« Bitartean heldu eskutik | Sua nahi, Mr. Churchill? »
Bi anai / Bernardo Atxaga / Erein, 1985
Obaba non den Aritz Galarraga / Argia, 2010-12-05
Jakin nahi duenak Obabakoak ipuin bildumara joko du, itxura batean, sudurrari jarraiki. Eta ez da biderik luzeena, noski, nahiz eta Obaba, aipatu lanean baino lehen, agertu izan den beste zenbait kontakizunetan. Obabakoak bera osatu aurretik bertako hainbat ipuin irakurri ahal izan ziren solte, han-hemenka. Bilduma irekitzen duen Camilo Lizardi erretore jaunaren etxean aurkitutako gutunaren azalpena esaterako, 1982an —hortxe agertzen da lehen aldiz Obaba—. 84koa den Sugeak txoriari begiratzen dionean delizios hori ere geografia hartantxe kokatu zuen Atxagak.
Lehen aldiz baina, era oso eta sakonago batean Obaba non den benetan erakutsi ziguna (kontakizunaren gaitasun sinbolikoa, ahots desberdinen erabilera, errugabeen presentzia Javier Goñiren arabera) Bi anai izan zen. Ramon Sanchez Lizarraldek berresten du intuizioa. Bi anai, nobela motza, nubela, 85ekoa, Obabakoak anaia handiaren itzalak, ba hori, itzaletara kondenatua, baina ez horratik balio gutxikoa. Iñaki Aldekoa da oraingoan laguntzera datorrena, 80ko hamarkadako nobelarik onenetakoen artean sartzen duenean. Ea zergatiak.
Bi anaietako batek, Danielek, badu zerbait, “buruan kanta ttiki bat besterik”, besteengandik diferente egiten duen zerbait. Eta umezurtz geratzen direnean, Paulo anaia gazteak, hamabost urte, hartu beharko du zaintzan, lotu beharko du motzean herriaren ustezko harmoniak krak egingo ez badu. Pultsioak ez dira eusten erraz, tentsioak sortzen dira Carmen eta Teresa eta gainerako gizon-emazte zuzen eta korrekto eta mantxarik gabeekin. Mugimendu batek patua markatuko dion arte. Kontakizuna, bestela ezin, bukatu behar den bezala bukatuko zaigu.
Ezen tragedia baita Atxagak azaltzen diguna, tragedia, narratzaileak txori, katagorri, suge edota antzara badira ere. Tragedia, nahiz eta azalean istorio lau, bele xamarra dirudien kontatzen dena. Tragedia, sistema gizabanakoaren gainetik dagoela erakusten baitigu, desberdinak taradunak arraroak taldetik kanpo behar duela taldeak aurrera egin nahi badu, diferentea sakrifizioan ematen dela auskalo zein asmo gorenen izenean. Eta onena, hori denori parodiaren bitartez egiten duela, fantastiko baino kontakizun miragarriarena, buelta ematen zaiola genero horretako irakurketa onbera eta azukretuari, ifrentzua erakutsi. Eta ez dago ihesbiderik, ez barkamen, ez erredentziorako lekurik. Horixe da Obaba, lagunok.
Bi anai. Atxaga itxuraz orain Yangambira joan zaigun honetan, ez da Obabara bueltatzeko biderik luzeena ez, bistan da, malkarrena.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez