« Existentziaz zertzelada batzuk | Bihotz triste bat zintzo »
Assilah-ko eroa / Jose Enrike Urrutia Capeau / Pamiela, 2010
Idazleen baitako Scheherezade Bixente Serrano Izko / Berria, 2010-09-19
Idazle berezia dugu Urrutia Capeau. Euskal idazleen ohiko tribuetatik kanpo dabilena. Aspaldian atera zuen bere lehen liburua, 1979an, Kadrila alegera festan da izenekoa. Hortik aurrera, liburu gutxi: laugarrena dugu gaurkoa —Assilah-ko eroa, alegia—. Guztiak tankera berdintsukoak: istorioz osaturikoak, gure denbora edo espaziotik lekutan kokatuak, legenda edo historiako pertsonaiekin jolasean, izpiritu exotiko eta halaber filosofiko batez zipriztindua —“filosofiko”, hots, giza izaeraz ideia edo uste edo barneraturiko eskarmentu mota batek argiturikoa—, idazkera bereziki landua, euskara batu estandarretik kanpokoa, zuberera eta baxenafarreraren artean.
“Euskal idazleen ohiko tribuetatik kanpo”, hori ere erran dut eta horri ere ñabardurarik eman behar. Urrutia Capeau ez da bizitzen bertze mundu batean, harremanak ditu, sozialak, kulturalak, adiskidetasunezkoak, tribu guztietako bertze idazle, artista, intelektualekin. Lotura horietaz jabetzeko, nahikoa da ikustea bere liburuetan idazleak berak egiten dituen marrazkiak, berak ezagutzen eta nola edo hala inguruan dituen gure intelligentsia-ko bertze kulturgileen karikaturak, betiere mozorrotuak, baina identifikagarriak. Hori bai, nahiko fauna bitxia osatzen duten karikaturak dira. Sarri, bere buruarenak eta mozorroturik ere eskaini dizkigu, gure gaurko liburua salbuespen izan gabe.
Irakurle gutxi izanen du, segurik. Ohiko tribuetatik kanpo ibiltzeagatik ez ezik, bere hizkera eta idazkera berezia dela kausa ere, baina orobat istorioen sotiltasun eta umore bereziaz, hala holako akratismo eta estetizismo bizizale baina malenkoniatsuaz beztiturik. Interneten sartuz gero, gure egilearen liburuei eginiko iruzkin gutxi aurkituko duzu, nolabait irakurle gutxi duelako adierazle. Baina ez dakit, inpresioa dut irakurle gutxi horientzat halako gurtzazko idazle bat dugula Urrutia Capeau. Niretzako behintzat bai. Bistan da, ez du idazten dirua irabazi eta merkatua asebete edo merkatuko zirrikituren batez probesteko. Errealitateari buruzko bere ikuspegiak eta fantasiak agintzen dizkioten istorioak kontatzen dizkigu, bere bizinahia, estilo sen fina, jolasgura eta gogokoa duen hizkera gidari. Ez naiz batere orijinala —bertzeren bat erranik egonen ote delako—, baina sinetsirik nauzue, best-seller horiek idazten dituztenetatik aparte, idazle sendo guztiek, eta batik bat hizkuntza gutxituenetan idazten dutenek, halako Scheherazade bat eramaten dutela euren baitan, bizitza salbatu edo luzatzeko asmatzen dituztela euren istorioak, bizitzak ematen dizkigun neke edota gehiegizko alegrantzien kolpeetatik libratzeko azken buruan.
Propio ekarri dut hona Scheherazade, Assilah-ko eroa ipuin bilduma hau mundu islamdarrean kokaturik baita. Berriro ere exotismoa, estetizismoa, legenda edo historiako pertsonaiak jolasean Mila eta bat gau-ko ipuinetatik aterata bezala, fatalismoa kasu honetan, baina bizitzaren plazerak ere, oinazeak, nahiak, amodio-grina, poesia, tragediak… nahi dituzunak, eta gizakiei buruzko ikuspegi bat, hori guzti hori aurkituko duzu liburu berri honetan.
Eta ezin bukatu erran gabe: ez gaude ohiturik bertze garaietan bezala —arabierazko tradizioetan bezala, kasurako— bertze irakurle baten ahoskeran istorioak entzutera, baina nire isilean Urrutia Capeauren euskaraz hau leitzean, bertze ahots bati entzuten diodalako inpresio gozoak hartzen nau menpe.
Nahiz eta aukeran, istorioei begira, gustukoagoa dudan haren azkenaurreko liburua —Ergelen nonbrea, alegia—, gozamen aparta dugu gaurko hau ere.
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Irati Majuelo
Denbora galduaren bila / Swann-enetik
Marcel Proust
Aritz Galarraga
Iraileko zazpi egun
Eneko Azedo
Aiora Sampedro
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Mikel Asurmendi
Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lurrez estali
Ximun Fuchs
Jon Jimenez
Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo
Mikel Asurmendi
Poesia guztia
Safo
Mikel Asurmendi
Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre
Jon Jimenez
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Jon Jimenez
Reset
Aitziber Etxeberria
Mikel Asurmendi
Baden verboten
Iker Aranberri
Jose Luis Padron
Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza
Jon Jimenez
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Hasier Rekondo