kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Etxeko hautsa / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2011

Harginaren eskarmentua Leire Zubeldia / Gara, 2011-06-18

Esandakoek baino esan gabe utzitakoek ekartzen dute sarri damua, batez ere, esateko aukera oro galtzen denean. Gorka Martiarena eleberriko protagonistak azken aukera horiek baliatzea erabakitzen du urteetan berarentzat gorde duena aitari kontatzeko. Irakurleak pentsa dezake beranduegi dela horretarako, Julian Martiarena ez baita semearen mundu berean bizi buruko gaitz batek itsu, mutu eta gor utzi zuenetik. Baina bere munduan zokoratua dagoen gizonaren egoera balekoa da semearentzat: “Burua ondo zenuela esango ez nizkizunak irakurtzen dizkizut, eta badakit ez zarela haserretuko, ez didazula ezer aurpegiratuko. Orduan? Zertan ari naiz? Nire burua ispiluaren aurrean jartzen”. Semeak idatzi ahala aitari irakurtzen dion kontakizun hori da hain justu ere Etxeko hautsa eleberria.

70eko hamarkadan, Gorka artean kazetaritzako ikaslea zela, neska batek (hala izendatzen du egileak) mesede bat eskatu zion. ETAko kide batzuk leku batetik bestera eraman behar zituen. Protagonistak, ideologia bera konpartitzen zutenengandik onartua izateko desioak eraginda eta neskak sorrarazten zion erruki sentimenduak bultzatuta, faborea egitea onartzen du. Baiezko horrek soka luzea ekarriko du, ordea: protagonistaren ideologia politikoa, nortasuna, bizitza bera baldintzatuko ditu. Aitak bere indar guztiekin gaitzetsiko lukeen ekintza bat egitea ere badakar baiezkoak, Julian, karlista onaren gisan, Jainkoarekiko leiala, langile fina, eta beti liskarretatik urrun mantentzen den horietakoa baita. Aita-semeak eta neskaz gain, Agustin da aipatzea merezi duen beste pertsonaia bat. Ikuspuntu pribilegiatua du Agustinek: tabernaria da bera, barra atzetik dena ikusi eta entzuten du. Informazioaren jabe izateak botere handia ematen dio. Horregatik mesfidantzaz begiratzen dio irakurleak, batez ere eleberriaren erditik aurrera, eta bereziki amaieran.

Funtsean, aita-semeen arteko harremanak eta garaiko giro politikoak protagonistaren nortasunaren bilakaeran duen eragina kontatu nahi izan du Anjel Lertxundik. Ihes betea eta Zoaz infernura laztana azken eleberrietan bezala, idazle oriotarrak pertsonon barrura begiratu du, eta moralaren habeak eta zimenduak arakatu nahi izan ditu. Etxeko hautsa ez da 70eko hamarkadako belaunaldiaren lehenengo kronika. Baina orain arte landu gabeko ikuspuntu batetik burutu du, maisuki burutu ere: ekintzak ongi banatuta daude, narrazioak iraun artean tentsioari eusteko moduan. Egiturari dagokionez, kontaketa lineala da oro har, nahiz eta denboran zehar salto txikiak ematen dituen. Hiru denbora daudela esan daiteke: iragan urruna (“neskaren mundura” murgildu zenekoa), iragan hurbila (aitari buruko gaitza diagnostikatu ostekoa) eta orainaldia edo denbora erreala (Gorkak Agustinen tabernan aitari kontatu beharrekoak idazten dituen denbora).

Ardatz hartzen duen garai eta gai bakoitzerako ikuspuntu finko bat (lehen pertsona edo bigarren pertsona, orainaldian zein lehenaldian) erabiltzen du. Oso modu naturalean egiten du hori; hain natural, irakurlea ia ez dela aldaketaz ohartu ere egiten. Kontakizunak eraman egiten zaitu, eta zu eramaten uzten zara, gozagarri egiten zaizulako. Hori posible izan dadin beharrezkoa da aldez aurreko lana. Etxeak zutik iraungo badu egitura sendoa behar du izan. Hor antzematen da harginaren eskarmentua eta Lertxundik sobera du horretatik. Fatxada ederra bezainbeste eraikinaren arkitekturak (eraikitzeko erraztasunak) txunditu du irakurle hau.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak