« Euzkadiren oihartzuna eta nostalgia | Hiru zoro eta erdi »
Arimen maisua / Irene Nemirovski (Mikel Garmendia) / Alberdania, 2009
Azpikerien maisua Mikel Ayerbe / Berria, 2009-11-29
Aldizkari batean epeka argitaratu zuen Irene Nemirovskik Arimen maisua eleberria, 1939ko maiatzaren 18az geroztik. Orain, berreskuratu eta liburu gisa berrargitaratu dute. Izan ere, bere garaian oihartzuna izan bazuen ere, Nemirovskiren lanek bestelako balio bat hartu dute egun, 2005ean Suite française amaitu gabeko obra postumo ikaragarria argitaratu zenetik hona. Gurean, Nemirovskiren Dantzaldia (Txalaparta) lan labur gomendagarria kaleratu zen 2006an eta oker ez banaiz, Suite française bikaina ere itzultzeko asmoa bada. Alde horretatik, goraipatzekoa da zenbait argitaletxek itzulpenaren alde eginiko apustua eta koherentzia literarioa.
Arimen maisua eleberrian Dario Asfarren epopeia kontatzen da. Helburu bakarra ahalik eta bizitza burgesena lortzea izanik, atzerritar txiro eta bezerorik gabeko sasimediku gazte izatetik aberats, errespetagarri eta are boteretsu izatera iritsiko da, eskrupulurik gabe gizarte mailaz gora egin beharreko bidaia horretan. Eraldaketa baten narrazio gordina eskaintzen du idazleak, harrapakin izatetik ehiztari izatera iristen den Dario protagonistaren bilakaeraren kontakizuna, petrikilo izatetik arimen maisu bihurtzera helduko den gizagaixo zikoitzaren istorioa. Eta bidaia horretan, behin eta berriz agertu eta egoerak korapilatzen dituzten beste pertsonaia guztiak, foiletoietako osagaiei lotuz, ezuste bat bestearen atzetik emateko prest.
Nobelaren hasiera bikaina da: diru premian den mediku atzerritarrak abortu bat egitea onartuko du diru truke, ondoren bere seme Daniel jaioberriari bisita egitera joateko. Egoera antitetiko horrek bete-betean harrapa dezake irakurlea eta erritmo asaldagarriz, gertaeren azalaren azpian gogoeta egin beharko du irakurleak, pertsonaia guztien jokaerak ulertzen saiatzeko. Dario levantetarrak kosta ahala kosta atzean utzi nahi du halabeharrez egokitu zaion lohia eta miseria eta horretarako, azpikeriaz azpikeria inguruko guztiak engainatuko ditu den bezalako txerpolari zeken gisa.
Baina hala ere, protagonistak ezingo du denen onespena eta begirunea eskuratu eta semearekin izaten dituen harreman gatazkatsuak dira horren lekuko. Izan ere, Nemirovskiren obretan behin eta berriro errepikatzen den gaiak badu lekua Arimen maisua honetan ere. Gibel solasean gogorarazten den bezala, Zolaren bidetik gizona gizonarentzat otso da, eta Asfar medikua otso goseti izatetik basapiztia bilakatzen da nobelan. Diruak eta diru goseak edonor itsutzen duela, alegia. Eta semeak ez dio hori barkatuko, nahiago izango duelako aita txiroa baina ondratua izan balitz. Ez pentsa, ordea, joera manikeorik dagoela eleberrian, pertsonaien jokaerak ertz askotatik aztertzen direlako eta hain zuzen, Dariok egingo dituen azpikeria guztiak semearen hobe beharrez izango dira, berari ezer falta ez dakion, “kaleetan goseak hiltzen ibiltzeak ez du erakusten interesik gabea izaten, ezta eskuzabala ere”.
XIX. mendeko nobelen oinordeko, ezusteak amaierara arte luzatuko dira eta horren adierazle liburuaren amaierak nola hankaz goratzen duen hasierako eszena. Bestelako literatur baliabideak ere aipagarriak dira, hala nola elipsi esanguratsuak zein argumentuaren garapeneko bilakaera bortitzak.
Bestalde, harrigarria da garai hartako gizarteari Nemirovskik egiten dion kritika zorrotza zein ongi egokitzen den egun ere; itxurakeria, gizarteko mailen arteko gatazkak, arrazakeria, mota guztietako bizioen eragina eta bestelako gaiak oso hurbilekoak egiten direlako oraindik ere. Ezin bestela izan, gero ere halaxe izango direlako, gizakia otso izan artean.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez