« Patuari ihes | 3 Mariak »
Zu zara orain txoria / Mikel Etxaburu / Elkar, 2011
Kartzelako denbora Igor Estankona / Argia, 2011-04-03
Espetxea, maitasuna eta utopia. Mikel Etxabururen (Ondarroa, 1969) lehen lan honetan Joseba Sarrionandiaren armiarmak ikusi ditut berriro, sabaitik zintzilik, eta Ho Chi Minh-en bizimodu arrunta kartzelaren errealitate paraleloan, eta maitasuna barroteak baino harago: “Akrobatak harietan bizi dira, / armiarmen moduan. / Nagoen ziegan ere badago hari bat / errekuentoa eta gero hantxe loak hartzeko. (…) Nagoen ziegan ere badago eguzki bat / errekuentoa eta gero hantxe biok musu emateko”.
Etxaburu independentziaren ideiek eroan zuten bi urtez Soto del Realera, Alcala-Mecora, eta ideien independentziarekin ondu du poesia fin bat, ordenarik gabekoa eta intuiziozkoa, ostera ere frogatuz Harkaitz Canok dioena hitzaurre labur ederrean: “Askatasuna ahoa betetzen digun hitz maiztu horietakoa da”. Gaiak ez du enpalagurik sortzen, ordea, Etxabururen liburuan. Denbora geldo leun batek bustitzen du dena, itsaso baten antzekoa da itxaronaldia: aktiboa. Pentsatu egiten du presoak, hitzak hautatu egiten ditu, irakurri egiten du, hartu eta utzi dabil papera. Ez dauka presarik.
Mendez mende maiztu dira euskaldunen giltzapeko literaturak, geldoak baina arinak: Juan Ignazio Iztueta XX. mende hasieran, gerra ostean Lauaxeta, Gurseko kontzentrazio esparrutik Orixe, Mario Onaindia Burgosko prozesuan, Xabier Amurizak Zamoratik… Jokin Urainen errotarria bueltaka ari da oraindik, pisutsu eta tai gabe, herri baten pazientzia neurtuz.
Zu zara orain txoria poema liburuan ere denbora ez da iragankorra, beste zeozer da. Denborak forma desberdinak hartzen ditu —txoriarenak, ametsenak, desertuarenak—, baina zain bezala dago dena, poetaren diskurtsoa soilik entzuten da, barruko gelditasunean. Goian aipatu dugun “eguzkian emandako musua” horixe da, hain zuzen: denbora sustantzia dinamikoa da, lodi doa kartzelan, arin kanpoan. Denbora subjektua da, poesiaren lanabesa, eta erritmoa, bada, jagon beharreko lehen aldagaia. Poemek tempo lasaia dute: pasatu egiten dira, baina ez alferrik, ez geldian, ez negarrez.
Erreka bezala doa irakurketa, eta “Ez-lekuak”, “Leku pribatuak” eta “Leku posibleak” atalak bisitatzen ditu espetxetik maitasunera eta maitasunetik utopiara, azkenean iturburura itzuliz, “herrira”, zentzu zabalean: “Belak egin ditut izarekin / (…) herrira bueltatzeko geldi-geldi”. Poesian ur geldia bada heriotza, bizitzari kantatzen dio Etxaburuk, korronteari. Mila aldiz eroango gaituzte kartzelara, baina ezin gaituzte bajatu bi aldiz erreka berberera.
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi