kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Jaiotze markak / Nancy Huston (Iñigo Errasti) / Alberdania, 2009

Historiaren orbanak Ander Arana / Diario de Noticias, 2009-11-04

Jaiotze markak eleberriari buruz hitz egin denetan, kritikari ia guztiek, haren muina esaldi bakar batera ekarri beharraren beharrez, honen antzeko zer edo zer jaso ohi dute: birramonaren haurtzaroko gertakari izugarri batek lau belaunaldiren patua markatuko du, Historiak historia txikietan duen eraginari buruzko istorio honetan. Eta neurri batean hala da, baina hori Nancy Hustonen eleberri arrakastatsu honek iradoki ditzakeen hamaika interpretazioetarik bat baino ez da. Halatan, eleberri honetako lau ataletan, XX. mendearen azken hirurogei urteetako gertakaririk lotsagarri eta lazgarrienetakoak kontatzen dizkigu Hustonek (Abu Ghraibeko torturak, Sabra eta Shatilako sarraskia, nazien lebernsbornetako edo bizi-iturrietako haurren zoritxarra…), beste interpretazio bat, hain justu kontrakoa, egiteko balio dezaketenak; alegia, gertakari izugarriak pairatuagatik ez dugula ezer ikasi, eta nahikoa dela bi belaunaldi pasatzea, nazien atzaparretan eroritako neskatoaren biloba Randallek bere aurreko ahaideen oinazea ahantzi eta “arabiar puta horiek” akabatuko lituzkeela aldarrikatzeko. Izan ere, aitonak Sadieri diotson legez, “gizadiak ez du beti aurrera egiten, batzuetan atzera egiten du”, eta, sarri askotan, inguruko gertakari handiak gorabehera, txikikeriek eta umekeriek markatzen dute gure bizitza: panpina bat dela medio haserretu ziren umetan Kristina eta Greta, eta hirurogei urteren buruan berriz elkartzen direnean, panpina haren erruz piztuko da euren arteko azken ika-mika.

Nancy Hustonek orainetik iraganerako bidaia proposatzen digu, 2004an hasi eta 1944an bukatuta. Alderantziz ere antola zezakeen eleberria, eta hala egin izan balu, irakurleak bere aldetik ahalegin txikiena ere egin gabe jarraituko zituen istorioaren hari guztiak, baina bidaia orainetik iraganera egin beharrak irakurketa arretatsu eta aktiboa egitera behartzen gaitu, eta, horrenbestez, biktimaren larruan jartzera, Jaiotze markak eleberri honetako narratzaile guztiak direlako, hein batean, biktima.

Eta hori dena, eta askoz gehiago, lau umeren ahotan ematen digu —Sol, Randall, Sadie eta Kristina—. Haur baten ikuskera baliatzeak, ordea, badu bere arriskua, idazle gutxi batzuen esku baino ez baitago narrazio sinesgarri bat eraikitzea sei urteko haur baten ahotan, eta oraingo honetan esango nuke ahots sinesgarri hori Sadieren kasuan baino ez duela lortu bete-betean, eta hori, beharbada, Nancy Hustonek bere burua ume horrengan islatu izanari zor zaio (biak dira neskak, biak kanadarrak, biak 1950eko hamarkadakoak, biek bizi izan dute amaren falta…). Sol txikiaren kasuan, aldiz, kosta egiten da haur batengan halako diskurtsoa eta halako goiztiartasuna eta soraiokeria naturaltzat hartzea (“argazkiak ateratzen dizkiete larru gorritan dauden arabiarrei, barre egiten dute haien kontura, uhalak jartzen dizkiete lepo inguruan (…) eta horrek gogor-gogor jartzen dit zakila, baina ez dut ukitzen, ez dut astirik”). Gaur egungo Ameriketako Estatu Batuetan haurrei ematen zaien hezkuntzari buruz eta gizartean berean nagusi diren balio etikoei buruz Nancy Hustonek egiten duen deskribapena hain da zorrotza eta gordina, non AEBetako edizioan kenarazi egin nahi izan zizkioten Irakeko gerrari buruzko aipamenak. Nahi izate aldera, egingo zuen, ze Nancy Huston bera arduratzen baita ingelesez idazten dituen lanak frantsesera itzultzeaz, eta frantsesez sortutakoak, berriz, ingelesera; eta egon badago, zenbait pasartetan behinik behin, bi hizkuntzetako edizioen arteko aldea. Euskarazkoa, berriz, Iñigo Errasti bizkaitarrarena da; esango nuke, albo batera utzita azken orrazketak harrapatu ez duen zorritxoren bat edo beste, asmatu egin duela bai narrazioaren tonua, bai hizkera, bai erritmoa ematean. Irakurleak zinez eskertuko dio.

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak