kritiken hemeroteka

8.733 kritika

« | »

Eta orain badakit / Tere Irastortza / Pamiela, 2011

Distantzia motzean Beñat Sarasola / Berria, 2011-07-31

Bi mila eta zortzian saiakera bat, Izendaezinaz, argitaratu bazuen ere, zortzi urte igaro dira Irastortzak bere aurreko poema-liburua, Glosak. Esana zetorrenaz, kaleratu zuenetik. Egiazki, ez da denbora gehiegi, baina nobedadeen zurrunbilo honetan duela zortzi urteko kontuak historiaurreko kontuak dirudite kasik. Gainera, Irastortza egitura-lanetan ikusi dugu halaber azken hamarkadan, Euskal Idazleen Elkarteko zuzendari gisa, lehenik, eta Idazle Eskolako zuzendari gisa, gero. Inork tentazioa izan dezake zaldibiarraren ibilbide poetiko sendo eta oparoaz ahazteko, baina gogoan hartu behar da 1980ko Gabeziak hartatik euskal poesiako erreferenteetako bat dela. Eta orain badakit, beraz, urteko poesia argitalpen sonatuenetakoa izango dugu, ziur aski.

Irastortzak bere poesiarekin gai hotsandikoak distantzia motzagoetara ekartzea lortu ohi du, bertatik bertara idaztea. Gertutasuna bilatu ohi du bere poesiarekin, liburu hau ere ez da salbuespen. Zu bati idazten dio maiz, horretarako, halako kutsu estu bat iradokiz. Zenbaitetan, gainera, gertutasun hori fisiko bihurtzen da, eta, hortik, gorputzak eta kontaktu fisikoak duten pisua ale batzuetan —Maite nauzu, gorputz—. Bigarren pertsona hori ni poetikoa zuzentzen den beste instantzia poetiko bat izan daiteke, baina, hainbatetan, irakurlea edo poema bera bihurtzen da hartzaile. Hori guztia aski ongi azaldu zuen Koldo Izagirrek Irastortzari eskainitako XX. Mendeko Poesia Kaiera-n: “Maitale urrundu edo ezezagun bati mintzo zitzaion Tere Irastortza bere aurreneko lanean, zu baten ausentziaz moldatu zuen obraren ardatza. Alabaina, zu hori beste zerbait ere bazen. Estreinako poeman Esadazu zer pentsatzen duzun / (…) / ene minak zeure koadratu tristeetan itotzen ditudaneangaldetzen dio idazten ari denari, irakurtzen dugunari. Poemari egiten dio galde autoreak… bere lan poetikoari buruz!”. Zaldibiarraren ildo poetiko garrantzitsua, baita poesia eta sormenari berari buruz idazten dituenak: “Poema bat hasteko ehun manera ezagutzen ditut / ezer esaten hasi beharrik gabe / eta kontu zaharrak ipuin bihurtzeko beste mila era. / Baina hau —liburu batean kabitzen bada ere— ez da ipuin bat”.

Liburuaren aurkezpenean zein ondorengo elkarrizketetan Irastortzak esan du zoriontasunari buruzko liburua dela honako hau; egia esan, hori baino gehiago iruditu zait. Egia da poema batzuetan oso presente dagoen gaia dela, Zoriontasunaz hitz batzuk kasu, edo bildumari izenburua ematen dion Eta orain badakit zoriontasunaz bakarrik idazten dugula, baina gai askotarikoak jorratzen dira obra guztian. Aipatu sormenari berari buruzko hausnarketez aparte, mina, beldurra edo ezagutza gai errepikariak dira. Izan ere, zoriontasunari buruzko liburua dela irakurrita, inork pentsa lezake liburu alai, berehalako eta akaso arina ere dela, baina ez da, inolaz ere, halakorik. Aitzitik, liburu nahiko luze —poema liburuetan ohituta gaudenerako— eta sakona da, patxadaz eta behin baino gehiagotan irakurtzekoa, nahiz eta azalean sinple antzekoa irudi lezakeen.

Bilduma traza hartu diot gehiago liburuari, Irastortzak azken urteotan idatzi dituen poemen bilduma itxura-edo, eta horrek aberastasuna ematen dio liburuari, tankera askotako aleak topatzen ahal ditugulako, poema labur-laburretatik John Cage hizpide hartuta onomatopeien indarraz eta esperimentazio ukituz idatzitakoetaraino. Liburuaren osaeraren zenbait xehetasun formal —gidoien erabilera, poema arteko banaketa batzuetan ez oso argia— izan dira gutxien asebete nauten txikikeriak.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak