kritiken hemeroteka

8.618 kritika

« | »

Magrittek ez omen zuen pipatzen / Fito Rodriguez / Txalaparta, 2001

Ke arteko egunak Amagoia Iban / Euskaldunon Egunkaria, 2002-04-06

Piparik ezean, zigarro bat piztu. Bigarrena ere bai. Eta hirugarrena. Eta laugarrena. Eta hamaikagarrena. Gehi bat. Liburu honetan irakurritako pasarte askok merezi duelako zigarro bat piztea, baina ez konpultsio batengatik, ezta gutxiagorik ere. Zigarroak kontrakoagatik piztu ditugula esan, eta horretan utziko dugu, luzamendutan ibili gabe. Tabako hatsak eta eztarri lakarrak ez baitu ez liburu honen ez beste edozein libururen irakurketa eragozten. Kontsumituz doan tabakoaren keak begiak ez erretzeko tentuz ibiltzea da kontua.

Baina tira! Ez gaitezen inongo ketan itsutu, horixe baita azken finean Fito Rodriguezen liburu honi hartu diogun mezu baliagarrienetako bat: aire gardena dirudiena ke hutsa izan daitekeela. Edo, nahiago bada, egia erabatekotzat dugunak gezurrik biribilena izan dezakeela oinarrian. Gure oinekin beti estropuz egiten duten harriak izan daitezkeela oinarriak. Erabateko gezurra erabateko egia bezain benetakoa edo gezurretakoa izan daitekeela.

Kea uxatzen

Kea uxatzen saia gaitezke, behintzat. Eta hori omen da filosofiaren funtsa: egia bilatzea. Ke artean bizi garela askotan, aire gardenetan gabiltzalakoan. Eta ke arteko egunak denok bizi ditugula. Baita letra larriz idatziriko egia harrapatu, lotu eta prozesatu omen duten filosofoek eta ez filosofoek ere. Pentsalari handien egia hori ere ez delako Egia. Magritteren pipa pipa bat ez den bezalaxe. Egiari ez baitiogu federik zor, Rodriguezek dioen bezala, mesfidantza baizik.

Eta halako mesfidantza liluragarri bat sortzen digu Fito Rodriguezek guretzako onena omen den munduaren inguruan, Magrittek ez omen zuen pipatzen honen orrialdeak pasa ahala. Gure eta besteren pentsamenduaren gailur moduan agertzen zaizkigun ekarpenak ukiezinak ez direla esaten digu, orrialdez orrialde, hartzen gaituen zibilizazioko lehen urratsetatik hasi eta gaur egungoetarainoko ibilbide bitxi bat proposatuz.

Erretzaile pasiboak?

Irudikapen hautsia izeneko lehen atalean irakurritako hainbat pasarteren jarraipena aurkitzen dugu bigarren atalean, Antzezpen lausoa izenekoan. Baita Ordezkapen kaiolatua delakoan ere. Baina gogoeta bakoitzak bihurgune berriak erakusten dizkigu beti. Ez da errepikapenik, beste ke mota bat baizik. Rodriguezek ez baitu bere gogoeten gardentasuna aldarrikatzen. Kearen kontzientzia da aldarrikatzen duena, kerik kaltegarriena pasiboki irensten duguna delakoan. Eta ez da tabakoaren keaz ari, noski, filosofia akademikoaren itsukeriaz, gure kulturaren lausoaz, gizarte ereduen erreketaz, botere harremanen suaz, gizatasunaren kiskaltzeaz ari baita, besteak beste. Samurtasun handiz, ordea. Masokismorik gabe, baina. Plazera eragiteraino. Hitzen jolasak eragiten duen plazeraz ari da Rodriguez liburu osoan zehar. Kontraesanak norbere baitan aurkitzeak ematen duen ironiaz. Umore handiz, hori baita ukendurik gozoena erreduretarako (koipea baino eraginkorragoa bada, behintzat).

Desfilosofatzen edo…

Desfilosofatzea omen zuen xede Fito Rodriguezek Magrittek ez omen zuen pipatzen hau idaztean. Susmoa dugu hori ez ote den idazleak nahita eragindako ke tankerako zerbait, liburua amaitzean ulertzen dugun keinu txiki bat. Saiakera honi filosofia baitario leku guztietatik, hamaika erreferentziatatik hasita. Ez da, ez, eskolan erakutsi ziguten hura bezalakoa, baina ez digu pena handirik eman, egia esan. Ez da, ezta ere, filosofiaz aritzeko gurekin erabiltzen zuten estilo hartan idatzitako liburua. Askoz ere modu atseginagoan eta ulergarriagoan pentsatua eta proposatua dago, aforismotik, bertsolaritzatik, poesiatik eta prosa laburretik edaten baitu idazleak. Eta hau guztia ke hutsa dela uste duenak, har dezala liburua eta irakurtzen has dadila; kearen hainbat kolore eta dentsitate ezagutuko baititu bertan. Ke horiek ezagutzeaz gain irentsi nahiko ote dituen ala ez, beste kontu bat da. Baina liburu honen kea ez da irentsarazteko egina. Azken finean, Magrittek ere ez omen zuen pipatzen.

Azken kritikak

Denbora bizigarri baterako
Marina Garces

Irati Majuelo

Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta

Amaia Alvarez Uria

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Asier Urkiza

Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx

Aritz Galarraga

Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu

Mikel Asurmendi

Denboraren zubia
Iñaki Iturain

Aritz Pardina Herrero

Etxeko leihoak unibertsora
Alba Garmendia Castaños

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Joxe Aldasoro

Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia

Aiora Sampedro

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Mikel Asurmendi

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Maialen Sobrino Lopez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Asier Urkiza

Artxiboa

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

Hedabideak