kritiken hemeroteka

8.689 kritika

« | »

Gu bezalako heroiak / Iñaki Irasizabal / Elkar, 2009

Ahuleziak Beñat Sarasola / Berria, 2009-06-28

Iñaki Irasizabalen azkeneko nobelak, Mendaroko txokolatea-k, gurean halako oihartzuntxoa izan zuela esan daiteke. Kritika onak izateaz gain nahiko irakurria izan omen zen, eta hala, polizia nobela hori izan zen 2005eko liburu aipatuenetako bat. Orain, lau urteko isilunearen ostean Gu bezalako heroiak argitaratu berri du Elkar argitaletxearen eskutik, Ateko bandan sailean. Sail honetako hasierako tituluek apur bat despistatu bazezaketen ere, azkeneko emaitzak ikusita badirudi batez ere irakurle gazteei-eta zuzendutako saila dela honakoa, liburu irakurterrazak omen direnak, hasieratik harrapatzen zaituztenak, biziak eta abar. Behingoz, euskal literaturak behar zuena, antza denez.

Nire inozotasunean, alabaina, oraindik ez dut oso ondo ulertzen zer duten erakargarri eta hain gomendagarri beharrezkotzat jotzen diren gisa honetako liburu gehienek, eta Irasizabalen nobela berriarekin ere antzeko zerbait gertatu zaidala esango nuke.

Hogeita hiru urteko gazte bat, bere aitonak izandako zenbait suizidio saiakera ondoren, agurearen etxera bizitzera joaten da. Langabezian izaki, gazteak ez du beste inora bizitzera joateko sos lain, eta gainera horrela aitona babestuago egongo da senitarteko batekin. Gudari izandakoa da Simon zaharra eta bere alboan, gerraren inguruko kontuekiko jakin-mina pizten hasten zaio protagonistari. Aitonak, ordea, ez dio hitz erdirik esaten eta bere kabuz ikertzen hasten da, batez ere Bizkargiko batailaren inguruan. Bestetik, astero Ibai izeneko sei urteko semea duen neskalagunarekin —Paularekin— geratzen da, nahiz eta “Paula eta gure artekoa ere ez zihoan Gabonak baino lehen bezain ongi”. Istorioak hiru gune dituela esan daiteke: aitona, Paula eta Ariane —lehengusina historialaria—. Ezbairik gabe, hiruetan nagusia aitonarena da, eta istorioaren hiru ildoak nahiko independenteki garatzen dira, elkarloturarik apenas izan gabe. Deigarria egin zait ildo bakoitzaren ahulezia, eta batez ere Arianeren istorioak justifikazio narratiborik nekez duelakoan nago.

Azken batean, etsigarria egin zaidana nobelaren oinarrien funsgabetasuna izan da. Pasarte askoren sinesgarritasun eza (Ibaiekin mendira doanekoa adibidez), pertsonaia batzuen izaera karikaturazkoa (Ariane eta Hodei) edo egiantzekotasun falta (Markus), Gerra Zibila lantzeko modu azaleakoa… Markus, esaterako, Ibaien lagun mina da, tupustean nobelaren amaieran azaltzen dena, sei urtekoa bera ere, eta Disney World-i buruz ari dela, zer eta honakoa botatzen du “Oso traumatikoa izan zen… Nik uste dut hemendik hogei urtera ere bidaia haren ondorioak sufritzen jarraituko dudala… Galerak izugarriak izan ziren”. Sei urteko ume batek! (zentzu berean irakur daiteke Ibaiek egindako erreferentzia sexuala). Beste adibide bat ematearren, Hodeien lapurretaren pasarteak buru buztanik ez duela iruditu zait halaber.

Idazkera, bestalde, euskal literaturan nahiko arrakasta duen umeen idazkeraren sinpletasunera gerturatzen da sarritan, hainbeste ezen neurriz kanpoko inozotasunean erortzen baita ez gutxitan: “Aitona, beldurra pasatzen al da gerran?”.

Badakit jende asko biziki sumintzen dela ezaugarri hauetako liburuak gutxiesten direnean, kritika hauek snob batzuen apetak izango balira bezala. Ez naiz ni izango “goi-literatura” ez omen diren liburu guztiak sutara botako ditudana. Besterik da, haatik, aitzakia horrekin edozein modutako liburuak goraipatzea, eta oraindik okerragoa, literatura mengel hau euskal literaturaren etorkizun ezinbesteko gisa saltzea, bereziki gazte jendeari.

Azken kritikak

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Beste urte batez
Samira Azzam

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia

Aiora Sampedro

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak