« Mugarik muga | Puntu kardinalak »
Paperezko hegazkinak / Lutxo Egia / Susa, 2002
Lutxo Unai Elorriaga / Deia, 2002-06-12
Pentsatu genuen pentsatu euskaraz idatzitako liburuei egindako kritika hobetzen ari zela. Eta egia da, gainera, eta horrek pozten gaitu. Kritikari serioak daude. Badakite zer den literatura eta zelan egiten den kritika eta zeri erreparatu behar zaion eta nondik ibiltzen diren. Ibili badabiltzalako.
Baina ezin gara lasaitu: izan ere, kritikari gehienak onak diren arren, agertzen dira batzuetan literatura zer den ere ez dakiten batzuk, komentatzen ari diren liburua irakurrita nahikoa dutela uste dutenak.
Baina okerragoak ere badaude. Badira batzuk literaturatik kanpo dauden gauzei begiratuta abiatzen direnak. Esate baterako idazlea nor den eta ze ideia izan dituen eta non idatzi duen lehenago edo ze tabernetan ibili den.
Lutxo Egiaren lehen nobelak (Paperezko hegazkinak, Susa, 2002) arrisku handia dauka arlo horretan. Izan ere, ideia asko aipatzen dira nobelan eta kritikari mota horrek ez du kanpora jo behar eta bere jakin-mina eleberrian bertan asetzeko aukera dauka. Literaturatik kanpo dauden gauzetan despistatu hutsa naiz ni eta horregatik izango naiz, beharbada, Lutxoren literatura komentatzeko gai.
Iradoki egiten ditu gauzak Lutxok eta horixe izan da, nire ustez, euskal literaturak izan duen hutsunerik handienetakoa. Egon dira salbuespenak (salbuespen bikainak), jakina, baina euskal literaturan gauzen inguruko azalpen gehiegi emateko joera egon da eta oraindik ere badago. Eta Lutxok horri aurre egiteko indarra izan du; ederto egin ere.
Ahots propioaren bila abiatu da Lutxo eleberrian. Hori beste ahalegin maratoniano bat da. Eta egin du maratoia osorik eta helmugan ahots propioa topatu du baina korrika jarraitu du eta ikusten da bihar-etzi garatzen joango dela ahots hori eta gaur aparteko ahotsa bada, bihar-etzi inkreiblea izango dela.
Badakit ez ditudala, hurretik ere, Lutxoren intentzio guztiak asmatu. Badakit askozaz balore gehiago dituela Lutxorenak. Badakit berriro irakurri beharko nukeela liburua. Eta lasaiago. Baina ez dago astirik. Eta astirik ez edukitzeak ematen didan minik handienetako bat da Lutxoren Paperezko hegazkinak astiroago irakurtzeko aukera ez izatea. Barkatuko didazu, Lutxo.
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza