kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Birjinak / Irene Nemirovski (Jose Antonio Sarasola) / Alberdania, 2011

Durduza arazlea Iratxe Esnaola / Berria, 2012-02-26

Irene Nemirovski (Kiev, 1903 – Auschwitz, 1942) XX. mendeko idazle talentudunenetakoa da. Haren bizia erruz aztertua izan da, eta haren obra ezagutzen duenak, gutxiago edo gehiago, oroituko du haren bizitzako zertzeladarik: pasarte gozoak —aberats berrien aberastasunean hezi zela; dantzaldiak eta festak—; baita garratzak ere —jazarri, deportatu eta kontzentrazio esparru batean erail zutela—. Zabala eta aberatsa du obra. Egilea hil ondoren ezagutarazi zuten Suite frantsesa da, apika, haren lanik ezagunena. Zaleek ezagun dituzte euskaratutako beste obrak: Dantzaldia eta Arimen maisua. Eskerga da autoreaz idatzi dena. Askok, kontakizunen esplikazioa haren biografian aurkitu dute, eta edizioen gibel solasetan eta hitzaurreetan hala interpretatu. Halakorik ukatu gabe, uste dut merezi duela kortse biografiko batzuetan estuegietatik aske irakurtzea haren lanak. Maisu izandakoen bizitzen gaineko informazioa handia izanda ere, benetako bizia idazkeran dago.

2009an argitaratu ziren hamabi ipuinok lehen aldiz elkarrekin. Batzuk zenbait aldizkaritan azalduak ziren 30 eta 40ko hamarkadetan, eta beste batzuk, II. Mundu Gerran ezizenez sinatuak, eskuizkribu moduan merkaturatu gabe zeuden oraindaino. Idazteak, Nemirovskiren eskuetan, esan nahi du irakurlea istorioan sarraraztea tximistaren abiaduran, hasieratik muinera abiatzea. Idazteak zailtasunik ez duela iradokitzen du egilearen maisutasunak. Deskribapen biziak, zentzumen guztiei erantzunez. Narratzaile orojakilearen abantailak kudeatzen ditu harremanen bazter ezkutuak agerian jartzeko, sarri emakumeenak. Ama-alaben artekoa, adibidez. Aipatutako erreferentzia biografikoei atxikiz, ezaguna da Nemirovskik amarekiko sentitzen zuen amorrua, eta amak haurtzaroan sufriarazi zion abandonua islatzen da haren lanetan. Hala ere, Zinema mintzatua ipuinean eta Egoerak behartuta deiturikoan, alaben ongizateagatik esfortzuak egiten dituzten amak ageri dira. Nolanahi dela, emakume zein gizon protagonistei ezin zaie begirada uniformerik luza. Askotarikoegia da egilea bere hautuetan.

Laguna eta emaztea ipuinean, emakume egoista, maltzur, limurtzaile, diru eta sexu zalea arbuiatzen da? Edo, epaitu gabe, baina nahita gizon burgoiaren ikuspuntuan kontatuta, ironiari atea zabaltzen dion sententzia gupidagabe bat da? Badira emakumeak benetako maitasuna uste zutena galdu eta oroitzapenak edertzen dituztenak, senarrak sekretuki amorrarazten dituzten bitartean. Birjinak ipuinean, ama eta emazte abandonatu bat hiru neskazaharrekin elkartzen da. Horiek gizonik gabeko bizimoduaren eta autonomiaren alde daude. Emakume ezkongabeen aldeko apologia dirudi, baina maitasunaren plazer zukutsuen defentsa bihurtzen da. Gizon protagonisten artean ere, aniztasuna da nagusi. Laguntasun eta solidaritate pasarteak (Beldurra); idazle gizonezkoen harrokeria agerian uzten dutenak (Oihartzuna, Ezezaguna). Komunean dituzte denek garaiak asignatutako genero rolak: familien mantenua eta gerrara joan beharra. Lehen Mundu Gerraren presentzia, Bigarren Gerra gainean dutela, sarri azaltzen da. Parisen bezala landan, bizimodu txiro eta mingostua daramate gehienek. Badira patuari, magiari, ulermenaz gaindikoari atea zabalik uzten dioten ipuinak ere. Epairik ez du ematen egileak, nahiz eta iradokitzen duen beharrizanek daramatzatela pertsonak sinesmenetara (Kartak, Mamua). Ironia ikusiko du batek idazkeran. Garraztasuna, besteak. Nire iritzian, harremanetako desorekak dira, izatekotan, konstante bat. Batek maitasunez eman, besteak komenientziaz jaso. Askotarikoak, txoko ezkutuz beteak protagonista denak. Irakurketa aberasgarria eta durduza arazlea, benetan.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak