« Hirian zehar | Ipar Euskal Herria ezagutzen al duzu? »
Tundra / Igor Estankona / Susa, 2002
Hitzaren bidaiaria Pello Otxoteko / Egan, 2003-12
Leihora begira nago liburu hau irakurtzera jartzen naizen bakoitzean. Leihoa berdina da aldi bakoitzean, liburua lez, baina orrialdeetako poemok paisaia ezberdinak dira, aldakorrak, eszenatoki anitzetara eramaten gaituztenak, basamortu hotza den tundra honetan haizeak tenperatura berdina duen arren. Gustura eta aise irakurtzen den poema liburua da. Hitz soil batekin deskribatu behar banu, aniztasuna aukeratuko nuke. Barne koherentzia osoa eta betea erabat lortua du, baina Igor Estankonak bere hitzen bidez paisaia eta argazki askotara bideratzen gaitu. Eta Estankonak zelai bat bezain zabal du eskua, eta norberaren ametsek aurrera jotzen dute egilea berarenak diren horiekin elkar talka noiz iritsiko den itxaroten. Horregatik, hitzaren bidaiaria moduan sumatzen dugu Igor Estankona. Ez ordea bidaiari erraria, baizik eta iparrorratz ziurra duen marinel itxaropentsua da. Haizea bidaide leiala izanik eremu atsekabetuak ezagutzera doan abenturazalea dugu. Haizearen abiadurak Anemometroan utzitako arrastotik, ipar herrialdetarantz bultzatu zuen hitzaren xarmak eta indarrak, gune berriak bilatzearren. Eta tundrako zabalgune hotzetan aurkitu du hausnarketarako pausagunea. Izan ere, poeten betiko gaiak, eta ideia pisutsu eta gogorrak lantzen baititu arratiarrak, hala nola, maitasuna, denbora, memoria, heriotza, justizia… Natur elementuak hizpide izanik gogoetan barneratzen gaitu, arnas ugari eta anitzak uztartuz, herri ezberdinetako iratxoen bilkuran. Hauen izpirituekin bat egiteko, neguan haritzak tximiniatik gora egiten du basora itzuli eta batzar honetan parte hartzeko. Baina gure izatearen eta gizartearen zauriak ezin ditu bete poetaren ahaleginak. Eta bere baitarako dio: “Zergatik orduan hutsune hau?”
Hutsuneak baimentzen du hausnarketarako gunea, unea eta bidea. Hutsuneak jorratzen ditu kreaziorako ildoen erretenak. Hutsuneak baimentzen du pilotarien jokoa frontoian. Hau horrela izanik, ausaz madarika dezakegu hutsunearen balizko antzutasun ulergaitza. Haizea, haizea behar dugu hutsunetik hutsunera hustasuna betetzeko. Haizea, bidaiari damugabea, basamortu batetik bestera aise mugitzen den marinela, Estankona lez. Eta marinel honek hitza baino ez dauka eskifaia leial eta sutsu gisara. Horregatik hitzaren bidaiaria, hitzarekin bidaiatzen duelako; eta hitza beraren mamian, funtsezko oinarrian, bidaiatzeko ahalmen izugarria daukalako. Hitzak eskaintzen digun ahalbide semantiko anitzak erakusten dizkigu, hitzaren dimentsio ezberdinen ateak zabaldu, hitz gutxitan, hitzaren aztia da, hitza berarekin bidaiatzeko eta hitzaren barnean murgilduz hausnarketa eragiteko. Haizeak batetik bestera garamatza, eta paisaia ezberdinak bisitatzera eramaten gaitu hitzaren bidez, aldako hegaztia migrazio garaian bailitzan. Haizeak mugitzen ditu hodeiak eta lainoak albal-paperean bilduta datoz. Honela azaltzen zaizkigu Igor Estankonaren hitzak, aldaketa baten jabe, aldaketaren bila eta aldaketaren bidez erauziak, baina zeozertan bildurik, barruan sekretu bat ezkutaturik daukatela. Eta sekretu hori asmatzea irakurleari uzten dio, irakurlearen zeregina da, eta pribilegioa era berean.
Hitzen aldaera ezberdinetan amilduz paisaiak deskribatuko dizkigu. Kasu askotan indartsu eta jarrera oldarkor batez sentimendu eta bizipen indartsuetan heldutasunez barneratuko da. Poesia sakona dudarik gabe, eta natur elementuez apainduta ageriko bazaigu ere, noizbehinka hirikoagoa sumatuko dugu. Kontzeptuala batzutan, sinbolista besteetan, baina gogoetarako gonbitea lerrook jariatuko duten lurrinetan nabarituko dugu. Hausnarketarako bidea irekitzen duten ildoak azaldu eta hauek jorratzeko aukera erakutsiko digu. Modu batez edo beste batez ahalegin honetan saiatuko da. Baina betiere topatuko duguna, hala ere, irudi ederren erabilera freskoa eta dinamikoa izango da. Eta aldiro-aldiro proposamenak eta galderak geziak bailitzan jaurtikiko dizkigu, hitzak errealitatea gurutzatzen duten geziak baitira: “Pentsatu duzu kontu garrantzitsuez? / ze hizkuntzatan esango dizute agur?” // “Aukeraren bat baldin badago, / hori izango da gure etorkizuna.” // “Norbaitek bultzatu ezik bizitzak ez du dardararik egiten, /ezin dugu beti arotza eta egurra izan aldi berean.”
Oso gogoeta iradokigarria aurkitzen dugu lerro batean erori berria den elurra bezain zaharra delako esaten digunean, berehala gogora dakarkigu Josanton Artzeren “Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik” baina eraberritua eta poema polit batean bikain txertatua ageri da.
Maitasunarekiko keinuak ere ugariak dira. Zenbait lerro ekarriko ditut orrialde hauetara adibide gisa: “Kotoiz bete duten kanpaia / isilik dago, zerua airean, / eta haitzetara etorri diren txorien soinu tresnak / erosten ditugu gure belarri zaharrekin. / Badatoz zauritutako olatuak barkamen eske, / uretako giltzen zarata tristea ateratzen. / Nekazari arraroak dira ontziak. / Ni neu ere marra hartan jaio nintzela pentsatuko nuke / esku hauek ez banitu, / ez balira berriztatuko zureak ukitzen dituztenero.”
Oso poema erromantikoa nire ustetan. Xamurtasunez eta giro bukolikoan murgildurik heltzen dio maitasunaren gaiari, erremate bikain bezain ederraz amaitzeko. Aipatuko dudan hurrengoa, aldiz, erromantiko gisara edo bestela ere uler daiteke. Ene aburuz liburuko onenen artean dago, eta mezu baikorra edukitzeaz gain gaurkotasunari indarra ematen dio. Hipotesi baten modura hasten du bere azalpena baina berehala karga emozional txundigarriaz norberaren sen positiboenak berpizten ditu. Demagun…
“Demagun bihotza garaiezina dela / eta edozertarako erabil dezakegula. / Demagun ez dagoela zubirik handik hona. / Orduan, zer ardura dio helburu handiak dituenari / Edo ezelango handinahi barik ortuan dabilenari / bere memoriak irautea datozenengan… / bihotza garaiezina dela suposatu badugu?”
Maitasun negatibozko apurren bat izan dezakeen beste bat aipatuko nuke. Une batean Zapaldu ezik perfektua da maitasunaren lurra dio. Baina honek zer edo zer adierazten digu, maitasuna bizitzeko, benetan bizitzeko, lurra zapaldu behar dela; ondorioz, eta ia denok (egia ote?) lurra zapaltzen dugulako, ez dago maitasun perfekturik.
Gizakiaren galdera sakonak ere ezagun ditu, eta han hemenka ez dio muzin egiten hauek diren erronka gogorrari heldu gabe. Adibide gisa, denboraren arazoa lantzen duen poema bikaina. Hona hemen zati bat: “Zauri honek izena dauka, / denbora irteten zaio borborka. / Zauri honek izena dauka, / atzazkalekin irekitzen dut lantzean behin / ez dadin inoiz senda. / Ez dut ezagutzen gauzen zabalera.”
Haatik, gordintasunaren zantzuak jaurtikitzen dizkigu noizean behin. Ez du, ez, inolako erreparorik geure barruak gogor astintzeko etorkizuna erabat beltza ikusten badu ere. Eta honelaxe baieztatzen digu bere kezkak Etorkizuna beti da gezur barkaezina esaten digunean adibide bat jartzearren.
Ideien burrunba honetan, gogoeta filosofiko sakonen atala zaindua eta zaildua aurkeztuko digu. “Tartaloren eskumako begia” izenburupean asmatutakoa oso poema sakona da. Maisu lana iruditzen zait. Xume, soil eta sotila irudi dezakeen arren sekulako sakontasuna badu barne-gogoetan murgiltzeko, batez ere bere azken bi lerroak: “Ohean lo gaudela / erle gautar batek eztia egiten du guretzat / bihotza urratzen diguten oteak eurak baliatuz. / Izan ere, bizitza ez da dena, / askotan ez da garrantzitsuena ere izaten, / begira zenbat gauzak erabaki duten / ez izatea eta kito.”
Paradoxa existentzial modukoa agertuko da, “ez izatea” erabaki duten guztien izatea aldarrikatzen du. Euskal lema zahar hura gogoratuz, “izena duen guztia izana badu”, isilean antzekoa jaurtikiko digu zailtasuna kiribilduz. Areago ere joan doa ausardia handiz: izena eta izana edukitzeaz gain, “ez izatea”k ere izatea baduela aipatuz, horrela diren guztiak onartu eta ezagutu egiten ditu. Nork dio bada honelako erakustaldia ikusi ondoren Igor Estankonaren poesiaren atzean gogoetarik ez dagoela? Nork dio paisaia xume bezain sotilen atxikimendu eta deskribapen soila duen poesia dela?
Inola ere ez! Ausardiazko poesia gogoetatsua sumatzen dut nik hau guzti honen atzean; izengabearen bilaketa, izendatu ezin denaren gauzatzea, misterioaren araketa, ildo hauen jorraketa sumatzen da oro har, zuzenki zein zeharka planteaturik. Gogoeta, harridura, maitasuna, asaldaketa… Emozioak etengabean eta ezustekoak noizean behin, tantaka amiltzen dira orrialdeotara.
“Gurari bakar bat” izenburua duen poema ere oso ona da, ongi taxututa iruditu zait eta gogoetarako bidea ematen duena. Delfos-eko orakuluak zioena, “Ezagut ezazu zeure burua” gogorarazi dit. Harritu, zurtu eta leihotik kanpora dagoenaz gozatzea eta errealitatea arakatzera eramaten zaitu, zeure burua non eta nola dagoen aldez aurretik hausnartu ondoren.
Baina marko doratuaz apainduko nukeen poema “Eztabaida baten zatia” izenekoa da. Bertan ideia ugari aurkitzen ditugu. Poema honetan gizakien arteko eztabaidak islatzen saiatuko da. Gure herriaren egoera suma daiteke plano inplizitu batean, baina oro har, iritzi ezberdinen arteko taldeen aurrez aurreko jarrera, ezin ulertua, irtenbidea emango duen edabearen tanta hori erortzea eragotziko lukeen hitza esan gabe. Zergatik ez dugu elkar ulertzen? Zergatik ez gara konponbidera ahal bezain azkar iristen? “Baditugu gauzak amankomunean: / ahoko izarra eta / taupada batetik besterako tartean presarik hartzen ez duen / bihotzaren pazientzia”. Ez al dugu gure artean konpontzeko gaitasunik? Hau dena eta gehiago eztabaidagai direlarik, gordinki mahairatzen dizkigu zalantzak, galderak eta arazo benetan garrantzitsuak geure begien aurrera. Ezinezkoa al da belearen beltza urkiaren zurian pausagunea topatzea odolaren kutxa itxirik mantenduz?
Beste zenbait poemen ideietan filosofiaren oihartzuna aurkituko dugu. “Hiru dimentsiotara isiltasuna” poeman esate baterako isiltasunaren apologia egiten da, eta isiltasunaren hondarrean geratzen den bakarra erantzun mutua da. Erantzun honek ezer esaten ez duenez, ezin da berari buruz hitz egin. Eta hitz egin ezin daitekeenaz hobe ixiltzea. Beraz, erantzun isila, Igorrek dion moduan geratzen denaren barruan dago.
“Isiltasun zabalena / isiltasun luzeena / isiltasun sakonena / deiadar egin ostean / erantzunaren zain / geratzen denaren / barruan dago.”
Eta Platon eta haitzuloaren mitoa zaharberriturik lerrootara hurbildu zaizkigu: “Zabaldu begiak gauza onei zein txarrei / eta bereizketa horretatik kanpo hegan dabiltzan / gaueko tximeletei. / Haitzulo barruan edo beste egia horren arantzetan, / zabaldu begiak.”
Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula Igor Estankonaren poemek duten muin gogoetatsua aniztasunezko paisaien bilduma honetan, hitzen bidezko diaporama honetan.
“Hasiera” eta “Alderantziz” poemak oso azpimarragarriak dira, baina dagoeneko gehiegi luzatu naiz.
Era berean, klasikoei kliska berezi bat egitera ausartu da Igor Estankona. Ulisesi buruzko poema bat aurkitzen dugu. Ez ote da ba Ulises beraren izpiritua ipar latitudeetara doana hitzaren esanahi berrien bila? Ez ote da Ulises hau poesiazko zaldiaren bitartez hitzaren barrura sartzea lortu duen adimen ausarta? Nolanahi ere, Igorrek begiak handi eta zabalik ditu, Ulisesenak lez, eta munduaren ikuskera anitzak geureganatzen saiatu da.
Liburu aberatsa eta oso iradokigarria da, batez ere irakurlea kitzikatzeko eta asaldatzeko moduetan. Bere tia Luisari maitekiro eskainitako poeman, horrelako barne astinketak topa ditzakegu: “Begiek ikus ditzaketen muinoetan / egia ikustea ezinezkoa bihurtu da.”
Ez dio, dena den, etsipenari ateak zabal-zabalik uzten eta estoikotasunez eta estanko(na)tasunez argi izpi ñimiñoenari gogoz heltzen dio: “Badakit ez dudala leku hoberik aurkituko, / ez dagoela leku hoberik munduan / haizeak desegindako ohe heze hau baino / izarren azpian. Ilargia gaua irabiatzen.”
Baina oldoz dezagun patxadaz, ez delako gauza bera prestatzea edo patxadaz prestatzea, eta profita ditzagun poeta honek eskaintzen dizkigun pausagune eder bezain bikainak. Eta oldoztetan geure izatean barneraturik “egizu lo. Ilea laztanduko dizut gau luzeenean. / Goizean, izotzak hoztu ondoren, bigarrenez urtutako metal batez eginiko ezpata izango zara / nire eskuetan”.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres