mezu axolagabe baina erakargarriekin jolasean ari direla, ezusteko feeling-a sortuko da. Handik aurrera, aitorpen eta sentimendu sakonenez kargatutako trukaketa epistolarrari ekingo diote. Posta hartu-emanetan garatuz joango den elkar ezagutze prozesu zibernetikoa ez da harpidetza etetea bezain erraza izango. Ibilbide horretan zehar gainditu behar izango dituzten oztopoetan datza Daniel Glattauer idazle austriarraren Ipar haizearen kontra.
Leo eta Emmi. Emmi eta Leo. Izena dute abiapuntu bakarra, baina zehaztugabeak dira. Ez dute inoiz elkar ikusi, edo ikusi badute ere ez dakite. Azken finean, zer axola du? Adinik ez, fisikorik ez… zer dira baina? Leo eta Emmi errealitate fisikotik kanpo bizi diren hitzak besterik ez dira. Elkarri idazten diotenetik eraikiz joango diren fantasiazko irudi birtualak.
Laster batean irakurtzen diren ironiaz zein umorez jositako email egituradun elkarrizketa laburretan, sentimendu konplexu eta paradoxikoenak loratuz doaz: ezinbesteko bilakatu den, baina gure egiazko munduaren parte ez den pertsona batekiko menpekotasuna, fisikotik urrunago garena komunikatzeko beharra, pertsonalki ezagutzeko irrika eta laztanen desira, baina gustuko ez izateak eragindako oinazea. Helduko al dira inoiz, errealitate bilakatuko dituen kontaktu fisikora? Emmik dioenez “erantzunik izango ez dutelako kitzikagarriak gertatzen zaizkigun galderak egiten ditugu”, eta aurrerago galdetuko du: “Leo, ezagutu nahi nauzu?”. Galdera horren erantzunak zintzilik irauten duen bitartean, soilik, zilegi izanen da elkarren artean sortutako feeling-a elikatzen jarraitzea. Hura baita, aldez aurretiko morboa piztuta mantentzeko ezinbesteko sugarra.
Idazleak topaketa egunerako prestatzen gaitu eleberriaren amaieran. Izan ere, gertakari batekin harritzen gaitu, zein da gertakari hori? Berriz ere, haizearen norabidea aldatuko duen hizki akats bat.
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui