kritiken hemeroteka

7.357 kritika

Azken kritikak

« | »

Batxilerren eguna / Franz Werfel (Juan Luis Agirre) / Igela, 2008

Erru baten istorioa Beñat Sarasola / Berria, 2009-04-05

Franz Werfel XX. mendeko lehen erdiko Europako giro gatazkatsua ongi aski ezagutu zuten horietakoa da. Pragan jaioa 1880an, intelektualitate judu emankorraren parte izan zen, besteak beste, Franz Kafkaren kide eta Gustav Mahler-en alargunaren (Alma Schlinder) senar. Beste judu asko bezalaxe, Europatik hanka egin behar izan zuen 1938an, naziek Austria beretu ostean. Ameriketako Estatu Batuetara ihes egin, eta han zendu zen, 1945an.

Batxilerren eguna 1928an eman zen argitara, eta nerabeen arteko istorio bat kontatzen du. Ernst Sebastian, liburuko protagonista, instrukzio epaile “txit modernoa” da Austrian, zuzenbidea gizatasunez ulertzen duena, epaile inkisidoreak gustatzen ez zaizkiona. Klementine Feichtinger prostitutaren hilketa kasua du eskuartean, zeinetako akusatu nagusia Franz Joseph Adler izeneko morroia den. Era berean, San Nikolaus lizeoko kide batzuekin 25. urteurreneko afarira joatea egokitzen zaio. Han ikusten ditu Burda, Schulhof, Ressl, Komarek… ikaskide zaharrak eta absentzien artean Franz Adler dago. Behialako kontuak elkarri kontari, Adler ikusi berri duela jakinarazten du Sebastianek. Gertaera hauek Sebastian iraganera begira jartzen dute, eta halaxe idazten ditu afaritik bueltan, gau bakarrean, garai haietako nondik norakoak, batez ere Adlerri dagozkionak. Idazki hori da liburuaren erdigunea, eta baita espazio gehien hartzen duena ere. Sebastian, testu horretan, Adler hiltzaile izaten amaitzera eramaten duten arrazoiak arakatzen saiatzen da haren haurtzaroan, berarekin gauzatutako bihurrikeria eta ekintza erreboltarietan, eta azkenean, halako erruduntasun sentimendu bat izango du bere baitan. Bera da Adlerren patu makurraren erantzule nagusia, eta hogeita bost urte beranduago (horrelakoa ei da bizitza), bere lagun zaharra epaitu beharrean egongo da.

Nobelak, gisa honetan, Europako garai horretako giroa ezagutzeko parada ederra eskaintzen digu. Gizarte ezin lehiakorrago bat azaltzen zaigu, non bakoitzaren estatus soziala beste ezeren gainetik gorde behar den gauza baita. Harrokeria eta bekaizkeriaz, albokoa baino gehiago izate horretan lanak hartuta dagoen jendea ikusten da liburu guztian zehar. “Neu ere erabat eskrupulu gabea naiz”, aitortzen dio pertsonaia batek besteari momentu batean. Labur esanda, halako darwinismo soziala sumatzen da etengabe, eta baita beste zenbait kontu aipagarri ere; besteren artean, antisemitismo zantzuak (Adler judua da).

Baina paraleloki, mendebaldeko tradizio humanistaren presentzia deigarria egiten da. Garai hartako hezkuntzan erabat errotuak ikusten dira, esaterako, poesia, filosofia, antzerkia, idazketa eta latina. Nerabeek beren kabuz antzerki elkarte bat osatzen dute, poesia emanaldiak antolatu, filosofiaz eztabaidatu. Kultur maila ikaragarriko heziketa jasotzen dute Sebastian, Adler eta konpainiak. Ez dezagun ahantz Viena zela XX. mende hasierako Europako kapital kulturala, Parisen beraren gainetik seguruenik, eta, dudarik gabe, gizarte kultu haren isla aurkitzen dugu kontakizun honetan.

Theodor Adorno filosofoaren hausnarketak ekartzen dizkigu gogora austriar gizartearen erretratu honek. Gizarte ezin kultu eta jakintzaz beteagoa, eta aldi berean, balio moral miserableenek gobernatzen dutena. Arrazoia eta barbaritatea, ilustrazioa eta genozidioa eskutik helduta doazela erakusten digu XX. mendearen historiak. Ez da harritzekoa, hortaz, morala, justizia eta zuzenbidea izatea liburu honetako hausnarketa gai funtsezkoenak. Zein da akusatuaren eta epailearen arteko aldea? Errudun eta errugabearena?

Azken kritikak

Etxeak eta hilobiak
Bernardo Atxaga

Joannes Jauregi

Iraganaren izterrak
Gorka Salces Alcalde

Aiora Sampedro

Analfabetoa
Iñigo Astiz

Alex Uriarte

Hezurren erretura
Miren Agur Meabe

Estibalitz Ezkerra

Kontrako eztarritik
Uxue Alberdi

Javier Rojo

Irautera
Castillo Suarez

Irati Majuelo

Txikiaren handitasuna literaturan
Mariasun Landa

Amaia Alvarez Uria

Itsas bizimina
Pello Otxoteko

Hasier Rekondo

Bertsoak
Juan Mari Lekuona

Javier Rojo

Basa
Miren Amuriza

Txema Arinas

Maitasun keinu bat besterik ez
Hasier Arraiz

Ibai Atutxa Ordeñana

Auschwitzeko tatuatzailea
Heather Morris

Joannes Jauregi

Diplomatikoa
Machado de Assis

Aiora Sampedro

Enarak itzuli dira
Gari Berasaluze

Igor Estankona

Artxiboa

Urria 2019

Iraila 2019

Abuztua 2019

Uztaila 2019

Ekaina 2019

Maiatza 2019

Apirila 2019

Martxoa 2019

Otsaila 2019

Urtarrila 2019

Abendua 2018

Azaroa 2018

Hedabideak