kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Zulo bat uretan / Iñigo Aranbarri / Susa, 2008

Zulo bat uretan Itziar Madina / Beterriko Liburua, 2008-06

Laidoa zintzurretik goiti jalgi zait, gurguri gordin. Laster, bihotz hantuak ezin atxikizko malkoak mateleratu dizkit. Sartagudako fusilatuen emazte eta alabak mintzo, irratian. Juana Ardanaz Iñigo Aranbarriren lumak sortu pertsonaiaren duintasuna ezagutzen da haien ahotsa daldartietan. Haiek hilik ere, ez dituzue, ez gaituzue isilaraziko. Xurrutako ura hetsi dut, primaderako iturriko ur epela. Ezetz? Alta bada, laster mendea izanen da eta “hil zituztenek politika egiten dute orain”. Irratia itzali.

Korapilatzen zaizkit Juana eta Faustinoren biziak, patuak, Imanol, Esti, Karlos eta Maiterenekin batean. Iruñera noa etxetik higitu gabe eta Itoizko haranera, baita denboran gibelera. Ikusten ditut Juanaren begi zintzo bizinahituak. Haren seme gaixoa, laster umezurtza irudikatzen. Pairatzen ditut Karlosen ezin lo eginiko gauak eta amnesiarako, desterrurako gogoa. Ezen “mundua eta segundua” gurutzatzen direneko leherketan bailiteke jendeak indarge izatea. Eta ahuleziak irabaztea. Eta basakeriak, eta ezin sinetsizko izuak irabaztea, gupidatsu ankerrak, gu salbatzen gaituela. Maiuskulaz idatzitako historia minuskulaz bizitako askoren bilduma erraustua baita. Eta memoria? Memoriaren zamari buru egin ahal izatea ez da denei emana. Badago saiakeran oreka galdu eta erresuma ezezagunetan galdu denik, asko. Faustino ez dago horietan. Begi ximixtez eta borborka azalerazten zaion koleraz prest dago oraindik hobenduna erakusteko, zaintzen duen ilobak ez egitea nahiago balu ere. Normala funtsean, bizirik baitago, osasuntsu eta aberats, Biurrun jauna. Dirudienez, hura ere amnesiak hunkia.

Zulo bat uretan eleberriaren hariak sotilki josiak dira, ezusteko eta suspense gozagarria emanez, irakurleari sentimendu eta gertaera guztiak pilatzen zaizkiola, niri behintzat, halako tristezia orokorra utziz: izan zitekeena eta daukaguna zer urrun dauden! Baina fikzioa bada fikzio, Iñigo Aranbarri errealista da, begiak behar bezala ditu idekiak. “Alde hemendik! Ez dago ezer ikustekorik!”. Ez galdegin, ez dago ezer jakiterik. Ez, ura zula daitekeela bezain ezinezko da pentsatzea historiaren zorrak kita daitezkeela. Imanol eta Maite saiatzen badira ere, salbatu nahi zuten memoria hezur anonimo, hezur ilegalak baizik ez dira. Biurrun jauna ez zen Hans Langsdorff, bere soldaduen sarraskia baino hiltzea nahiago izan zuen agintari nazia. Biurrun jauna noren aldeko zen, badakigu. Eta haien ondokoek hezurrak ere urperatu nahi dituzte. Laidoa zintzurretik goiti jalgitzekoa zait, gordin. Iñigo Aranbarrik proposatzen duen hari askotako gogoetarekin gelditzen naiz.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak