kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Martutene / Ramon Saizarbitoria / Erein, 2012

Bost pertsonaia, hiru liburu, sinbolo bi, egilea eta gizartea Jon Kortazar / El Correo, 2012-04-28

Emozio handiz irakurri dut, argitaratu aurretik irakurri ere, mundu oso baten metafora den Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberria. Zaila da oso dudan espazio meharrean nobelaren mami joria batzea, biltzea eta laburtzea. Alferrikako lana, zinez. Baina liburuaren muina zein den esan beharko banu, izenburu gisa jarritako bost puntu horietan deskribatuko nuke.

Bost pertsonaia, lehen-lehenik. Bikote bi: Iñaki Abaitua eta Pilar medikuak, hura ginekologoa, Martin idazlea eta Julia itzultzailea, eta Lynn, soziologo estatubatuarra. Bikoteen harremanak zalantzan daude, puskatzeko edo konpontzeko zorian. Lynnek, Abaituarekin sortuko duen erlazioan, ekintzaren metxa piztuko du, eta, zerbait azpimarratu beharko banu, 24. kapitulua miresgarria dela esango nuke. Nobela horretan Ramon Saizarbitoriak historia —gure Historia— hartu du ardatz gisa, eta kontakizunaren matazak indarra hartu du nobela osatzeko orduan. Badu hasiera, eta batez ere, badu bukaera dramatikoa. Pertsonaien bizitzan oinarrituriko nobela dugu. Bikote biek, azken batean, Moebiusen zirrinta osotzen dut: Abaituak eta Pilarrek Ramon Saizarbitoriaren interesgune bat osatzen dute: emakumea ezagutzeko ezintasuna; Martinek eta Juliak bere interesen beste puntua: gizartearen errepresentazioaren muga.

Hiru liburu testuaren ardatz gisa. Lehena, nola ez?, Max Frischen Montauk (gazteleraz, 2006, Fernando Aranbururen itzulpenean) autobiografia da. Amodioaren eta desamodioaren arteko nobela hotz eta sentibera era berean, Max Frisch beraren eta Lynn neska gaztearen arteko harremana kontatzen duen disekzio hotz eta, era berean, barneak astintzen dituena. Neurri batean, Martutene nobelako pertsonaiek, Abaituak eta Lynnek, berriz bizi duten harremana, gizon adinduaren eta neska gazte baten arteko harremana, euskal nobela honen kasuan ez hain hotz eta hertsia, maitasun istorioak gaina hartzen baitu, eta dramatismoa gailetzen baita. Montauk liburua pertsonaia mailara igo du Ramon Saizarbitoriak. Nobelan garrantzizkoa den bigarren liburua, Quijote da, eta ez dakit nik egileak jakinaren gainean egin duen ala ez. Baina, errealitatearen eta fikzioaren artean egiten diren jokoak, batez ere Julia itzultzailearen munduan (batez ere 19. kapituluan, eta hor bai ari dela gure kulpa zainetatik gora egiten), dudarik ez dago Cervantesen lanean dutela abiaburua (Zenbat liburutegi arakatzen dira Martutene nobelan, zenbat nobela aipatzen?). Kontakizuna maila oso desberdinetan landua da, eta mailaketa horretan errealitatearen egoeraz egileak dituen zalantzak ageri dira. Nobelaren agerbiderako esanguratsua den hirugarren nobela Madame Bovary litzateke, ez soilik gizakien harremanetan murgilduriko eleberria delako Marturene, baizik eta Flaubert zuzen-zuzenean aipatzen delako: “bere Flaubert miretsiak egiten duen bezala”.

Sinbolo bi, nola ez? Ramon Saizarbitoriak maite ditu errepikapenak eta behin eta berriz agertzen diren elementu horiek mundu sinbolikoa osatzen dute. Bata Bordeleko aingeruaren aurrean maitaleek atera duten argazkia da. Zeinek eusten dio zeini? Aingeruak pertsona galdua edo galduak aingerua? Abaituak Lynn, edo Lynnek Abaitua? Bigarren sinboloa horri lotua dager. “Flay Away” (Lauaxetak horrela deituriko poema itzuli zuen). Hegan egin, eta azken epilogoko hegaldiek nobelaren bide sinbolikoa uzten dute, baina irakurleak ikusi beharko ditu, ez baita nobelaren amaiera agertzeko ordua.

Bere buruarekin inoiz konforme ez den idazlea: Saizarbitoria. “Madame Bovary c’est moi” esan bazuen Flaubertek, Ramon Saizarbitoriak ere esan dezake: “Martutene c’est moi”. Hor dira euskal idazlearen ikuspegiak eta sentipenak, izan nahiak eta pentsakizunak, izan zitekeena eta gertatu dena, ametsen mundua eta errealitatearen indarra, indarkeriaren aurrean izan dugun isiltasuna, eta gure erruak. Lehen esalditik Martutene eleberriak Hamaika pauso liburua dakar gogora: “Martin ezagutu zuen egunaz oroitu da Julia”. Eta Hamaika pauson bezala, pertsonaien izenak berak dira: Julia, Iñaki Abaitua, Zabaleta bat Zabalegi oroitarazten duena. Edo fikziozko pertsonaiek (Florak, adibidez) Ramon Saizarbitoriaren beste eleberri batzuen (auto)erreferentzia egiten dute (hor dago ezkutuan Maitasuna eta Gerra, bidaia euskaratik gaztelaniara egin ondoren euskaran hartu duena etxea). Ironian maisua da Ramon Saizarbitoria. Batez ere, ironia mingarria egiten duenean, eta bere buruaren aurka ari denean. Martutene egilearen lanaren laburpen bat da, edo nahi bada, hain handia denez kalitatea, summum bat. Hor dira idazlearentzako hain garrantzizkoak diren joera patetikoak, eta pertsonen miseriak, hor soziologia munduan egindako lanen laburpena (ez zen bada Nacer en Guipúzcoa liburuko partaidea izan?, eta haur baten jaiotza ez ote da nobelan gertatzen den unerik hunkigarrienetariko bat?), hor euskaraz, euskal kulturaz eta euskal munduaz egindako hausnarketak ongi ekarriak fikziora, hizkuntza asko erabiltzeko joera, nahiz eta motelago agertu gauza bat bi aldiz —edo gehiago— adierazteko estilo hain berea duen hori; janarien eta janzkeren deskripzio obsesiboak, egileak bai baitaki gizartean metafora nagusiak direla jakiak eta janzkerak. Hortxe, denen gainetik, errealitatea harrapaezina delako susmoa.

Zergatik egin zen Abaitua ginekologo? Emakumeak hobeto ezagutzeko omen, jakinda ezinezkoa izango dela ezagutza; zergatik da Julia itzultzailea? Errealitate den testuaren isla bat emateko, jakinda itzulpen batean ezinezkoa dela testuaren originala ematea. Horra nobelaren elementu garrantzizkoa: ezinezkoa zaigu ezagutzen duguna adieraztea, ezagutzen duguna ulertzea, eta gauzak horrela badira jarraitu egin behar da bidean. Aldez aurretiko lanen laburpen eta garapen bada Martutene, beste zerbait ere bada. Nik uste bizitzaz eta heriotzaz Ramon Saizarbitoriak eskaini duen ikuspegirik aberatsena eta sakonena dela Martutene, jaiotzearen misterioaz, eta baita eta ere heriotzaren misterioaz orain arte agertu duen ikuspegirik poliedrikoena. Kapitulu askotan daude pertsonaiak buruz buru eta biluzik, maskararik gabe, direnaren pobrezia horretan, eta puntu horietan hitz egiten dute barrena hustuz.

Martutene, baina, gizartea ere bada. Ramon Saizarbitoriaren ikuspegi soziologikoaren eta politikoaren adierazpena. Martutene auzoa Donostiako historiaren laburpena izan bada, nobelan gure historiaren laburpena emango zaigu: oroipenaren nobela bada, Gerra Zibila aipatzen delako, eta horrekin batera, gerra ondoren gertaturikoa Martinen eta Pilarren familien artean; gure garaia aipatzen delako, eta ETAk egin duen eta utzi duen historiaz eta eraginez ezer ezkutatu gabe —eta ezkuturik gabe— hitz egiten duelako. Gure azken historiari buruzko begirada aberatsa eskaini duelako esan dezake Ramon Saizarbitoriak Martutene gure gizartearen metafora bat dela.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak