kritiken hemeroteka

8.412 kritika

« | »

Zazpi etxe Frantzian / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2009

Zibilizazioaren izenean Estibalitz Ezkerra - Mari Jose Olaziregi / Gara, 2009-05-22

Istorioa in media res has zitekeen, igande goiz batean John Dunlop albaitari irlandarraren semeari bizikletako gurpila apurtu zitzaionean. Semearen begirada harritua lagun, pneumatikoa puztu eta gurpilak egiteko modu berria asmatu zuen Dunlop aitak, eta lantegi bat eraiki 1890erako. Handik ez oso urruti, Belgikan, Leopoldo II.a Kongoko bere koloniatan mendebaldeko ibilgailu modernoentzat funtsezkoa izango zen hornigaiaren ustiaketa, kautxuarena alegia, zuzentzen zebilen. Alabaina, bestelako irudi batekin abiarazten du Bernardo Atxagak bere azken eleberria, Zazpi etxe Frantzian (Pamiela, 2009). Lehenik eta behin, bi kontinente (Europa eta Afrika) eta zazpi hiri (Anberes, Brusela, Paris, Cap-Ferrat, Biarritz, Yangambi eta Kisangani) azaltzen dituen mapa eskaintzen digu jarraian irakurriko ditugun gertaeren kokalekua “ikus” dezagun, (inperioak) zerbait begiz jo / mapan kokatzearekin batera baitator jabetza, ideiena zein lekuena. Ariketa bisualaren ostean, narratzaileak hitzez azaltzen digu kontinente batetik bestera, Anberesetik Yangambiko postu militarrera jarraitu beharreko ibilbidea, Chrysostome Liègek 1903ko hasieran egin bezala. Helmuga, Yangambi, “munduko azken-azken lekua” ez dela esaten du narratzaileak, beste herrixka bati, Kinsanganari, dagokiolako ohore hori. Baina berehala gaineratzen du hori horrela izanda ere “oso urrun” dagoela Yangambi “edozein leku ezagunetatik”. Urruntasuna akuilu eta zurigarri izan du kolonialismoak hasieratik. Urruntasunak, ezezaguna dena bezala ulertua, piztu egiten ditu giza desirarik ilunenak; urruntasunak, ikusi/ jakin ezin edo ikusi/jakin nahi ez denaren sinonimotzat hartuta, eramangarriago egiten ditu jazoerarik krudelenak.

Chrysostome Liège Kongora iristen denerako, belgikarren erregeak urteak pasa ditu Afrikako hirugarren herrialderik handiena Zibilizazioaren eta Kristautasunaren izenean kolonizatzen. Halaxe saldu zien, behintzat, bere egitasmoa 1876an Bruselan antolatu zuen Geografia Biltzarrera bildutakoei. Marfilaren ustiaketatik kautxuarena dagoen ibilbide horretan, tamainaz txiki baina ospez handi izan ziren zenbait pertsona izan zituen Leopoldo II.ak bidaia lagun: besteak beste, “Dr. Livingstone, I presume” ezaguna bota zuen Henry Morton Stanley esploratzailea, metraileten laguntzaz hainbat beltz “zibilizatu” zituena, zein Leon Rom belgikarra, Matadiko barrutiko komisarioa eta Force Publiqueko buru izan zena, poeta eta margolaria, besteak beste. 1880. eta 1920. urte artean garbitu zituzten hamar milioi kongoarrek gogorki ordaindu zuten zibilizazio ekintza, ezbairik gabe.

Hainbat lekutan esan den bezala, hasiera (literario) berri bat izan nahi du Zazpi etxe Frantzian eleberriak Atxagarentzat. Orain artean bere obra narratiboaren bizkarrezur izan direnak, hala nola Obaba zein memoria historikoa baztertu, eta urrutiko leku eta garaietan kokatu du bere azken nobela. Hala ere, ezin esan Kongoren kolonizazioa literaturaren “leku” ezaguna ez denik. Conan Doylek gizateriaren aurkako krimentzat jo zuenetik, Kongoko gertaerek hainbat literatur lan inspiratu dituzte: Twain zein Gideren testu ezagunak edo kritika postkolonialaren garaiotan Chinua Achebek eta bestek auzitan jarri duten Joseph Conraden Heart of Darkness (1894) kanonikoa, besteak beste. Are gehiago, Heart of Darkness-en bertan Kurtzen ahotan jartzen den “Exterminate all the brutes” Europa kolonizatzailearen ideologia laburbiltzera datorren bezala, Kongo bera kolonialismoaren ondorioen sinbolo izatera igaro da. Finean, Morel, G. Washington Williams, Sheppard, Casement eta bestek Belgikako Leopoldo II.aren aurka salatutako basakeriak Espainiak Hego Amerikan, Alemaniak Namibian, Ameriketako Estatu Batuek Filipinetan zein Britainia Handiak Australian egindako sarraskiekin pareka genitzake. Conradek esan bezala, Europa osoak lagundu baitzuen Kurtz eraikitzen.

Hannah Arendt-ek bere The Origins of Totalitarianism (1951) ezagunean XX. mendeko Holokaustoaren hazia ikusi bazuen kolonizazio ekintza deitoragarrietan, basakeria horren intentsitatea azalduezina delako izan zen. Hain zuzen, Foucaultek azaldu bezala, XIX. mendearen erdialderako Mendebalde zibilizatuan desagertuak ziren zigor fisiko publikoak berrindartzen ditu uhin kolonialak. Zazpi etxe Frantzian eleberriarekin koska bat estuago egiten du Atxagak Kongoren kolonizazioaz aritzeko garaian, eta XXI. mendeari dagokion narrazioa eskaintzen du. Irakurleari ez zaizkio oharkabean pasako nobelan aipatzen diren eskuen anputazioak, chicottearen erabilera basatia, bortxaketa eta hilketa masiboak, hots, Chrysostomek “salbai” deritzen horien erabateko suntsipena. Baina drama hori guztia kontatzeko, distantzia eta ironia, kontakizunaren dramatismoa uxatzen duten metafora harrigarri/irrigarriak darabiltza Atxagaren narratzaileak. Horren adibideetako bat genuke ofizialen Club Royalaren bera, irla bat Yagambin, locus amoenus atsegin bezala deskribatua. Bertako fumoir, caprice, anisette? goxoek kolonizatzaileen malenkoniak ase ez ezik, chicottea erabiltzen paregabe diren horiek “klasea” ere badutela agerian uzten dute. Gaga, disparatea, metaforaren etorkizun logikoa Barthesen aburuz, deskribaezinaren dramatik urruntzeko ezinbestekoa bilakatu zaigu. Disparatearen logika horren barruan kokatu beharko genuke nobelaren beraren egitura. Zazpi etxe Frantzian abentura nobelarekin parekatuko du batek baino gehiagok, baina abentura nobelaren bilakaera modernoa baino gehiago haren parodia dugu Atxagaren lana. Abentura-nobela tresna ideologiko eraginkorra izan zen kolonialismoarentzat ekintza deitoragarri askoak goratzen lagundu zuelako. Besteren lurrak indarrez hartzea ederragoa baita abenturaren izenean egiten denean. Zazpi etxe Frantzian-ek, ordea, ez du ideologia horrekin bat egiten; aitzitik, hari erantzun egiten dio, modu zuhurrean erantzun ere: haren kodeak erabiltzen ditu baina puztuta, “normaltzat” edo “jatorrizkotzat” jotzen den hori irrigarri utziz eta, ondorioz, haren faltsutasuna agerian lagata. Judith Butlerrek azaldu bezala, barrearen bidez pentsamendu hegemonikoa (kasu honetan koloniala) eteteko gai delako datorkio parodiari indarra, ez beste ezergatik. Zazpi etxe Frantzian-en kasuan, Mendebaldean gizatasunaz dugun ideiaren gainean gogoeta egitera ere bultzatzen gaitu.

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak