kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Baina bihotzak dio / Xabier Montoia / Elkar, 2002

Bihotza bizitzaz mintzo denean Oier Guillan / Gara, 2002-04-06

Sarritan mintzo da bihotza, baina ez zaio beti arretarik ematen. Bihotzak sarritan maitasunaz egiten du berba, eta neurri berean, ahapeka, gorrotoaz. Sarritan bihotzaren suak, apalak zein saminak, etxetik urrunera bidaltzen ditu pertsonak, urrunean, ostera, atzean utzitakoaz mintzo zaie. Liburu honetako pertsonak kasu.

Baina bihotzak dio titulua aurkitzen ahal du irakurleak Xabier Montoia idazle eta musikariaren azken liburuaren azalean. Tituluak modu aproposean adierazten du barruko hamahiru ipuin edo narrazioek sortzen duten sentsazioa, izan ere, leku eta egoera arras ezberdinetan egonik bulkada antzekoak sentituko dituzte pertsonaiek zenbaitetan, urrunean egonik Euskal Herriaren oroitzeak sortzen dien zirrararekin bat.

Ipuin irekiak dira Montoiarenak, ipuinaren eskema hertsienera baino gehiago narrazioaren zabaltasunera gerturatzen direnak. Ipuinek pertsonaien bizitzetako pasarte esanguratsuak biltzen dituzte, amaiera sarri irekia utzirik. Pertsonaien bizitzekin une batez topo egiten duela senti lezake irakurleak, tupustean beste edozein pertsona ezagutzen ahal den moduan, eta, topatu eta arreta deituriko edozein pertsonarekin bezala, haien berri izan nahi luke ostera, bere gorabeherak zertan izan diren jakin. Bertako pertsonaiak ez baitira urrunekoak. Uneren batean intentsuki bizitzea suertatu bazaie, ez da narrazioaren bihurguneengatik izan, bizitzaren beraren izaera arrotzagatik baizik. Eta hori edonork senti lezake, protagonista ala irakurle. Pertsonaien bihotzak gertuko gauzez mintzo dira gainera, euskal herritar orok izaten ahal dituen aferak eta egoerez: mendizalea izanen da bata, marinela bestea, au-pair doan gaztea, trantsizio aurreko zein osteko egoera zernahi, alderdien zale zein ez zaleen amets erauziak, presoak, erbesteratuak, guda aurreko etorkinak… Euskal Herriko txoko ezberdinetatik abiatzen direnak. Ikuspegi anitz erabiltzen ditu, erraztasunaz abailduz haur baten mundu ikuskeran, beste garaietako egoeretan zein preso dagoen amaren sentimenduetan.

Australian euskal emigranteen bi familiaren buru diren Karmen eta Angelak ustekabean maitasun istorio eder, bizi eta neurri batean ezinezkoa dute. Halako batean Karmenen gogoeta azaltzen da: “Ingurukoei begiratu zuen. Kontrakoa pentsatuko zukeen baldin ordurako jakin ez balu gizon-emakume guztiek beti izaten dutela gordean eduki beharreko zerbait, aitorrezinezko sekretu bat gutxienez”. Sentsazio hori gorde lezake irakurleak: kaletik gurutzatzen dituen horien bihotzak irakurriz gero, liburu honetan agertzen direnen tankerako istorio franko aurkitzen ahal ditu. Edo agian norberarengan, batek daki.

Montoiari urtetako lanaren ondorioa sumatzen zaio, barne munduak islatzeko modua eta gaitasuna. Ezin esan liburu honetako narrazio guztiak irakurlea harrapatzeko modukoak direnak, baina bai gehientsuak. Eta, agian garrantzitsuena dena, barne munduak eta pertsonaien bizipenak hitzez hitz maisutasunez harilkatzeaz gain, irakurlearen eskuetan uzten ditu xume, irakurleak aise ulertu eta dasta ditzan, agian istorio horiek beragan ere aurki ditzan.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak